Denboraldi osoan, momentu onak gutxi egongo dira Real Madrilen aurka jokatzeko, baina Alavesek sasoiko boladarik eskasenean hartuko du gaur Madrilgo taldea, Mendizorrotzan. Liga hasiera duinaren ondoren, azken jardunaldietan ez ditu emaitza onak atera Mauricio Pellegrinoren taldeak. 3-0 galdu zuen joan den astean Realaren aurka. Halere, baikor da entrenatzailea, eta gaur lehiatzea espero du. «Partida bikaina aurreikusten dugu. Saria da Real Madrilen aurka jokatzea, eta sinistu egin behar dugu irabaz dezakegula. Ilusioz eta gogotsu gaude».
Horretarako, Pellegrinok jakin badaki gauzak oso ondo egin beharko dituela bere taldeak. «Aurrez aurre jokatu beharko diogu Real Madrili. Pentsatzeko denbora ematen badiegu, min egingo digute, kalitate handia dutelako, eta intentsitate eta erritmo handia mantentzea gakoa izango da». Eskema taktikoari buruz nahiago du pistarik ez eman. «Edonork jokatzen duela ere, irabaztera aterako gara». Kiko Femenia, Theo eta Alexis osatu dira, eta prest izango ditu entrenatzaileak. Aldiz, Llorentek ezingo du jokatu. Real Madrilek, berriz, hutsune handiak izango ditu: Sergio Ramos, Modric, Casemiro eta Carvajal, besteak beste.
Pellegrinoren arabera, emaitza on bat lortzea «oso lagungarri» izango luke taldeak, ez soilik hamahiru punturekin jarriko litzatekeelako sailkapenean, baizik jokalariek konfiantza hartuko luketelako hurrengo partidei begira. «Zaleei eskaini nahi diegu garaipena». Babesa, behintzat, ez zaie faltako. Mendizorrotzak gertu izango du betekada. Salgai jarritako sarrera gehienak agortuta daude.
Mendizorrotza, Real Madrili aurre egiteko arma
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu