Golak: 0-1: Postigok (45. min.). 1-1: Muniainek (57. min.). 2-1: Ander Capak (87. min.).
Sasoiko denboraldiko partidarik osoenetako bat jokatu du Athleticek, eta merezitako garaipena lortu Levanteren kontra San Mamesen: 2-1. Oraingoan futbolaren patuari ihes egin ahal izan dio. Baina azken unean izan da, 87. minutuan sartu baitu gol erabakigarria Ander Capak; korner irteera baten ostean, baloia ailegatu zaio, eta sarera joan da haren jaurtiketa gurutzatua.
Lehen zatian Athletic izan da nagusi, baina ez du izan aurrean jartzerik, Aitor Fernandezen geldituei esker. Levanteko atezainari hauteskunde mahaian egotea egokitu zitzaion, baina hori saihestu eta erakustaldia eman du. Saririk ez, eta kolpea jaso dute zuri-gorriek lehen zatia amaitzear zela, Levante aurretik jarri baita Sergio Postigok sartutako golari esker. Korner batean baloia bigarren zutoinean iritsi zaio, eta Unai Simonen hanka artean egin du gola.
Athleticeko jokalari eta zaleak aho zapore txar horrekin joan dira atsedenaldira. Bigarren zatian hobeto atera da Levante, eta Campañak gertu izan du 0-2koa. Baina ez du asmatu, eta partida berdinduz joan da. Hala, Iker Muniaien berdinketaren gola iritsi da. Erdilaria ez da jokalari garaia, baina bai bizkorra, eta, bigarren zutoinera ondo iritsita, buruz ondo errematatu du Caparen gola, Aitor gaindituta.
Athleticek ordu erdi zuen aurretik garaipenaren bila joateko, eta hala egin du. Zaleen bultzadarekin, eta bizi jokatuz, estu hartu dute Levante: Raul Garia, San Jose, Capa... Berriro ere Aitor agertu da, gelditu onak egiten. Baina Caparen bigarren ahaleginean ezin izan du ezer egin, eta hiru puntuak patrikaratu ditu Athleticek.