Seigarren denboraldia hasi berri du Igor Gonzalez de Galdeanok (Gasteiz, 1973) Euskaltel-Euskadin. Idazkari tekniko gisa aritu zen lanean lehen lau sasoietan, eta bigarren denboraldia du jada manager lanetan. Hiru itzuli handitan parte hartuko du aurten taldeak, eta managerrak onartuta dauka Italiako Giroak maiatz-ekain inguruan min egingo diola taldeari. Baina atzo Donostiako Antzoki Zaharrean egin zuten aurkezpenean argitu zuten moduan, pauso sendoak ematen ari da taldea, kirol arloan eta kirol arlotik kanpo. Orain arteko hamazazpi denboraldiak «zailak» izan direla gogorarazi zuen Miguel Madariaga ohorezko presidenteak. «Zuengatik, zuentzako», mezua helarazi zien zaleei. Eta Gonzalez de Galdeanori loreak bota zizkion, «lan zoragarria» egiten ari delako.
Sasoi honetako egutegia eta taldea bera aztertuta, zein helburu dauzka Euskaltel-Euskadik 2011rako?
Helburuak, oro har, ez dira asko aldatu; baina helburu horien garrantzia, bai. Batetik, bizpahiru urte daramatzagu Euskal Herriko Itzulia irabazi nahian, eta aurten konfiantza handia daukagu Samuel Sanchezengan. Irabazteko gai gara. Bestetik, Italiako Girora talde polita eramango dugu, Igor Anton taldeburu gisa hartuta; baina, hori bai, etaparen bat irabaztea izango da helburua, hortik gorako helburuak ez direlako errealak. Frantziako Tourrean, berriz, gai izan behar dugu berriz ere podiumera igotzeko borrokan sartzeko. Eta, azkenik, Igorrekin [Anton] Espainiako Vuelta irabazi nahiko genuke.
2010ean 17 garaipen lortu zenituzten, eta, beraz, Euskaltel-Euskadiren 18. denboraldian ez da erraza izango lorpen hori berdintzea, ezta?
Helburua ez da hori. Batez bestekoak aterata, urtero sei-zortzi lasterketa irabazten ditugu, eta pixkanaka joan behar dugu batez besteko horiek gainditzen. Aurrekoa urte polita izan zen, baina badakigu zailtasun asko izango dugula garaipenak lortzeko, helburuak ere geroz eta garrantzitsuagoak direlako.
Pierre Cazaux, Mikel Landa eta Jon Izagirre fitxatu dituzue denboraldi honetarako. Zer eman diezaiokete hiru txirrindulari horiek taldeari?
Cazaux hazten ari da txirrindulari gisa. 26 urte dauzka, adin politean dago, eta saiatuko gara pixkanaka barruan daukan guztia ateratzen. Beste biak, berriz, oso gazteak dira, eta helburua ez da aurten jada maila bikaina ematea. Etorkizuneko apustuak dira, baina biak dira oso garrantzitsuak.
Tour Down Under lasterketan Gorka Izagirrek eskura eduki zuen lehen garaipena, eta Cancer Council Classic proban, Australian bertan, tarteko helmugetako saria lortu zuen. Lehiakor ekin diozue sasoiari...
Bai, bai. Oso txirrindulari trebea da Gorka Izagirre. Beti saiatzen da ihesaldietan sartzen, eta Australian irabazteko moduan egon zen. Etorkizunerako oso txirrindulari garrantzitsua dela esan nahi du horrek, jada hasi delako emaitzak lortzen.
Euskaltelek hurrengo bi urteetarako babesa eman dio jada taldeari. Lasterketak prestatzeko garaian lasaitasuna emango du horrek, ezta?
Hala da. Gure babesleek proiektu honekiko konpromisoa daukate. Euskaltelek bi urte gehiago jarraituko du gurekin, eta erakundeek ere gu babesten jarraituko dute. Guk gogotik lan egin beharko dugu emaitzak lortzeko eta taldearen etorkizuna ziurtatzeko. Taldeak 18 urte daramatza maila gorenean, baina beste 18 urtez jarraitzeko gai izan behar dugu.
Italiako Giroa izango da denboraldiko lehen itzuli handia. Taldearen egituran zer eragin edukiko du Giroak berak, eta hiru itzuli handiak lehiatu behar izateak?
Guretzat oso zaila da hiru itzuli handiak lehiatzea. Beti izan da hala, eta aurten ere min egingo digu. Igor [Anton], 28 urterekin, txirrindulari garrantzitsua da jada, bai guretzat eta bai tropelarentzat. Aurkezpen txartel onarekin ekingo diogu Giroari, talde indartsua izango garelako. Baina gero badakit maiatzean eta ekainean arazoak edukiko ditugula, Dauphine Liberen eta Suitzako Tourrean, batez ere. 23 txirrindulari bakarrik dauzkagu taldean, gutxi dira, eta Giroan ondo ibiliko garen arren, maiatz-ekainetan sufritu egingo dugu.
Samuel Sanchezi eta Igor Antoni itzuli handiak irabazteko edo podiumean sartzeko eskatu behar zaie, edo gehiegizko presioa da hori?
Hori eskatzeko moduan gaude jada. Samuelek [Sanchez] 32 urte dauzka, eta ez da harritzen lorpenekin. Igorren [Anton] kasua desberdina da. Hazten ari da oraindik, goraka doa, eta askotan bera ere harrituta sumatzen dugu. Baina pixkanaka esperientzia hartzen ari da. Oso indartsua da, eta iazko esperientziak indarra emango dio. Hurrengo bost urteetan oso txirrindulari indartsua izango da.
Taldeak Samuel Sanchezen, Igor Antonen edo Koldo Fernandez de Larrearen garaipenen mendekotasuna eduki dezakeen beldurrik baduzu?
Ez, ez. Hirurak ohituta daude irabaztera, baina aurreko denboraldian beste txirrindulari batzuek ere erakutsi zuten irabazteko gai direla. Iaz zortzi txirrindularik irabazi zuten etaparen bat, eta garrantzitsua da hori. Ea aurten horrela jarraitzen dugun.
Alberto Contador ia ziur, eta Denis Mentxov agian, ez dira egongo Tourrean. Iazko Tourrean Samuel Sanchezen aurretik geratu ziren biak. Huts egitea litzateke aurten podiumean ez sartzea?
Ez, ez. Podiumean sartu gabe ere, oso pozik amaitu genuen iazko Tourra. Eta aurten ere borroka horretan sartzea da helburua. Txirrindularia izandakoa naiz, eta badakit oso zaila dela podiumean sartzea. Baina Samuel gai da, eta saiatuko gara berari laguntzen. Hori bai, podiumean sartzen ez bada, ez da porrota izango.
Mikel Astarlozari ekainaren 26an amaituko zaio zigorra. Euskaltel-Euskadiren ateak irekita daude?
Mikel Astarlozaren kasuan itxaron egin behar dugu. Positibo eman zuenetik gauza asko esan dira, gezur asko esan dira, baina orain ez gaude kasu horri begira. Guretzat beti izan da txirrindulari garrantzitsua, baina ikusi egin beharko da haren kasua nola amaitzen den. Momentu hori iristen denean begiratuko dugu zer egin dezakegun. Haren kasua ez dago nire esku. Bai berak, bai taldeak asko sufritu dugu, eta orain itxaron egin beharra daukagu. Jendeak asko hitz egiten du, baina guk lasai egon beharra daukagu.
Igor Gonzalez de Galdeano. Euskaltel-Euskadiko managerra
«Min egingo digu hiru itzuli handiak lehiatzeak»
Euskal Herriko Itzulia, Giroko etaparen bat, Tourreko podiuma eta Vuelta. Igor Gonzalez de Galdeanoren hitzetan, lau zutabe ditu Euskaltel-Euskadiren sasoiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu