Miami Heat hiru partida segidan galtzetik zetorren Mendebaldeko Konferentzian egindako bidaiatik, eta laugarrena ere galtzear egon zen, San Antoniok hankapean ibili baitzuen lehen laurdenean. Dwayne Wade gabe jokatu zuten Floridakoek, eta LeBron James eta Chris Bosh ezinean ibili ziren Texaskoek kanpoko lerrotik egin zuten erakustaldiaren aurrean. Zazpi hiruko saskiratu zituzten lehen zatian, eta atsedenaldian 14 puntuko zuloa ireki: 49-63.
Laugarren porrotak ekar zezakeen erauntsiaren jakitun, aginte-makila hartu zuen Jamesek, eta hirugarren laurdenean partida irauli zuen Miamik. Partziala ikusgarria izan zen hamar minututan, 29-3, eta azukre koskorra bezala urtu zen San Antonio. Trukean, James puxika bat baino azkarrago puztu zen, eta lau hiruko sartu errenkadan bi minututan. 33 punturaino joan zen hegalekoa, eta Miami aise nagusitu zen: 120-98.
Orlando da Oklahomarekin batera NBAko talde onena. Zazpina garaipen lortu dituzte jarraian bi taldeek, Orlandok bart gauean Charlotte Bobcatsen aurka. Kostata nagusitu zen Dwight Howarden taldea, serio jokatu baitzuen Paul Silasen taldeak. 25 puntu eta 17 errebote lortu zituen Supermanek, eta 96-89 irabazi Orlandok. Bere konferentziako hirugarren postuan dago Orlando orain, 10-3 balantzearekin.
Houston Rockets ere goraka egiten ari da pixkanaka. Laugarren garaipena lortu zuen errenkadan Detroiten aurka, 97-80- 14 puntu sartu zituen Luis Scolak, baina Houstongo bost jokalarik gainditu zuten hamar puntuko langa, eta horri esker nagusitu. Houston 7-7 balantzearekin dago oraindik, dena den, eta garaipen batera dauka oraindik bere konferentziako zortzigarren postua. Oklahoma da konferentziako talde onena, 12-2 markarekin.
Miamik bolada txarra eten du, eta Orlandok zazpigarrena lortu jarraian
Houston Roketsek ere laugarren garaipena lortu du errenkadan, eta konferentziako zortzi onenetara hurbildu da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu