Mendia emakumea da, eta jada, sei seme-alaba gehiago ditu altzoan». Bilboko Santutxu auzoko Karmelo ikastolako irakasle batek 1995ean esandako hitzak dira, Huescako Pirinioetan (Espainia) zendutako sei gazteren omenez. Ikerne Martitegi, Arrizen Gonzalez, Ezker Aldai, Mikel Epelde, Ibai Garai eta Asier Gorrotxategi Santutxuko sei izarrak dira urte hartako urtarrilaren 6tik. Atzo hamabost urte bete ziren elurbizi batek eraman zituenetik.
Sei gazteak Gabonetako oporrak igarotzera joanak ziren Pirinioetara, Tena ibarrera. Auzoko beste lagun batzuekin, Sallent de Gallego herriko Respomuso aterpetxean hartu zuten ostatu; Errege Egunean Frondiellas tontorraren magalean behera abiatu ziren, baina bidean elur-jausi batek harrapatu zituen. 17 eta 23 urte bitartean zituzten sei lagunek.
«Arratsaldean Pirinioetatik deika hasi ziren, gazteak ez zirelako iristen», gogora ekarri du Joseba Basterrak, Santutxuko Mendizale Taldeko kideak. «Salbamendu taldea antolatu zen, eta auzotik mendizale arituak joan ziren hara, laguntzera, familiekin batera». Ibon Urizarrek koadrilakoak zituen hildakoak; Pirinioetara joateko indarrik bildu ez zuela oroitzen du: «Itzuli ez zirela esan zidatenean, mendia ezagututa, txarrena pentsatu nuen, baina jendeak bazuen esperantza».
Urtarrilaren 10ean aurkitu zituzten Martitegi, Aldai, Gonzalez eta Garairen gorpuak; Epelderen eta Gorrotxategiren hilotzak topatzeko lanek, ordea, hiruzpalau hilabete iraun zuten. Santutxun kolpe latza ekarri zuen gazteen heriotzak: auzoan errotuta zeuden, mendi taldean ezagunak ziren... «Lagun taldean gazteak ginen, eta heriotzarekiko harremanik ez genuen gehienok. Hura ulertzea oso zaila izan zen, baina babes izugarria sentitu genuen», dio Urizarrek. Izan ere, elkartasun mugimendu handia sortu zen auzoan, hileta elizkizunei buruzko kronikek irudikatzen dutenez: auzoko dendak eta tabernak itxita, xingola beltzak zituzten ikurrinak balkoietan, milaka lagun kalean, zirkulazioa moztuta...
«Santutxuko euskal komunitatea oso batuta dago, oso harreman sare sendoa du», azaldu du Urizarrek; «une hartan izugarrizko indarrarekin bildu zen jendea. Oraindik harrituta nauka». Auzoko Iturriaga kalean lorategia egin zuten hildakoen omenez, eta ordutik, urtarril guztietan Sei Izar mendi irteera egiten dute auzokideek.
Arriskua saihestu ezinik
Respomuso aterpetxeko zaintzaileak arduragabe jokatzea egotzi zien gazteei, eguraldi txarrarekin atera zirelako, baina mendizale taldeak, lagunek eta sendiek zorte txarra izan zutela esan dute beti. Joseba Basterraren hitzetan, «mendian, batzuetan posible da arriskuak saihestea, eta beste batzuetan, ez. Sei gazteen aurretik zihoazen beste bizpahiru mendizale toki beretik jaitsi ziren, eta ez zitzaien ezer gertatu».
Ibon Urizarrek dio hildakoak mendian trebatuak zirela, «22 urterekin izan zaitezkeen beste». Pirinioetan eta Alpeetan ibilia zen haiekin, «baina tokia ezagutzen duenak badaki ez dagoela ihesbiderik: elurbizi batek harrapatuz gero, ez dago aukerarik».
MENDIA. Santutxuko sei izarrak
Hamabost urte bete dira Respomusoko aterpean ostatu hartutako Bilboko sei gazte Pirinioetan hil zirenetik, elur-jausi baten ondorioz. Santutxun elkartasunez erantzun zioten heriotzen kolpeari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu