Oraindik bost hilabete ez profesional mailako debuta egin zuela, eta Mendizabal III.ak dagoeneko irabazi du lehenengo txapela. Partida serioa eta ona jokatuta, 22-15 irabazi zion atzo Lemunori 2. Mailako lau t'erdiko finalean, Tolosako Beotibar pilotalekuan. Txapelketa biribila egin du antzuolarrak, partidarik galdu gabe amaitu baitu, eta merezimendu osoz ariko da datorren urtean onenekin batera. Ezker esku aparta dauka, eta hori ezin hobeto baliatu du txapelketa osoan. Eta noski, baita atzo ere. Hasieratik hartu zuen aurre, eta ongi eutsi zion lorturiko abantailari.
Partida erdira arte eroso jokatu zuen gipuzkoarrak, eta sake-erremateari esker ongi bideratu zuen neurketa (4-11). Tantoak aurrera joan ahala, ordea, Lemuno esnatu egin zen, eta aldea murriztuz joan zen (15-19). Momenturik erabakigarrienetan kale egin zuen, ordea, eta Mendizabal III.ak ez zuen barkatu. Amaierara fisikoki fresko helduta, arazorik gabe egin zuen hogeita bigarrena. Lemunok erraztasun gehiegi eman zituen, eskuetako arazoak tarteko, ziurrenik. Batzuk profesionaletako ibilbide osoan lortu ez dutena urte erdi eskasaren buruan eskuratu du txapeldun berriak.
Mendizabal III.ak 22-15 irabazi dio Lemunori 2. Mailako lau t'erdiko finalean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu