MENDIA

Messnerrek baino bat gehiago

Juanito Oiarzabal Cho Oyura igo da hirugarrenez, 19. zortzimilakoa bere ibilbidean, eta tiroldarraren kopurua gainditu du

ramon olasagasti
DONOSTIA
2003ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Hemeretzi aldiz egon da Juanito Oiarzabal zortzimila metrotik gorako tontor batean. Hemeretzi. Reinhold Messnerrek heriotzaren eremua zortzimila metrotik gorakoa deitu zuen inguru hori ondo baino hobeto ezagutzen du gasteiztarrak. Zortzimilako bat igotzeak ez du samurra izan behar; heriotzaren eremua gorputzarentzat muga-mugako espazioa omen; areago, arriskutsua ere bai askotan. Eta eremu horretan ibiltzea ez da aski: goia jo behar da, tontorra, mendiaren bertikaltasunean azken metroa. Hemeretzi aldiz lortu du hori Juanito Oiartzabalek. Horra lorpena. Eta Messner gainditu du. Zortzimilako tontor gehiagotako argazkiak ditu jada Oiartzabalek. Bilduman argazki gehiago ditu, bai, baina argazki bakoitzaren kalitateari erreparatuta, gasteiztarrak nekez gaindituko du Messner.

Atzo goizaldeko 06:30ak inguruan zapaldu zuen Oiarzabalek Cho Oyuko gain zapal eta amaigabearen punturik altuena. Balkoi hartatik hirugarrengoz bistaratu zituen Everest, Lhotse eta Khumbu ibarreko beste hainbat tontor zoragarri. Lehendik ere paisaia aski ezaguna beretzat. Euskal Herriko pare bat irratirekin izandako hartu-emanean «poza» adierazi zuen, altuerak areago urratutako ahotsarekin. Poza, batez ere bakarrik zegoelako, «bakardade gozagarrian». Gogoan zuen nonbait, iaz, Edurne Pasaban eta Jose Ramon Agirre Marronekin igo zueneko hartan, gainezka zegoela Cho Oyuko gaina. «Himalayako zenbait mendiren gainpopulazioa» deitoratu zuen orduan. Atzo, zorionekoa bera, bakarrik zegoen Cho Oyu tontorrean.

Beherako bidea hartu eta lasterrera beste talde bateko mendizale poloniar bat eta neska bat topatu zituen, gailurretik gertu haiek ere. Eta gain zapalaren amaieran beste bikote brasildar batekin egin zuen topo. Ohartarazi zien Juanitok berandu zela gorantz jarraitzeko, baina brasildarrek segi egin zuten. Bigarren kanpalekuraino (7.200 m) jaitsi zen Oiarzabal. Han geratu zen gaua pasatzeko, leher eginda. Gaur goizean jaitsiko da kanpaleku nagusiraino.

Igoera osoa egin zuen Oiarzabalek aurretik, «elur bigunean» arrastoa zabaltzen, eta neka-neka eginda zegoela jakinarazi zuen bigarren kanpalekura iritsi zenean. Abiatu, hirugarren kanpalekutik (7.500 m) abiatu zen gasteiztarra. Bezperan beste lau mendizalek egindako arrastoa jarraitzen saiatu zen, baina nonbait azken egunetan erori den elur guztiak ezinezko egin zuen hori eta berak zabaldu behar izan zuen arrastoa. «Iaz Edurne Pasabanekin egindako igoerarekin alderatuta, baldintzak gogorragoak izan dira oraingoan», zehaztu zuen.

Datorren astean berriro gora

Irailaren 4an abiatu ziren Juanito Oiarzabal eta Gumersindo Ibañez Gasteiz Mendi Taldeko presidentea Cho Oyu aldera. Talde txikia osatzen dute bi gasteiztarrek. Gumer Ibañezek adinean sartuxea jada bere lehen zortzimilakoa igotzea du helburu. Oiarzabalek, helburu horretan Ibañezi laguntzea eta, bide batez, Messnerren marka gainditzea. Uztailean Gashebrum I eta II, bi zortzimilako horiek igo ondoren, altuerako aklimatazio askoz hobea zuen Oiarzabalek Ibañezek baino, eta abagadunea izan duen orduko, bere erronka ase du. Gumer Ibañezen desioa betetzea geratzen da orain. Datorren astean saiatuko dira horretan. Azken egunetan eroritako elur guztia finkatzen eta mendia egonkortzen uzteko asmoa iragarri dute bi mendizaleek. Beraz, Juanitok beste zortzimilako bat zenba dezake datozen egunetan. Cho Oyu laugarrenez. Hogeigarren zortzimilakoa.

z

Datua





Ang Rita, 19 zortzimilako igo dituen beste mendizalea

Juanito Oiarzabalek gainditu du Reinhold Messner zortzimilako igoerei dagokionez, baina kopuru hutsari erreparatuta, bada beste bat 19 zortzimilako igoak dituena: Ang Rita sherpa. Rita, Elurretako leopardo ospetsua, hamar aldiz igo da Everestera, guztiak oxigenorik gabe, lau bider Cho Oyu eta Dhaulagiri eta behin Kangchenjunga. Jakina, hamalau zortzimilakoak igotzea zailagoa da, baina zenbakien dantzan sartuta...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.