Bikotekidearen urratsei segika hasi zen Saioa Olite (Donostia, 1976) mendiko duatloietan. Lana, familia eta kirola uztartzea ez omen da erraza, baina mendiko probetan aurkitzen duen «giroak» erakarrita, lasterketetan parte hartzen segitzen du, ahal duen neurrian. Iaz berak irabazi zuen Euskal Herriko zirkuitua, eta aurten ere bide onetik doa: hiru probatik bitan izan da nagusi.
Noiz eta nola hasi zinen mendiko duatloietan?
2009an hasi nintzen, bikotekidea ere ibiltzen zelako. Probatu, eta asko gustatu zitzaidanez, ahal dudan neurrian, parte hartzen segitzen dut.
Nolako probak dira mendiko duatloiak?
Gogorrak! Euskal Herrian ez dakigu ordeka zer den, eta antolatzen diren proba guztietan aldapak baino ez daude, goraka nahiz beheraka [barrez]. Espainiako probekin, esaterako, ez daukate inolako zerikusirik, haiek lauak dira, eta hemengoak askoz gogorragoak, baina askoz politagoak ere bai, nire ustez.
Nola entrenatzen zara?
Egia esan, entrenamendu kontuan ez naiz eredu [barrez]. Ez daukat plangintza zehatzik, daukadan denboraren arabera aritzen naizelako. Lanaz gain, bi urteko semea ere badaukat, eta ezin naiz nahi beste entrenatu. Hala ere, astean bi edo hiru saio egiten saiatzen naiz korrika, horietako bat mendian. Bizikletan, berriz, behin baino ez naiz ateratzen. Gimnasio batean spinning eskolak ematen ditudanez, horrekin osatzen dut prestaketa.
Nolako ibilbideak gustatzen zaizkizu?
Korrika, zirkuitu azkarretan hobeto moldatzen naiz, aldapatsu eta teknikoetan baino. Igoerak gustatzen zaizkit, baina egingarriak direnak [barrez]. Bizikletan, berriz, ibilbide aldapatsu baina jaitsiera errazekoak nahiago. Ibilbide teknikoetarako ez naiz trebea, baina halakoak suertatzen direnean, polikiago joan, eta kito.
Iaz zuk irabazi zenuen Euskal Herriko zirkuitua, eta aurten, jokatu diren hiru probetatik bi irabazi dituzu.
Iaz hamar proba izan ziren, eta oso-oso nekatuta amaitu nuen zirkuitua. Horregatik, aurten lasaiago hartzea erabaki dut: astetik astera nola nagoen ikusi, eta horren arabera arituko naiz. Eguradiak, lesioek, nekeak... denak baitauka eragina. Aurten, gainera, hamahiru proba dira jarraian, iaz baino gehiago, eta ez dakit denak egin ahal izango ditudan. Ondo hasi ditut probak, bai, pozik nago, baina helburua ez da zirkuitua irabaztea.
Mendiko lasterketetan bezala, mendiko duatloietan ere gero eta jende gehiago biltzen da. Zergatik?
Euskal Herriko paraje bikainek asko errazten dute kirola eta natura lotzea, eta gero eta jende gehiago animatzen da mendian kirola egitera. Bestalde, mendiko duatloietan, zehazki, ia edonork har dezake parte, eta lasterketetan maila askotako korrikalariak biltzen gara. Ibilbidea zirkularra izateak ere badauka alde on bat, leku beretik behin baino gehiagotan igarotzen garenez, lagunak eta senideak askotan ikusten ditugu, eta haiek ere asko gozatzen dute. Giro aparta sortzen da!
Kritikak ere sarri-sarri entzuten dira, ordea: zenbat eta jende eta proba gehiago mendian, kalte handiagoa naturari.
Nik ez dut hori uste; egia da badagoela mendia errespetatzen ez duen jendea, baina horiek ez dute ezer errespetatzen; ez mendia, ez kaleak, ez hondartzak... Mendiko probetan parte hartzen duten kirolariek mendia eta natura maite dituzte eta, ondorioz, zaintzen saiatzen dira. Are gehiago, halako probetarako mendiko bideak garbitu egiten dira, eta hori lagungarria da gerora besteak ere bide horietan erosoago ibil daitezen.
Antolatzaileek esan digute oso emakume gutxi izaten zaretela. Zergatik?
Probatu arte, mendiko duatloiak oso gogorrak eta zailak iruditzen zaizkigu, eta emakumeoi are gehiago. Ni neu hasi nintzenean, bukatzea zen helburu bakarra. Oraindik ere oso emakume gutxi biltzen gara, baina oso ongi zaintzen gaituzte. Kirolari herrikoi askok hartzen dute parte, eta oso giro sanoa sortzen da. Horregatik, emakumeak parte hartzera animatu nahi ditut, ondo pasatzea beste helbururik gabe. Probatuz gero, baietz errepikatu!
Saioa Olite. Mendiko duatloien 2013ko zirkuituko irabazlea
«Mendiko duatloietan parte hartzera animatu nahi ditut emakumeak»
Probatzeko hasi zen, 2009an, eta gaur egun zirkuituko erreferentzia nagusietako bat da. Iaz irabazi egin zuen, baina oso nekatuta amaitu zuen. Aurten lasaiago ari da, asteko gorputzaldiaren arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu