Jose Luis Mendilibar Eibarren ez balego, Ivan Alejok ziurrenik ez zuen fitxatuko Gipuzkoako taldearekin. Jokalariak berak aitortu zuen atzo bere aurkezpenean Zaldibarko entrenatzailea Eibarren egotea izan dela arrazoi nagusia klubarekin sinatzeko. «Mendilibarren esanetara lan egin nahi dudalako etorri naiz Eibarrera. Valladolidekoa naiz, eta hiriko taldearen jarraitzailea, eta badakit Mendilibar han aritu zenean lan ona egin zuela. Ospea daukan entrenatzailea da, eta banuen harekin lan egiteko gogoa».
Mendilibarren aginduetara entrenatzeaz gain, Eibarrek hura fitxatzeko izandako interesa ere erabakigarria izan da 22 urteko eskuin hegaleko erdilari espainiarrak Eibarrekin lau sasoirako fitxa dezan. «Garagarza izan zen nirekin harremanetan jarri zen lehena, eta eman zizkidan arrazoiek konbentzitu egin ninduten. Beste eskaintza batzuk nituen, baina argi nuen Eibarrera etorri nahi nuela. Ni fitxatzeko interes handiena jarri duen taldea izan da».
Atletico Madril B-n hasi, Vila-real B-ra joan, eta Alcorconen oso maila ona eman duen jokalariak ez dio beldurrik taldean izango duen lehiakortasunari. «Ilusio handiz fitxatu dut. Lan egitera eta lehiatzera nator. Badakit oso jokalari onak daudela taldean: Pedro Leon, Ruben Peña, Bebe eta Inui, besteak beste. Espero dut hemen hazten jarraitzea. Oso talde ona da Eibar. Oso sasoi ona egin du. Badakit lehia handia egongo dela hamaikakoan toki bat lortzeko, baina barruan dudan guztia emango dut».
Ivan Alejo da Eibarrek orain arte egin duen fitxaketa bakarra. Gaur-gaurkoz, 20 jokalari ditu taldeak. Gutxienez, beste lau jokalari fitxatuko ditu: bi erdiko atzelari, ezker hegaleko atzelari bat eta aurrelari bat.
Garagarza, gustura Eibarren
Nahiz eta oraindik ez duen kontratua berritu, Fran Garagarza ari da datorren sasoirako taldea osatzen. Horren harira, Amaia Gorostiza presidenteak atzo esan zuen kirol zuzendariarekin ari direla hitz egiten, eta ez dela arazorik izango tratua ixteko. Garagarza ere baikor azaldu zen haren kontratu berritzeaz. «Gustura nago klubean, non egongo naiz hemen baino hobeto. Ari gara hizketan, baina orain datorren sasoirako taldea osatzea da lehentasuna».
Eibarrek uztailaren 12an hasiko du denboraldi-aurrea. Dagoeneko lau lagunarteko zehaztu ditu: uztailaren 17an, Zarautzen (Gipuzkoa), Real Unionen aurka; 19an, Arrasaten (Gipuzkoa), Barakaldoren aurka; abuztuaren 11n, Iruñean, Osasunaren aurka; eta 12an, Zaragozan (Espainia), etxeko taldearen aurka.
Mendilibarrek erakarrita
Ivan Alejok aitortu du Eibarrekin fitxatzeko arrazoi nagusia zaldibartarrarekin lan egiteko nahia izan dela. Fran Garagarza berritzear da

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu