Jose Manuel Monje. Kaikuko presidentea

«Meritua kentzen ari zaizkigu»

Pozik dago Jose Manuel Monje, nola ez, lehen aldiz San Miguel liga irabazi duelako klubak. Baina ez du erabat gozatu, Urdaibairen inguruko auzia tarteko.

Aitor Manterola Garate.
2011ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Bosgarren urtea du Kaikuko presidente lanetan Jose Manuel Monjek. KAE2tik San Miguel liga irabaztera. Horra haren agintaldiaren uzta. Lehen aldiz lortu du erregulartasuna saritzen duen lehiaketa aurten, eta pozik dago, jakina. «Onenak izan gara», esaten du, hori aldarrikatzen ari balitz bezala. Izan ere, haren ustez, Kaikuk liga irabazi izanari «meritua kentzen» ari zaizkio. Ez da poza zapuzten dion gai bakarra.

Elkarrizketan, nabari zaio gazi-gozoaren zaporea ere sortzen diola udako gai nagusiak: Urdaibairen auziak. Jose Luis Kortak piztu zuen sua, Kaikuko entrenatzaileak, eta harrezkero, giroa asko gaiztotu da arraunean. Monjek berak ere pairatu behar izan du aurten, eta minduta dago horregatik. «Segitzea merezi ote duen» pentsatu ere egin duela aitortu du. Baina segituko du, eta datorren urtera begira taldea indartzeko asmoz dabil. Klubaren erakargarritasuna saltzeko ere baliatu du solasaldia: «Kaikun baino gusturago nekez egongo dira arraunlariak beste nonbait».

Zer esan nahi du San Miguel ligako garaile izatea Kaikurentzat?

Erakusten du lan ona egin dela eta azken urteetako plangintza ondo eginikoa dela. Azken urteetan ezin izan gara liga irabazteko lehiatu, arraunlari propioen araudia betetzeko zailtasunak genituelako, baina aurten, lehiatzeko asmoz atera gara, irabaztera. Ez genuen espero hain erraz irabaztea, baina zorte ona izan dugu.

Aurreko bi urteetan ligan behar bezala aritu ezinaren arantza atera duzue, ezta?

Benetan esango dizut zer pentsatzen dudan: uste dut arantza ateratzeko beharra ez genuela ligan, ligako babeslearekin baizik. San Miguel enpresa egundoko ahalegina ari da egiten arraunaren alde, eta apustu horri behar bezala erantzuteko gogoa genuen. Aurten eman diogu merezi duen erantzuna.

Liga irabazi duzue, baina hasieran ez zenuten garbi esaten helburutzat zeneukatela, nahiz eta sekulako taldea eduki. Zergatik?

Tira, ez nuke esango helburutzat jarri genuenik. Gure asmoa estropada guztietan lehiatzea zen, eta asteburu denetan gozatzea. Irabaztea ez da erraza, traineru bakarrak irabazteko duelako eta lehiakide onak eta ugari izaten direlako. Baina argi dago gure helburuen artean zegoela ligan goialdean ibiltzea.

Zer hausnarketa egiten duzu ligan egin duzuen ibilbideaz?

Bere garaian, guk txapelketen aldeko apustua bakarrik egiten genuenean liga albora lagata, kritika gogorrak entzuten genituen. Orain, berriz, ligari heldu diogunean, beste zerbaiti egiten zaio kritika txarra. Meritua kentzen zaio Kaikuk egindakoari. Urdaibai liga irabaztera atera zen, baina Portugaleten izan zuen istripua izan eta gero, aukerarik gabe geratu zenez, ordutik esan dute liga albo batera utzita ibili direla. Esan zezaketen helburutzat zeukatela eta istripu horregatik aukerarik gabe geratu direla, baina ez dute hori esan. Baina berdin dio; Kaiku hobea izan da urte guztian, eta ez dago besterik.

Kaikuren garaipenari meritua kentzeko ahaleginak daudela ari al zara esaten?

Beti gertatzen da gauza bera. 2009an, Kontxako Bandera irabazi genuen, eta txapelketa guztiak, baina jendeak esaten zuen Castro izan zela urteko traineru onena, liga irabazi zuelako. Baina hura esaten zutenak iritziz aldatu dira orain, Kaikuk liga irabazi duenean. Arraunean dagoen arazoa da jendeak ez diola bere klubari begiratzen, besteari begiratzen diola, eta modu txarrean, gainera, gauzak gaizki joan dakizkiola opatuz. Kirol honetan aldatu egin behar dugu hori, eta taldean egin behar dugu lan, ez bakarrean.

