Sasoia hasteko irrikaz dago Ruben Duarte (Almeria, Espainia, 1995). Atzelariak zazpigarren denboraldia izango du klubean, eta kapitainaren besokoa eramango du berriz Lehen Mailan ariko diren sasoian. Oraindik fitxaketak egin behar direla dio kapitainak. «Hiru puntuen bila» joango dira Cadizera (Espainia).
Zer moduzkoa izan da denboraldiaurrea?
Ezohiko denboraldiaurrea izan da. Beste taldeekin alderatuta, hilabete geroago amaitu genuen liga, eta, horren ondorioz, epeak laburtu egin behar izan dira ligaren hasierara baldintzarik onenetan iristeko. Erritmoak azkartu behar izan ditugu, baina lehen partidara ondo iritsiko gara. Aste honetan beste era batera entrenatzen da, gustuko duguna hasten baita.
Zenbat eragin dio taldeari Giuliano Simeoneren lesio larriak?
Argi dago eragin handia izan duela taldekideengan, baina hau kirola da, eta badakigu zer egin behar dugun. Lesioa oso itsusia izan zen, eta horrek eragina izan zuen. Baina are gehiago eragin zigunegoeragatik. Orain, Giulianorengandik gertu egotea dagokigu, eta ahal dugun guztian laguntzea. Hor ikusten da benetako talde bat. Denboraldiaurrean erakutsi duen moduan, etorkizun bikaineko jokalaria da.
Zein izan zen egoera?
Desatsegina izan zen. Ostikada bera itsusia da, baina faktore asko izan ziren. Bero handia egiten zuen, eta soropila oso gaizki zegoen. Uste dut zelaiak beste bat izan behar zuela, profesionaltasunagatik. Astebete falta da ligari ekiteko, eta gure lana egiteko aukeradaukagu jokoan. Gainera, lesioa gertatu zenean, ez zegoen anbulantziarik, ez eskuoherik. Pixka bat zorrotzagoak izan behar dugu; gertatutakoak etorkizunerako ikasteko balio du.
Luis Garcia Plaza dago aulkian oraindik. Zer-nolako Alaves izango da denboraldi honetan?
Entrenatzailea funtsezkoa izan zen aurreko sasoian. Bereizgarri bat eman dio taldeari. Asko egokitzen gara partida bakoitzera aurkariaren arabera. Baina Lehen Mailan zailtasuna areagotu egiten da. Hala ere, oraindik jokalariak falta dira. Atzeko lerroan eskuinean aritzeko jokalariak falta dira [Alavesek Realeko Andoni Gorosabel fitxatu zuen atzo, urtebeterako], Giulianoren ordezko bat, erdi-punta bat eta eskuin hegaleko jokalari bat ere akaso. Ikusiko da kirol zuzendaritzak zer egin dezakeen. Taldea itxi ahala hitz egingo dugu egin dezakegun jokoaz.
Cadizen ariko zarete lehen partidan. Zer itxura hartzen diozu?
Oso partida zaila izango da. Entrenatzaileak eraikitako oinarri sendo baten adibide garbia da Cadiz. Oso ondo indartu da. Argi dago aurkari zuzen bat dela. Haren indarguneak ezagutzen ditugu, baina baita ahulguneak ere. Min egiteko gai gara, eta hiru puntuen bila goaz. Ondo jokatzeak lagundu egiten du, baina puntuek konfiantza ematen dizute. Eta are gehiago hirunaka badira.
Aurreko sasoian ateari giltzarrapoa jartzea izan zen gakoa. Hori da erronketako bat?
Bai, noski. Lehen Mailan, areetan indartsu egoteak markatzen du aldea; defentsan zein erasoan. Aurreko sasoian horretan ezarri genuen aldea. Ahalegin handia egin genuen, eta defentsan oso solidarioak izan ginen. Aurkariei asko kostatzen zitzaien guri golak sartzea. Baina Lehen Mailan hobeto egin behar dugu. Joan den denboraldiko alderdi positiboak indartu behar ditugu, eta izan genituen akatsak hobetu.
Zenbateko garrantzia izango du Mendizorrotzak?
Mailari eusteko, Mendizorrotzak gotorlekua izan behar du. Etxetik kanpo erregularragoak izan behar dugu, eta ahalik eta puntu gehien lortu. Baina gure etxeak berebiziko garrantzia dauka. Joan den denboraldian bai jokalariek, bai zaleek erakutsi genuen batasun berezia dugula. Bide onetik goazela uste dut.
Zazpigarren denboraldia duzu.
Bai, zazpigarrena jada! [Barrez]. Behin baino gehiagotan esan dut iritsi nintzenean unean uneko entrenatzaileak ez ninduela taldean nahi, baina tokia egin nuen taldean. Nire ametsik onenetan ere ez nuen uste 27 urterekin Lehen Mailako talde bateko kapitain izango nintzela.
Lehen Mailako azken urteetan egonkortasun handia falta zen. Hori aldatu zen gehien aurreko sasoian?
Bai, dudarik gabe. Uste dut Luis entrenatzaile perfektua zela, garai perfektuan, eta talde perfektuarentzat. Horrekin zaleekiko batasuna berreskuratu dugu. Jendeak itxaropena galdu zuen Lehen Mailako azken urtean. Teknikariek jokalariei sinetsarazi digute, baita zaleei ere. Ez dago kapitain hoberik ontzi honentzat.
Laguardia, Pacheco, Manu Garcia. Jokalari garrantzitsuak falta dira. Haien lekukoa hartzeko prest zaude?
Futbola aldiak dira, eta, pixkanaka, izar handiek pauso bat ematen dute albora. Eta beste batzuek hartu behar dugu haien lekukoa. Asko ikasi dut haiengandik, eta gazteekin eta fitxaketekin haiek gurekin egiten zutena egiten saiatzen naiz. Harrobiko jokalariek garrantzi handia dute klub honetan, eta haiei zein berriei kluba nolakoa den erakusten ahalegintzen naiz, ahalik eta azkarren egokitu ahal izateko.
EUSKAL TALDEAK LIGA HASTEAR. Ruben Duarte. Alaveseko jokalaria
«Mendizorrotzak gotorlekua izan behar du mailari eusteko»
Bigarren Mailan urtebete egin ondoren, Alaves bueltan da. Duarteren arabera, jokalariek berengan «sinestea» lortu du Luis Garcia Plazak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu