Mihia jan dizu katuak? da AEK-k euskaltegietako 2008-2009 ikasturteko matrikulazio kanpainarako hautatu duen leloa. Hain justu, gaur aurkeztu dute kanpaina Gasteizen, Zadorra Euskaltegian -larunbatean zabalduko dute-, Fernando Landaburu, Mertxe Mugika, Oskar Elizburu eta Aitziber Sarasola zuzendaritzako kideek.
Milaka kartel aterako ditu AEK-k, bi irudirekin: batean katu bat agertuko da mihia jan dizu katuak? leloarekin, eta bestean txakur bat ageriko da la ciencia de enseñar la lengua maistosamente mezuarekin.
Katua "isiltasunarekin eta ez hitz egitearekin lotua dagoen etxeko aberearea" dela diote AEK-koek. "Badirudi katu horrek mihia jan diela euskaraz aritzeko erraztasunik ez daukatenei, euskaraz zerbait jakin arren askatzen ez direnei, inoiz egin eta ahaztu egin dutenei... Azken batean, euskaldun aktiboak izateko zailtasunak dituztenei".
Txakurra, berriz, "laguntasuna eta leialtasunarekin" lotu dute. Horrela, adierazi nahi dute euren helburua "katuak mihia jan dien horiei guztiei irtenbidea" ematea dela, hiztun berri eta aktikoak "adiskidetasunez" sortuz.
Eskaintza zabala
Aukera ezberdinak eskainiko dizkie AEK-k ikasleei: ohiko euskara eskolak, titulu homologatuak lortzeko ikastaroak, taldeentzako ikastaroak (etorkinak, koadrilak, gurasoak...), barnetegia, autoikaskuntza, on-line ikastaroak, glotodidaktika (euskara irakaslea izateko), itzulpen zerbitzua eta euskararen normalizazio eta erabilera sustatzeko zerbitzua (enpresetan, administrazioan)...
Eusko Jaurlaritzak euskararen egiaztagiri guztiak baliokidetzeko erabakia hartu zuen iaz. Horrela, Europako Erreferentzia Marko Berrituari jarraiki EGA titulua 3. mailarekin parekidetzen da eta, euskaltegian matrikulatuta egonez gero, ez da beharrezkoa izango atariko proba egitea.
AEK-k azpimarratu du helburua ez dela ikasleek tituluak lortzea bakarrik, baizik eta erabilera sustatzea.
'Hitza' erdi prezioan
Gipuzkoa eta Bizkaiko hainbat eskualdetan argitaratzen den Hitza egunkaria erdi prezioan jasotzeko aukera izango dute AEK-ko ikasleek. "Herriko eta inguruko berriak egunero euskaraz ezagutzeko modu ederra da".
"Irakurtzea, ikaskuntza prozesuaren atal garrantzitsua" dela dio koordinakundeak eta ikasle guztiek Aizu! aldizkaria jasoko dute.
Euskara
Mihia jan dizu katuak?
Gaur aurkeztu du AEK-k matrikulazio kanpaina. Ikasleek euskara ikastea eta erabiltzea da helburua. 'Hitza' egunkaria jasotzeko aukera berezia izango dute ikasleek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu