«Merezi duenak irabaz dezala derbia»

Orain dela 11 hilabete Xerezeko entrenatzaile postutik kendu zutenetik langabezian dago, baina aulkira itzultzeko irrikan da. Igandeko derbirako ez du gustuko talderik, ezta faboritorik ere.

Iruñea
2010eko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Fokuen argipetik urrun dabil aspaldian Jose Angel Ziganda (Larraintzar, Nafarroa, 1966), baina geldirik egoten ez daki Osasunako eta Athleticeko jokalari ohiak, eta korrika, bizikletan eta frontoian ez dabilenean futbola ikusten du etengabe, berriz ere talderen bat entrenatzeko aukera sortu bitartean.

Zer egiten du Jose Angel Zigandak orain?

Aukera baten zain dagoen entrenatzaile batek egiten duena: futbol asko ikusi. Asteburuetan partida ugari ikusten ditut telebistan, eta ahal dudanean bidaiatzen eta partidak zuzenean ikusten ere saiatzen naiz.

Urtebete ez duzu egin oraindik langabezian, baina futbolean dena hain azkar pasatzen da...

Entrenatzaile asko gaude langabezian orain, eta hor ibiltzen gara sartu-irten. Uste ez duzunean lanean has zaitezke, baina, era berean, lau hilabete talderik gabe egotea nahikoa da inor zutaz ez gogoratzeko. Dena dela, horixe da futbol profesionalaren erritmoa, onerako eta txarrerako.

Azken bi urteak gogorrak izan dira zuretzat, baina oraindik gogotsu sumatzen zaizu.

Bai, bai, batzuetan masokista samarrak garela ere pentsatzen dut. Batik bat Xerezeko esperientzia izan zen gogorra. Kirol arloan kaotikoa izan zen, eta emaitzek ere ez zuten batere lagundu. Osasunakoa beste era batekoa izan zela uste dut; egindako lanaz harro gaude, baina gure inguruko baldintzak aldatu egin ziren azken urtean. Dena dela, Iruñean egindakoarekin pozik nago, bainaez Xerezekoarekin. Kalte handia egin zigun Xerezekoak.

Nafarra izanik, Osasuna utzi behar izan zenuenean Xerezetik bota zintuztenean baino gehiago sufritu zenuen?

Sentimenduei dagokienez, bai, baina berriz diot: Osasunan egindako lanarekin kontzientzian harrik ez dut. Helburuak lortzen ari ginen; nolako Osasuna nahi genuen argi geneukan, jokalari gazte askorekin ari ginen lanean, eta talde sendo bat osatzea zen asmoa. Mailari eustea eta haziz joatea zen asmoa, baina pazientzia edo konfiantza edo dena delakoa falta izan zen amaieran. Klubak beste bide bat hartzea erabaki zuen gero, baina egindakoarekin lasai nago.

Zure hirugarren denboraldian sei jardunalditan soilik izan zinen aulkian. Pazientzia falta nabarmena izan zen. Zer sentitu zenuen?

Nik ere izango nuen errurik, hori ez dago ukatzerik. Gaur egun dakizkidanak jakinez gero, beste era batean jokatuko nuke agian, baina garai hartan argi geneukan zer-nolako Osasuna nahi genuen, eta hainbat jokalari saldu eta gero, talde berria egin nahi genuen. Jokalari gazteen alde egin nuen, eta jokalari haietatik asko Bigarren Mailan daude orain, Huescan. Garai hartan apustu egiteko ordua zen, ordea, arriskurik hartu gabe ezer lortzerik ez baitago futbolean. Orain, berriz, klubak beste bide bat hartu du. Nire ustez, Osasunak oinarri ona zeukan eta dauka. Baina klubak pentsatzeko era eta kirol arloan lan egiteko era aldatu nahi izatea ere errespetagarria da. Kontzientzia lasai daukat, Osasunak hala lan egin behar zuela sinetsita ginen.

Eta hain denbora gutxian Osasuna hainbeste aldatu dela ikusteak zer eragiten dizu?

Klubaren erabakiak errespetatu egin behar dira, eta Osasunak Lehen Mailan jarraitzea da guztion nahia. Iragan sasoian lortu zuen, eta sasoi honetan ere lortuko du, eskarmentu handiko jokalariak baititu. Gainera, egungo krisiarekin, Osasuna Lehen Mailako talde askoren gainetik dagoela uste dut. Hori bai, nik bizi izan dudan Osasunak ez dauka zerikusirik egungoarekin. Dena dela, berriz esango dut: erabakiak errespetatu egin behar dira, eta mailari eusteko helburua betez gero, ez dago ezer esaterik.

Nafarroako Erresuman Jose Antonio Camachok entzun behar izan dituenak entzunda, argi dago ez duzula soilik zuk sentitzen diozun hori.

Entrenatzaile postuan asko sufritzen da, baina galtzen duzunean egurra ematen dizuten bezala,irabazten duzunean laudorioak jasotzen dituzula ere egia da. Lanbidearen ezaugarrietako bat da hori. Eta, zaleei dagokienez, badirudi azken boladan giroa ez dela oso ona, baina nik kanpotik ikusten dudana soilik dakit. Bota nindutenetik ez naiz Sadarren izan, eta ezin dut giroaz iritzirik eman. Irakurtzen dudana eta entzuten dudana soilik ezagutzen dut, ez naiz bertan egon.

Elkarrizketa batean zure ametsa egunen batean Ingalaterran entrenatzea zela onartu zenidan orain hiru urte. Oraindik ere amets hori duzu?

Lan egiteko gogoz nago, eta argi dago ezin dudala aukeratu non entrenatu. Norbaitek ni kontratatzea nahi badu, eta nire pentsatzeko era errespetatzen badu, edozein herritara joateko prest nago. Ingalaterran aritzea asko gustatuko litzaidake, baina egun aukera hori ia ezinezkoa dela ere badakit. Dena dela, futbola nolakoa den badakit: gaur goian egon zaitezke; bihar, behean; eta etzi, berriro goian.

Osasuna utzi zenuenean, AEBetara eta Ingalaterrara ere joan zinen, ingelesa ikasteko asmoz, ezta?

Bai, AEBetan egon nintzen familiarekin hiru hilabetez. Hizkuntza berri bat ikasteko ilusioarekin joan nintzen, eta Iruñetik desagertzeko beharra ere sentitzen nuenez, alde egin nuen.

Lezamako koordinatzaile lanak egitea ere eskaini zizuten, baina nahiago izan zenuen Xerez entrenatu. Entrenatzaile sentitzen zara guztiaren gainetik?

Bai, bai, barruan sentitzen den zerbait da hori, eta gorputzak entrenatzen jarraitzeko eskatzen dit. Nire bizia futbolari lotuta ikusten dudala argi dago.

Osasuna UEFA kopako finalerdietarako sailkatu zenuenean, Joaquin Caparros ordezkatzeko hautagaien artean egon ziren. Athletic entrenatzea ere ametsa al da?

Athletic klub itzela da, eta nik han jokalari gisa bizitako urte gozoen ostean, imajinatu ezazu. Bilbotarrek oraindik ere asko maite nautela erakusten didate hara joaten naizen bakoitzean, eta bizitza guztian eskertuko diet hori. Athletic entrenatzeko oso aukera gutxi ditudala badakit, baina ea egunen batean bidean topo egiten dugun.

Bilbon Iruñean baino gehiago baloratzen zaituztela uste al duzu?

Ez, baina kirol arloan Osasunan atsekabe batzuk izan ditudala argi dago. Halere, pertsonak klubarengandik bereizten jakin beharra dago, kluba pertsona guztien gainetik baitago. Bilbon, ordea, pozak soilik ez nituen izan.

Igandean noren alde egongo zara?

Kar-kar, merezi duenak irabaz dezala.

Athletic da faboritoa?

Estatistikak aztertuz gero, bai, baina estatistikak soilik dira.

Athleticen Osasunan baina nafar gehiago daude.

Athleticek jokalari nafarrak izatea normala da, jokalariak fitxatzeko orduan eremu txiki batean mugitzen baita. Osasunarena ez da hain normala, baina harrobitik irten diren jokalari asko saldu egin dituzte, eta orain gehiago kostatzen da harrobitik lehen talderako jokalariak ateratzea. Politika kontua da, alde batetik, baina urtero harrobitik jokalariak ateratzea zaila da, bestetik.

Horixe da, hain zuzen, klubak ematen duen arrazoia, boladaka irteten direla jokalariak harrobitik.

Ezinezkoa da beti Azpilikuetaren gisako jokalariak irtetea, baina Oierren edo Ruperren gisako jokalariak irten daitezke. Halere, gai horri buruz hitz egiteko ez naiz pertsonarik egokiena, ez dut nahi nire hitzak inork gaizki ulertzerik.

San Mamesera joango al zara?

Ez. Familiako kideren bat joango da, baina nik nahiago dut telebistan ikustea partida. Ordu txarra da, eta eguraldi txarra egingo duela dirudi...

Arreta gehiegi berenagatuko zenuke, gainera.

Bai, partidak zuzenean ikustera joaten naiz, baina inoiz ez Sadarrera eta San Mamesera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.