MENDIA. Respomuso neguan irekiko dute, elurbizien aurkako babesarekin

Euskal Mendizale Federazioak kezka agertu du, inguruan ohiko diren elur-jausiengatik jazotako istripuak ugaritu daitezkeelakoan

mikel p ansa
2010eko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Respomusoko aterpeko guardak ez daude lasai, baina Aragoiko Gobernuak (Espainia) hartua du erabakia, eta neguan ere zabaldu egin beharko dute mendiko aterpea. FAM Aragoiko Mendi Federazioaren irizpidea da aterpeak neguan ere irekitzea, Pirinioetako eta Alpeetako aterpeetan ohikoa ez den arren -neguan aterpeak itxi ohi dituzte guardek, mendizaleentzako estalpeak irekita utzirik-. FAMen arabera, udan egindako diruarekin, neguan zerbitzua ematen jarraitu behar dute aterpeek. Izan ere, haien zerbitzua ez da ohea eta jana ematea bakarrik, FAMeko kideentzat; informazioa lehen eskutik eman behar dute, baita segurtasuna ziurtatu ere. Eguraldiari eta elurraren egoerari buruzko datuak biltzeko zerbitzu ere badira, bestalde, aterpeak.

Respomusoko inguruetan bada arrazoirik horretarako. Elurbiziak gertatu ohi dira ia urtero, eta mendizale ugarik izan dituzte istripuak paraje hartan -asteartean bete ziren hamabost urte, hain justu, Santutxuko sei mendizale aterpetik jaisten ari zirela hil zirenetik-. 2001az geroztik neguan itxita egon da Respomusoko aterpea. Urte hartan elurbizi handiak izan ziren, aterpea bera ere azpian hartu zutenak. Aragoiko Gobernuak egitura bat erantsi dio aterpeari, 467.000 euroko gastua izan duena, eta babes neurri nahikoa delakoan, aurrerantzean irekitzea onartu du. Gabonetan itxita eduki dute aterpea, baina jaiegunak igaro ostean irekitzekoa da.

Antxo Burciok, Euskal Mendizale Federazioko zuzendari teknikoak, oroitarazi du Frantziako eta Alpeen inguruko herrialdeetako joera bestelakoa dela. «Zentzudun jokatuz eta mendian neguan izan behar diren segurtasun arau oinarrizkoak» aintzat hartuz, itxi egiten dituzte aterpeak neguan. Helburua da mendizaleek ez izatea segurtasun irudi oker bat, eta aterpeetako segurtasuna ere bermatzea.

Babes egitura berria

Respomusoko aterpea bera aski babestua ote dagoen, ez dago argi. Burcioren esanetan, aterpea neguan irekitzea «presaka» erabaki dute «ingurua ezagutzen ez duten pertsonek». Aterpeko guardek ere agertu diote kezka hori El Diario del Alto Aragón egunkariari. Zalantzak dituzte, oraindik ezin izan baitute babes egitura probatu. «Itxaron zitekeen negu bat, elurbizien aurkako sistemaren segurtasuna probatzeko, eraikinean inor egon gabe», David Abajo guardaren hitzetan.

«Duela zenbait urte irekita egon zen Respomuso aterpea neguan, eta ondorioak oso larriak izan ziren; aterpera iristeko bidean, hainbat pertsona hil dira elurbilduengatik», ohartarazi du Burciok. Aterpearen beraren segurtasuna kontu bat dela, alegia, baina arazo handiena hara iristeko bidean dagoela. Respomusoko bidean zortzi lagun hil dira elurbilduengatik -Aragoiko Pirinioetan 52 lagun hil dira elur-jausiengatik, 1980. eta 2008. urteen artean-. Respomusorako ohiko bidea da, Paso del Onso delakoa,arrisku biziena duena. Malda pikoan doa, malkarraren gainetik, elurra pilatzen da, eta erraz jausliteke. FAMek aholkatu du, Respomusora joanez gero, Musalesko lepotik doan bidea erabiltzeko neguan. Bidea luzeagoa da, eta 250 metro gorago igo behar da. Bide horretan ibiltzeko mendian zaildua behar dela egon ohartarazi dute, nolanahi ere, Respomusoko guardek. «Hona heltzea neguan arriskutsua izateaz gainera, nekagarria ere bada», Abajok dioenez.

Aterpea neguan irekita baldin badago, ingurura jende gehiago joango ote den, ez dago argi. Burciok itxaropena du ez dela mendizale kopurua handituko: «Pentsatu nahi dut erabiltzaileak zentzudunak direla, eta ez direla sartuko eremu horretan, elurbiziak sortzeko arriskua dagoenean». Burciok behintzat ez lioke inori aholkatuko neguan Respomuso inguruetara joatea. Arrisku gutxiagoko eta garaiera txikiagoko aterpeetara bidaliko luke jendea.

Bisitari gutxi neguan

Azaroan 55 lagunek hartu dute ostatu Respomusoko aterpean, eta abenduan hamabi bakarrik igo dira; urtarrilerako ez du inork lekua hartu oraindik. FAMek ez du uste neguan aterpea irekitzeak jende gehiago erakarriko duenik. Aterpeko guardek bestelako iritzia dute, ordea: «Ulertzen dugu federazioaren logika, eta harekin bat gatoz, gainera: badira neguan inguru honetara igotzen diren mendizaleak, eta gure betebeharra da haiei segurtasuna eta zerbitzu publikoa ematea; baina uste dugu erabaki honek, ezinbestean, mendizaleak erakarriko dituela, eta horrek istripu kopurua handituko du». Burcioren iritzia tartean dago: «Ez du ematen erabiltzaile kopuruak gora egingo duenik neguan; beste kontu bat izango da denboraldiak aurrera egin ahala, edo Aste Santuan».

Neguan irekita egoteagatik sortzen diren gastuak dira guardek begien aurrean duten beste arazo bat. Bisitari kopuru urriaren ondorioz galera handia izan ditzaketela azaldu dute.





Aragoiko Pirinioetako elurbizi handiak

Candanchu, 1985. Elur-jausi batek sei lagun hil zituen.

Astun, 1991. Lau hildako eragin zituen elurbildu batek.

Tuca Blanca de Paderna, 1991. Mendian ariketak egiten ari ziren militarrak harrapatu zituen elurbiziak, eta haietako bederatzi hil zituen.

Astun, 1994. Elurbizi batek bakartuta eduki zituen 105 mendizale eta langile.

Respomuso, 1995. Aterpetik jaisten ari zirela, sei euskal herritar harrapatu eta hil zituen elurbildu batek.

Goriz, 1996. Aterpean 37 egunez bakartuta egon zen mendizale bat.

Linza eta Zuriza, 1997. Elurbilduak harrapatuta, 26 lagun egon ziren irten ezinik.

Hospital de Benasque, 1997. 75 lagun egon ziren bakartuta elurbiziarengatik.

Respomuso, 2000. Bi lagun hil ziren aterperako bidean.

Garmo Negro, 2001. Hamabi lagun harrapatu eta zauritu zituen elurbiziak.

Bachimaña, 2004. Bi mendizale hil ziren.

Canal Roya, 2005. Lepoan, bi mendizale hil ziren.

Formigal, 2007. Hiru mendizale hil ziren elur-jausiagatik.

Llanos del Hospital, 2008. Mendizale bat hil zen.

Hospital de Benasque, 2009. 69 lagun bakartuta gelditu ziren.





Elurbizietatik babesteko

Iragarpenak aztertu. Mendiratu aurretik, begiratu eguraldi eta elur iragarpenak. Arrisku indizea 3 baino handiagoa bada, ez irteteko aholkua eman ohi dute.

Informazioa eman. Komeni da informazioa ematea, irteera nora egingo den, eta bakarrik ez joatea.

Prestaketa. Ibilbidea, iraupena, jatekoak eta biderako materiala prestatu.

Tresneria. Elurbiziak harrapatuz gero ere, beharrezko diren tresnak hartu: bilaketak egiteko ARVAk eta palak, adibidez.

Azti ibili. Beroarekin, arriskua handitu egiten da. Malda biziak saihestu.

Elurbiziak harrapatuz gero. Ahoa itxi, elurrez ez betetzeko; heldulekuren bat bilatzen saiatu eta, topatu ezean, elurbiziaren gainean egoten saiatu; eskiak soinetikkendu.





Zer dira elur-jausiak?

Elur geruza bat maldan behera erortzen denean sortzen dira elur-jausiak. Bi eratakoak izan litezke, azalekoak edo hondokoak (elur masa guztia higitzen denean), eta bost gradutan sailkatzen dira, arriskuaren arabera, 1etik 5era. Beroak eragin ditzake, esaterako. Malda handietan, edo irristatzeko errazagoetan ere sortzen dira.





@sarean

Neguan mendira joan aurretik komeni da eguraldiaren iragarpena eta elurraren egoera nolakoa den ondo begiratzea, ondoko webguneetan, esaterako:

www.inm.es.

www.meteocat.com.

www.icc.es.

www.meteofrance.com.



Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.