ERRUGBIA

Miarritzek Perpinyaren kontra jokatuko ditu Sud Radio Challengeko final-laurdenak

DONOSTIA
2003ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Sud Radio Challengeko azken jardunaldian Beziersen kontra 25-0 irabazi izanak larunbatean, eta hiru entsegu eginda, final-laurdenetako kanporaketa etxean jokatzea eragin zion Miarritzeri. Igande arratsaldean bertan egin zuten kanporaketen zozketa, eta miarriztarrei Perpinya (Katalunia) egokitu zitzaien. partida bakarrerajokatuko dute, eta azaroaren 1ean.

Beste hiru kanporaketak: Brive-Montferrand, Bourgoin-Colomiers eta Tolosa-Castres. Finalerdiak azaroaren 8an jokatuko dira, eta finala, 2004ko maiatzaren 11n. Miarritzek final-laurdenetako kanporaketa gaindituz gero, Tolosa edo Castresen aurka jokatuko luke finalerdia.

Nolanahi ere, Miarritzeren helburu nagusia Top 16 Liga Xapelgoa irabaztea da, eta heldu den larunbatean (19:30) hasiko du ibilbidea, Beziersenkontra. Beziersek ez zituen bere jokalaririk esanguratsuenak zelairatu larunbatean, baina hori bere arazoa izango da. Miarriztarrei ongi egin zien partida irabaztea, eta challengeko bi partidak kontuan hartuta, argi geratu da Miarritze gehiago dela. Gainera, hiru entsegu egin zituen.

Jokalariei dagokienez, soilik Etxeberriak ukan zuen zaintiratua, baina Beziersen jokatzea espero da.

Baionak hobetu egin du jokoan, eta 5. postuan da

Etxetik at irabaztea lortu ez duen arren, etxean hirugarren garaipena erdietsi zuen, Aurillac mendean hartuta (37-20). Ondorioz, sailkapeneko bosgarren postuan da 11 punturekin. Sailkapeneko burua, berriz, Lyon da 16 punturekin.

Lapurtarrek mugimenduzko jokoa egin zuten larunbatean, eta prestakuntza fisiko egokia agertu zuten; batez ere, lehen zatian. Jokaldi ugari kateatu zuten, eta talde-lanean ukan zuten garaipenaren gakoa. «Jokatzeko gogo gehiago erakutsi genuen, eta ongi erabili genuen baloia», adierazi du Yannick Lamourrek. Hurrengo partida Mont-de-Marsanen jokatuko dute (urrriak 25).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.