Lau eta erdiko finala. Jokin Altuna. Aspeko pilotaria

«Min egiten dit zalantzan jartzeak min dudala»

«Inoiz baino gehiago» sufritu du finalera iristeko. Ezker sorbaldan duen oinazeak ez dio utziko «bete-betean» aritzen. Baina txapela nahi du.

GOTZON ARANBURU / FOKU.
Julen Etxeberria.
2023ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Jokin Altunak (Amezketa, Gipuzkoa, 1996) abisua eman zien lagunei: ez egiteko aurrerapen handiarekin finalerako plana. Baina gaizki ohituak ditu, eta ez zioten kasu egin. «Hala da, baina seguru finalerdian urduri egon zirela. Lasai-lasai egon nintekeen kalean».

Ikusi gehiago:Peio Etxeberria: «Finalean irudikatzen nuen neure burua»

Iaz «sekulakoa» bazen zazpigarrenez jarraian lau eta erdiko finala jokatzea, zer da zortzigarrenez jarraian jokatzea?

Latza da. Ikaragarri pozik nago, baina ez zortzigarrena jarraian delako, neure buruari berriz final bat jokatzeko aukera eman diodalako baizik; are eta gehiago, kontuan hartuta zein egoera zailean egin nion aurre finalerdiari. Sekulako ilusioa dut finalari begira.

Marka latza da hau ere: Patxi Eugirekin, Aimar Olaizolarekin eta Juan Martinez de Irujorekin berdindu duzu.

Pilotari ikaragarriak dira hirurak, eta txikitatik denbora pila bat egin dut haiei begira. Handia da haiekin berdintzea, baina 27 urte ditut oraindik, eta borrokatzen segitu behar dut.

Honetan sufritu duzu gehien?

Bai. Ez da txapelketa erraza izaten ari. Gustura nago nola erantzun dudan zailtasun guztien aurrean. Horrek indarra ematen dit. Ea finalean dena eman eta egun polita bizi dezakedan.

Finalerdia amaitu berritan esan zenuen agian jendeak uste zuela ez zenuela minik. Uste duzu jendeak pentsatzen duela ez dela horrenbestekoa?

Baikoko pilotariek ez, baina Baiko enpresakoak bai aritu ziren esaten ez nuela ezer, eta seguru jokatuko nuela; hau da, txorakeriatan nenbilela. Min egiten dit halakoak entzuteak, min dudala zalantzan jartzeak. Nik baino ez dakit zer-nolako mina dudan. Inoiz, beste batek min izan duenean bezala, hori errespetatzen jakin behar da. Orain arte, inoiz ez naiz aritu min dudala esaten, eta, orain, ez nabil kasualitatez. Gaizki pasatzen ari naizelako eta osatu nahi dudalako ari naiz esaten.

Lesioak zertan ematen dizu lanik handien?

Besoa luzatu behar dudanean. Frontisetik urrun nagoenean, eta indarra eman behar diodanean egiten dit minik handien. Frontisetik gertu nagoenean, ordea, ez diot horrenbeste indar eman beharrik, eta ez dit horrenbeste mugatzen. Denbora daramat minez jokatzen, eta jada ohitu naiz. Banekien finalerdia jokatu osteko bi egunak txarrak izango zirela. Baina lasai hartu nuen.

Paretarekin talka egiteko beldurra duzu? Jokatzen ari zarenean, horretan pentsatzen ari zara?

Jokatzen ari naizenean ez naiz horretan pentsatzen ari. Baina pareta ukitzen badut, berehala sumatzen dut zerbait dudala eremu horretan. Baina, beroan, dena ematera zoaz halako jokaldietan. Ez dira kolpe handiak, baina min egiten didate, lesioa dudalako.

Finala atzeratzeko aukerarik balego, eskatuko zenuke?

Bai. Finalerdia jokatu aurretik enpresari galdetu nion ea aukera zegoen finalerdia astebetez atzeratzeko. Baina enpresak esan zidan araudian jada ez dagoela aukera hori. Beste horrenbeste egingo nuke finalarekin: astebetez atzeratzeko aukera balego, eskatuko nuke. Baina kito, ez dago, eta dagoenarekin egin behar da aurrera. Dena ematera joango gara.

«Dena» ematera joango zarela esan duzu, baina zenbat da hori? Zu entzunda, ia ezinezko dirudi bete-betean aritzea. Hala da?

Bete-betean aritu ahal izateko, gauza asko egin behar dira: ondo entrenatu behar da, minik gabe, eta konfiantzarekin iritsi. Baina ni bizitzen ari naizen une hau beste pilotari askok biziko zuten aurretik. Aurrera egin behar dut, eta finala prestatzeko dudan denbora ondoen aprobetxatu. Neure buruari egin diodan opari baten gisa hartu dut final hau. Saiatuko naiz ahalik eta gehiena aprobetxatzen eta azkeneraino borrokatzen.

Nola prestatzen ari zara finala min duzula aintzat hartuta?

Aurreko astean sorbaldari atseden eman nion, indarberritzeko. Aste honetan, berriz, aukera izan nahiko nuke finala ondo prestatzeko, beldurrik gabe iristeko. Ea lortzen dugun.

Zu, larri, eta, parean, pilotaririk sasoikoena: Peio Etxeberria.

Hala da. Peio izan da orain arte txapelketako pilotaririk onena, baina horrek ez du esan nahi finala irabazia duenik. Finalak ezberdinak dira, eta nik badakit pilotari handia izango dudala aurka, baina neure burua gai ikusten dut finalera joan, partida ederra egin eta irabazteko. Hori pentsatu behar dut; gaizki noa kontrakoa pentsatzen badut. Nik nireari erreparatu behar diot, nire lana ondo egiteari.

Aurkezpenean esan zenuen Peio Etxeberriak «edonoiz» egin zezakeela finalerako jauzia. Esan, eta gertatu.

Udan badaude telebistak ematen ez dituen hainbat partida, eta Peio oso ondo aritu zen horietan; oso indartsu ikusten nuen aspaldian. Asko saiatu da, eta lan handia egin du, eta orain iritsi zaio unea. Seguru bete-betean saiatuko dela uneaz gozatzen eta txapela irabazten. Nik ere halaxe egingo dut.

Pilotarentzat berri ona da beste pilotari bat aritzea lehen aldiz finalean?

Noski, albiste oso ona. Txapelketa guztietan bizpahiru faborito egon ohi dira, baina azkenaldian askotan ari da gertatzen pilotari berriak iristea finalera, izan banaka edo izan binaka. Horrek agerian uzten du pilotari guztiak gero eta hobeto ari direla, eta denak direla arriskutsuak.

Zer da Peio Etxeberriak daukan onena?

Oso oldarkorra da, eta asko egiten du aurrera, bi eskuekin: ezkerrarekin ez du zulorik, eta eskuinarekin, daukan bolearekin, min handia egiten du. Oso pilotari konpletoa da. Baina beti diot gauza bera: aurkariari bakarrik erreparatzen badiozu, kezkak besterik ez zaizkizu etortzen burura, gauza onak ikusten dizkiozulako. Nire jokoa ahalik eta ondoena egiten ahalegindu behar naiz.

Neurria hartua dizu: azkeneko hiru partidak irabazi dizkizu lau eta erdian.

Finalak ezberdinak dira, baina datu horiek hari balioko diote bere burua konbentzitzeko aukera duela niri irabazteko. Beste partida bat da hau, eta biok sasoi ezberdinean iritsiko gara: bera txapelketako pilotaririk onena izan da. Baina horrek ez du ezer esan nahi. Partida batera jokatuko dugu, eta une horretan jokatu behar da.

Zeintzuk izan daitezke partidako gakoak?

Egun, joko azkarrean, garrantzi handia dute sakeak eta errestoak. Erritmo bizian jokatzen da, baina tanto sorta handiak ere lortzen dira. Gustatuko litzaidake piloteoa egotea. Berak, aldiz, oldarkorrago jokatzen duenez, kontrakoa nahiko du. Partida lasaixeagoa izatea komeni zait niri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.