Portugaleteko estropada atera duzu hizpidera, eta ba al dakizu zertan den Urdaibaik jarri zuen errekurtsoaren gaia?

Bere garaian esan nuen hau: estropada hartan gertatu zenak ez du zalantza izpirik uzten, baina errekurtsoa jartzea erabaki ona da, abokatuek ere bizi egin behar dutelako. Zer nahi duzu esatea... futboleko adibide bat jarriko dizut: talde bat Bartzelonara doanean, Camp Nou zelaira, badaki oso zabala dela, eta Bartzelonak espazio asko dauzkala futbolean jokatzeko. Baina Vallecasera zoazenean, kontrakoa gertatzen da: ez dago lekurik. Portugaleteko eremua nolakoa den denek dakite, eta ziabogak nolakoak izaten diren ere bai.

Baina ba al duzu berririk Urdaibairen errekurtsoa zertan den?

Ez zait axola.

Zein izan da ligan izan duzun momentu politena?

Zarautzen irabaztea. Estropada berezia da, eta Kaikuk ez zeukan inoiz irabazia. Poz handia eman zigun, eta, gainera, bi egunetara denez, Kaikuk erakutsi zuen onena dela.

Ligaz gain, Kontxako Bandera ere irabazi nahi zenuten, baina ez duzue lortu. Garraztu egin al du horrek zuen denboraldia?

Ez gaude pozik Donostian ez irabazteagatik, baina hau oso garrantzitsua da: ematen du beti irabazi behar dugula, ezinbestekoa dela garaile izatea, eta hau kirola da. Zaila da irabaztea, eta egunetik egunera asko aldatzen dira kontuak. Ez ahaztu, gainera, aurkari gogorrak daudela. Irabazi egin ziguten, eta kito. Kaleen zozketan ez genuen zorte onik eduki. Hala ere, oso denboraldi ona egin dugu.

Urte berean liga eta Kontxa irabaztea oso zaila dela ikusten ari gara. Zergatik?

Tira, hala ematen du. Baina iaz zer gertatu zen denok dakigu. Ez dut gauza askorik esan nahi, baina epaiketa bat dago horren harira. Denborak esango du zer gertatuko den. Justiziak ebatz dezala ebatzi beharrekoa.

Auzi hori izan al da denboraldiko gauzarik txarrena?

Garbi dago. Oso desatsegina izan da. Nik neuk pairatu behar izan ditut hainbat egoera txar. Bermeoko zale batzuek ni jo naute erruduntzat, eta ez dut ulertzen. Estropadetara joan eta gozatu beharrean, sufritu egin dut. Ezin izan naiz lagunekin lasai egon, eta halako egoerek zer pentsatua ematen dute: merezi al du arraunean segitzea?

Jose Luis Kortaren izaerak ere ez al du sua gehiago harrotu, denboraldi osoan gai bera ahotan hartuta ibili delako?

Horren inguruan ezin dugu ezer egin. Esan izan diogu, aholkuak ere eman dizkiogu, baina Korta Korta da. Bera fitxatu genuenean, bagenekien nolakoa den, bere alde onekin eta txarrekin. Pakete osoa erosten duzu, ez zati bat. Ezin dugu atzera egin. Kortak gauza batzuk ematen dizkizu, eta beste batzuk kentzen, baina horrelakoa da bera.

San Miguel ligan dago Kaiku 2009tik, eta ordutik, liga bat eta Kontxako Bandera bat irabazi dituzue. Gehiago espero al zenuten?

Ez. Meteorikoa da gure igoera; oso-oso azkar egin dugu gora. Ez dago bost urtean halako gorakada izan duen talderik arraunaren historia osoan. Gure agintaldiaren bigarren denboraldian igo ginen San Miguel ligara, eta lehen urte horretan Kontxako Bandera eta txapelketak irabazi genituen, eta bigarrenean, txapelketak. Aurten, berriz, liga eta Bizkaiko zein Espainiako txapelketak irabazi ditugu. Esango didazu gutxi den edo ez.

Zer asmotan zabiltzate datorren urtera begira?

Bloke berari eutsiko diogu, baina indartu egingo dugu taldea, eta horretan ari gara. Horixe da gure asmoa.

Eta besteren batek arraunlari propioak ez kentzea ere zaindu beharko duzue, ezta?

Gai korapilatsua da arraunlari propioen araudi hori, baina zaila izango da guri arraunlari propioak kentzea, oso ondo zaintzen ditugulako eta gustura daudelako Kaikun. Ez dut uste arazo handirik izango dugunik alde horretatik. Ez litzateke normala izango, behintzat, guri arraunlari propioak kentzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.