Futbola. Frantziako Eurokopa: A multzoa. Frantzia 2. Errumania 1

Merezi zuenari, sari handia

Azkeneko minutuetan Payetek sarturiko gol ikusgarriari esker irabazi dio Frantziak Errumaniari, Eurokopako estreinakoan. Frantziarrek ez dute partida biribila jokatu

Payet baloia astintzen, bigarren goleko jaurtiketan, atzo Errumaniaren aurkako partidan. SRDJAN SUKI / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2016ko ekainaren 11
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Frantzia. Lloris; Sagna, Rami, Koscielny, Evra; N'Golo Kante, Pogba (Martial, 76. min.), Matuidi; Griezmann (Coman, 65. min.), Giroud, eta Payet (Sissoko, 91. min.)

Errumania. Tatarusanu; Sapunaru, Chiriches, Grigore, Rat; Stanciu (Chipciu, 71. min.), Hoban, Pintili ; Popa (Torje, 81. min.), Andone (Alibec, 60. min.), eta Stancu.

Golak. 1-0: Giroudek (57. min.). 1-1: Stancuk, penaltiz (65. min.). 2-1: Payetek (89. min.).

Epailea. Viktor Kassai (Hungaria). Txartel horiak: Frantziako Giroudi; eta Errumaniako Chiriches eta Rati.

Bestelakoak. 80.000 ikusle inguru Saint-Denis estadioan (Paris).

Frantziak arnasa lasai hartu zuen atzo Payetek 89. minutuan garaipeneko gola sartu zuenean. Ordura arte, asmatu ezinda ibili zen Errumania garaitzeko, Eurokopako lehen jardunaldian. Saria eman zion azkenean, saria handia gehien merezi izan zuen jokalariak.

Aurreneko abisua jaso zuten atzo txapelketa irabazteko hautagaiek. Ez dute partida errazik izango, aurkari guztiek daukate trebeziaren bat, eta hemen, irabazi egin beharko dituzte partidak. Gainera, aurreneko partidetan, selekzio bakoitza onena emateko moduan izaten da, eta horrek ere arriskutsu bihurtzen ditu ustez hain indartsuak ez direnak ere.

Errumaniak Frantziari erakutsi zion atzo hori guztia. Etxeko selekzioak, zaleen aurrean, ezin izan zuen lehen partida bideratu ia azkeneko minutua heldu zen arte. Partida aztertuz gero, dudarik ez dago etxekoek izan zituztela irabazteko aukerak, eta erakutsi ere erakutsi zuela Errumania baino hobea dela. Baina larri ibili zen lehen hiru puntuak batzeko.

Didier Deschamps lapurtarraren selekzioa hautagaia da txapelketa irabazteko. Nahiz eta atzo ez zuen neurketa biribila jokatu. Baina oraindik hasi baino ez da egin, eta goiz da ondorio zehatzak ateratzeko. Zertzeladak bai, atera daitezke, eta ondo aztertuko ditu Deschampsek.

Ez zen partida ona izan, ezta gutxiago ere. Bi taldeek oinarritu zuten estrategia defentsako lanean. Aurreneko partidaren beldurrak eta ajeak. Ia gehienetan, lerroak asko atzeratu zituzten, kontraerasoan azkar ateratzeko. Noizean behin egin zuten gora presioa egitera. Erasoan, biek erakutsi zituzten gabeziak, Errumaniak gehiago Frantziak baino. Jokalari askoz hobeak dituzte frantziarrek, eta erabakigarria izan zen. Lehen zatian, lauzpabost garbi samar eduki zituzten. Griezmannek izan zituen ia denak, baina ez zuen asmatu. Errumaniak hasi orduko izan zuen ia aukera bakarra, korner batean, baina Llorisek atera zuen Stancuren burukada.

Bigarren zatian, Frantziak aurrea hartzea lortu zuen, Giroudek buruz aurrea hartu zionean Tatarusanu atezainaren irteera eskasa baliatuz, 57. minutuan. Mendean zuen partida etxeko taldeak, baina Evrak penalti inozoa egin, eta berdindu egin zion 65. minutuan Stancuk. Etxekoek azpiratu zuten partida gero, eta azkenean, Payeten golak erabaki zuen dena.

Albania-Suitza, gaur

A multzoko lehen jardunaldia osatzeko, Albaniak eta Suitzak gaur jokatuko dute, Lensen (15:00). Derbia da, Suitzan albaniar jatorriko jokalariak daudelako, eta Albanian Suitzan hazitakoak futbolean. Xakha anaien kasua da hori: batek Suitzako selekzioan jokatzen du, eta besteak Albanian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.