Espainiako Liga. Euskal taldeak: Osasuna. Patxi Puñal. Osasunako jokalaria

«Mendilibarrek badaki zer diren hemengo futbola eta Osasunaren ideologia»

Osasunan jokatuko duen hamabigarren denboraldia hasteko irrikan dago kapitaina, eta oso pozik dago taldeak osatu duen multzoarekin. Halere, greba egiteko arrazoiak badaudela nabarmendu du.

LANDER F. ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Iruñea
2011ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Etxeko jokalaria da Patxi Puñal (Uharte, Nafarroa, 1975). Osasunako kapitaina eta Taxoareko produktua. Arazorik gabe onartzen du lan horren ardura. Kontent da denboraldi-aurreko lanarekin, eta aurreko sasoiko azken unera arteko sufrimenduak atzean utzi nahi ditu, behin betiko.

Zer moduz denboraldi-aurrea?

Ongi. Lesioekin arazorik ez dugu izan. Jokatu ditugun partidetan nahiko emaitza onak lortu ditugu, gainera. Ez dira emaitza esanguratsuak, denboraldi-aurrea ez baita Liga, baina gauzak ongi egin nahi ditugu, eta emaitza onak lortzeak laguntzen du.

Zuk nola ikusten duzu taldea?

Hagitz ongi. Etorri diren jokalari guztiekin kontent nago. Taldea osatzeko gaitasuna duen jendea da, beren aurreko taldeetan jokalari garrantzitsuak izan dira denak eta, batez ere, hagitz langileak dira. Taldearen lanari ematen diote garrantzia, eta, ondorioz, ziur naiz Osasunari mesede handia eginen diotela.

Mendilibar aurreko sasoiaren erdian ailegatu zen Iruñera. Denboraldi honetan gehiago sumatuko da haren arrastoa?

Aurreko entrenatzailea kargutik kendu zutelako etorri zen Mendilibar, eta halako egoerak ez dira errazak. Etortzen denak bere ideia eta lan egiteko modu guztiak ezarri nahi ditu talde berrian, baina denboraren aurka aritzen da. Gu kontent gara entrenatzaileak egin zuen lanarekin. Aldaketa handia sumatu genuen. Kontent gaude haren lan egiteko moduarekin, eta espero dugu denboraldi honetan modu askoz ere garbiagoan erakutsiko dituela taldeak Mendilibarren ideiak.

Camacho baino egokiagoa da Osasunarentzat?

Uste dut hemengo futbola zer den badakiela, ezagutzen duela Osasunaren ideologia. Osasunarekin bat egiten duela iruditzen zait. Ez du Osasuna zer den ulertu behar izan, Osasuna zer den bazekielako etorri zenean.

Helburua, mailari eustea?

Bai, zalantzarik gabe. Ez dago bertzerik, Liga nola dagoen kontuan hartuta. Azken urteotan Madrilen eta Bartzelonaren artean egon da lehia txapeldun izateko. Bertze bospasei talde badira UEFA eta Txapeldunen Ligako tokiak lortzeko lehiatzen, eta gainontzeko taldeontzat gutxi gelditzen da. Jaisteko postuei ihes egiteko edo goiko postuekin bat egiteko lehian ariko ote garen xehetasunek erabakiko dute.

Nola hartzen duzu hain ezberdintasun nabarmenak dituen liga batean aritzea?

Onartu behar duzu zein den zure rola, non egon gaitezkeen eta zer lortzeko lehiatzen ahal garen. Argi dago goiko postuetan diren taldeek hor egoteko gaitasuna duten jokalariak dituztela. Inori ez diote deus oparitzen, baina tristea da Liga horrelakoa izatea.

Azken sasoietan sufritzea egokitu zaizue zuei. Zer ikasi duzue?

Gogortu egiten zaituzte halakoek, eta indarra ematen dizute gauzak bertze modu batera egiteko. Ongi dakigulako denok zer dagoen jokoan. Ez dugu hainbertze sufritu nahi, argi dago.

Kapitaina zara. Halako egoera batean pisu handia du ardura horrek?

Tentsio handiko uneak izaten dira, hagitz une bereziak, eta zaila da azaltzea halakoetan zer sentitzen duzun. Tentsioa da nagusi. Gauzak azkenean ongi ateratzen badira, sentitzen duzun poza ikaragarria da. Hori da, nire ustez, futbolaren xarma, ez dagoela erdibiderik. Zoriontsu zara eta mundu guztiak zurekin bat egiten du, edo, bertzela, etsipenak hartzen zaitu zu, bai eta zaleak ere.

Hasieran bezainbertze betetzen zaitu futbolak?

Bai, zalantzarik gabe. Goizero gogoz eta ilusioz etortzen naiz entrenamendu saiora. Eta egunen batean saio txarra ateratzen bazait,hurrengo egunean saiorik onena egiteko asmoz etortzen naiz. Igandero zelaian sartzea berezia da, pentsatzen baituzu azkeneko aldia izan daitekeela. Horrek hunkitzen nau.

Erretiroak kezkatzen zaitu?

Ez dut pentsatu nahi. Futbola utzi eta gero zer egin dezakedan ere ez dut pentsatu nahi. Baina, bai, tarteka burutik pasatzen zait erretiroa hartzeko momentu hori. 35 urte ditut. Pentsatu nahi ez badut ere, ordu hori hurbil dago. Horregatik une bakoitza gozatzen saiatzen naiz.

Oraindik ez zaude uzteko prest?

Ez, ez, inondik inora ez. Baina ziur naiz unea ailegatzen denean ilusioz hartuko dudala; bizitzako bertze etapa bat izanen da.

Greba izanen al da?

Gauzak konpontzea nahiko nuke, baina uste dut distantzia handiegia dagoela jokalarien eta Ligako arduradunen jarreren artean.

Greba egiteko arrazoiak badira?

Bai. Gu jokatzeko gogoz gara, baina uste dugu beharrezkoa dela egoera konpontzea. Gero eta futbolari gehiago dago soldata jasotzen ez duena. Gauza anitz onartu dugu, baina inoiz baino batuago gaude. Indartsu sentitzen gara, eta gutxienez oinarrizko kontuak konpontzeko ordua da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.