2. AT. MADRIL. 1. EIBAR

Merezi izatea ez da ezer

Geldikako bi jokalditan jasotako bi golen erruz galdu du Eibarrek Atletico Madrilen zelaian.Berdintzeko aukerak izan dituzte armaginek

Abraham baloiarekin, atzoko partidan. FERNANDO ALVARADO / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2014ko abuztuaren 31
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Golak. 1-0: Mirandak (12. min.). 2-0: Mandzukicek (24. min.). 2-1: Abrahamek (33. min.). Epailea. Prieto Iglesias. Txartel horiak: Atletico Madrileko Mariori, Kokeri eta Gabiri. Bestelakoak. 30.000 ikusle inguru Vicente Calderon estadioan.

Aurreko denboraldia hasi berritan zela, Eibarrek hasiera txarra eman zion Bigarren mailako ligari, nahiz eta jokoan txukun aritu. Egun haietan, Gaizka Garitanok hauxe esan zuen: «Merezimenduak egiten ari garela esateak ez du balio, ez dagoelako sailkapenean merezimenduak kontatzerik; ez dute punturik ematen». Atzo, Atletico Madrilen zelaian Eibarrek egin zuen partida txukuna ikusita, batek baino gehiagok esango zuen merezi zuela zerbait gehiago taldeak. Baina Garitanori galdetzen bazaio merezimenduez, erantzuna argia izango da: iazko bera.

Gainera, Derioko entrenatzailea ezagututa, ez da pozik egongo partidaren hasieran bere jokalariek egindako lanarekin. Izan ere, taldeak itxura sendoa ematen duen arloan jaso zituen bi golak: geldikako bi jokalditan. 12. minutuan, Mirandak buruz sartu zuen gola, korner batean, baloiari bakar-bakarrik zela joz. Handik hamahiru minutura, 24.ean, antzeko beste gol bat jaso zuen Eibarrek. Mandzukic izan zen golegilea jokaldi horretan. Harrigarria izan zen Eibar horrelako bi gol jasotzen ikustea, nahiz eta Atletico Madril oso trebea izan jokaldi horietan.

Partida geldoa bazihoan hasieran, are gehiago geratu zen bi gol horien eraginez. Eibar berpiztu zuena Abrahamen gol bikaina izan zen. 33. minutuan izan zen, taldeko jokaldi landua bikain bukatuz. Zartakoa baino ukitu zehatza eta doitua eman zion baloiari ezker hegaleko atzelariak eskuin oinarekin; ezkerra izanik, ezin hobeto eman zion baloiari, zehaztasun handiz.

Lehen zatia amaitu bitartean ez zen nabarmentzeko ezer gertatu. Behintzat, Eibarrek ez zuen urruti Atletico Madril, gol bakar batera.

Bigarren zatian, nagusi

Aldageletatik bueltan berriz jokatzen hasi zirenean, lehengoan jarraitu zuen partidak. Ez dira erraz hausten diren bi talde, eta horri helduta aritu ziren. Baina hamargarren minututik bukaerara arte Eibar baloia hobeto erabiltzen hasi zen. Zentzu handiz eta zehaztasunez. Une askotan gainditu zuen Atletico Madrilen zelai-erdiko sare sendoa, barrutik eta kanpotik jokatuz. Eneko Boveda eta Abraham hegaleko atzelariek ekarpen ona egin zioten erasoko jokoari. Dani Nieto aulkitik zelairatuak ere ekarpena egin zuen.

Geldikako jokaldi batean, ia berdindu zuen emaitza Eneko Bovedak, baina kanpora bota zuen baloia buruz. 74. minutuan izan zen hori. Aukerarik garbiena berdintzeko Angelek izan zuen, 87. minutuan. Godinen hutsa baliatu zuen arean bakarrik sartzeko, baina Siqueirak enbarazu egin zion, eta kanpora bota zuen baloia. Merezimenduei puntua emango zien jokaldia izan zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.