Milanen esprinta prestatzen hasi eta San Remon azken kolpea eman. Horixe da Milan-San Remo lasterketa. Denboraldiko lehen klasiko handia. 298 kilometroko berotua. Passo del Turchino eta Le Manie koxkak lehenengo, Cipressa gero, eta Poggio di Sanremo azkenik. Lau koxka tente daude ibilbide guztian. Esprinterren kokapena aldrebesten duten lau koxka gogor dira. Baina San Remon esprinta izaten da, beti ez bada, gehienean. Horren erakusgarri, 1996tik klasikozaleek lau aldiz soilik saihestu dute esprinta. Gabriele Colombok irabazi zuen urte hartan; Andri Txmilek 1999an; Paolo Bettinik 2003an; eta Fabian Cancellarak 2008an. Balentria horiek salbu, esprinterren izenak ageri dira Milan-San Remoren palmaresean: Oscar Freire (Rabobank), Mark Cavendish (Highroad), Filippo Pozzato (Katuxa), Alessandro Petacchi (Lampre), Mario Cipollini, Erik Zabel...
Klasikoen artean ezaugarri berezi bat dauka Milan-San Remok: balizko irabazleen zerrenda zabala. Estresagarri eta arriskutsu bihurtzen du horrek proba, erorketa dezente izateko arriskua egoten delako. Hori bai: esprinterren artean dominatzaile argi bat falta da denboraldi honetan. Sasoiko lehen probetan inor ez da nabarmendu besteen gainetik. Eta hainbat talderen barruan ere borroka handia egongo da. Adibide argi bat jartzeko garaian, Garmin-Cervelo da kasurik nabarmenena. Tyler Farrar da taldeko esprinter nagusia, eta hark izan beharko luke gaur taldeburua. Baina estatubatuarrak herren egin dezake Poggion gora —3,7 kilometro dauzka, %3,7ko batez bestekoarekin; baina %8ko aldapa bat ere badago tartean—, eta Garmin-Cervelok beste bi aukera ere badauzka: Thor Hushovdena bata, eta Heinrich Hausslerrena bestea. Oilar asko daude oilategi bakarrean, eta taldeak oso argi eduki beharko du gauzatu beharreko estrategia, hasi eta buka behar bezala lan egiteko.
Faboritoen zerrenda luzean Oscar Freire (Rabobank) ageri da letra larriz idatzita, espainiarrak hiru aldiz irabazia baitu Milan-San Remo klasikoa: 2004an, 2007an eta iaz. Alessandro Petacchi (Lampre), Mark Cavendish eta Matthew Goss (Highroad), Andre Greipel (Omega Pharma-Lotto), Tom Boonen (Quick Step), Juan Jose Haedo (Saxo Bank), Daniele Bennati (Leopard-Trek)... Esprinterren zerrenda luzea da hori.
Gilbert, Boom, Cunego...
Baina, esprinterrak alde batera utzita, gertutik zaindu beharrekoak dira beste txirrindulari batzuk ere: Philippe Gilbert (Omega Pharma-Lotto), Lars Boom (Rabobank), Damiano Cunego (Lampre), Fabian Cancellara (Leopard), Edvald Boasson Hagen (Sky)... Gilberti dagokionez, sasoi onean dagoela erakutsi berri du Tirreno-Adriatikoan. Eta Cancellarak ere erakustaldia eman zuen itzuli horretako azken erlojupekoan. Italiarrak etxeko klasiko handia irabazteko grinaz daude, ordea, Pozzato 2006an gailendu zenetik ezinean ibili direlako.
Euskaldunei dagokienez, zortziko honekin ariko da Euskaltel-Euskadi: Amets Txurruka, Egoi Martinez, Iban Belasko, Juanjo Oroz, Javier Aramendia, Jonathan Castroviejo, Jon Izagirre eta Daniel Sesma. Txurruka bera izango da taldeburua, baina ezin da ahaztu Oroz eta Izagirre oso ondo ibili direla Tirreno-Adriatikoan. Arkaitz Duranek, berriz, debuta egingo du Milan-San Remon, Geox taldearekin.
Urteroko legean, eta, ohiko ihesaldia gauzatu ondoren, ondo bidean azken 50 kilometroetan gogortuko da lasterketa: Capo Mele, Capo Cervo eta Capo Berta. Hiru muino horiek azken bi igoerak gogortzeko balia ditzakete talderik indartsuenek, eta Cipressara bidean tropel nagusia txikitzeko. Taldearen erritmoa bizituta, helmugara iristeko 28 kilometro eskas falta direnean hasiko dira igotzen Cipressa: 5,6 kilometroko igoera da, eta %4,1eko batez bestekoa dauka; hori bai, %9ko aldapa gogor bat ere badauka tartean.
Eta egin behar izanez gero, Poggiok egingo du azken galbahea. Sei kilometro besterik ez da geratuko gainetik San Remoko helmugara. Esprinterren taldeek erritmo bizia jarri eta taldeko esprinterra tropelaren buruan mantendu ezean, ez da egongo erreakzionatzeko denbora askorik. Milanen hasitako esprinta San Remon arrakastaz amaitzeko, beraz, ezinbestekoa izango da ondoan talde indartsua edukitzea.
Milandik San Remora, esprintean
Denboraldiko lehen klasiko handia jokatuko da gaur, Milan-San Remo, eta, urtero bezala, esprinterrak izango dira faborito argiakKlasikozaleek Poggion gora hautsi beharko dute proba, lau kilometroko koska gogorrean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu