Metro bakar bat falta izan zaio Ruben Perezi Suitzan nagusitzeko

Vladimir Isaitxevek irabazi du sei laguneko ihesaldiko esprinta, eta Rui Costak jarraitzen du liderraren maillotarekin

unai zubeldia
Donostia
2012ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Saiatu zen urrutitik erasoa jota; behin, bi aldiz eta hiru aldiz ere bai. Eta saiatu zen azken esprintean ere. Baina ezin. Metro bat. Horixe falta izan zitzaion Ruben Perezi (Euskaltel -Euskadi) Suitzako Itzuliko bosgarren etapa irabazteko. Vladimir Isaitxevek (Katuxa) kendu zion saria, sei laguneko ihesaldiko txirrindularirik indartsuenak. Baina, beste behin ere, ihesaldietarako oso txirrindulari aproposa dela erakutsi zuen zaldibartarrak. Aurreko zazpikoak —Klaas Lodewyck (BMC) ezinean geratu zen gero— ez zuen urduritu tropel nagusia, eta 11 minututik gorako galerarekin helmugaratu zen, Elia Viviani (Liquigas) buruan zela. Rui Costa (Movistar) abiatuko da gaur ere liderraren maillotarekin.

Peter Saganek (Liquigas) behingoz atseden hartzea hobe zela erabaki zuen atzo, eta horri eskerrak baimendu zuen Liquigasek aurreko zazpien ihesaldia. Horri eskerrak, eta Daniel Oss ere (Liquigas) ihesaldian sartu zelako. 15. kilometroan hasi zen gorpuzten, eta berehala lortu zuten aldea. Helmugara iristeko 100 kilometro falta zirenean hamar minututik gorakoa zen aldea, eta atzean ez zegoen lanerako inolako borondaterik.

Atzeko taldean albiste bakarra izan zen, eta hura txarra: erorketa bat tarteko, Iban Belasko (Euskaltel-Euskadi) erretiratu egin zen, lepauztaia minduta. Garaipena aurrean zegoen jakitun, helmugara iristeko 22 kilometro falta zirenean hasi ziren aurrean erasoka. Lodewyckek jo zuen lehen erasoa, baina inor ez zen gai izan gainerakoak atzean uzteko. Indarrak ahituta, Isaitxev izan zen indartsuena amaiera bihurrian. Orain bost urte egin zuen debuta profesionaletan, eta atzokoa du lehen garaipena.

Wittnau eta Bischofszell artean seigarren etapa jokatuko da gaur, 198,5 kilometrokoa. Gogorregia izan gabe ere, hirugarren mailako hiru mendate eta laugarren mailako beste bi dauzkate tartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.