Ekaitz Saies. Piraguista

«Min hartzean, pentsatu nuen ez nintzela berriro piraguista izango»

Bere kirol unerik onenean, lesio larria izan zuen: peronea hautsi zuen. Ez zuen amore eman, eta aurreko maila berreskuratu zuen.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2012ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Kontraesanez betetako ibilbidea izan du Ekaitz Saies piraguistak (Donostia, 1982). Unerik gozoenetan jaso du kolpea, eta zailenetan egin du gorantz. 2010ean lesio larri bat izan ondoren, dena amaitu zela pentsatu zuen. Baina urtebete ere ez zen igaro, eta munduko txapeldun izan zen. Goi mailan zen berriro, eta Olinpiar Jokoetan egoteko ilusioarekin. Eskuetatik kendu zioten txartela, ordea. Dena den, gogo berberarekin entrenatzen jarraituko du, piraguan gozatzen baitu oraindik. Hori aldatzen den egunean bertan utziko du piraguismoa.

Espainiako txapeldun izan berri zara, K1-eko 500 metroko proban.

Kontua galdu dut jada, baina dozena bat aldiz izan naiz Espainiako txapeldun, hiru modalitatetan (1.000, 500 eta 200 metroko probetan), eta horrek poztu egiten nau. Baina orain 200 metrokoan espezializatu naiz.

500 metrokoa ez baita jokoetako distantzia...

Zoritxarrez, ez. Hori izan da nire distantzia betidanik. Baina Londreserako 200 metrora aldatu zuten, ikusgarritasunaren aldera. Orduan, aukeratu behar nuen luzera edo motzera egin, eta 200 metrokoan espezializatzea izan zen nire apustua.

Aldaketa handia izan al da?

Hasiera batean ez genuen espero, baina lehiatzeko orduan asko nabaritzen da nolako ziurgabetasuna dagoen. Helmugara iristean ez dakizu zein postutan iritsi zaren ere. Distantzia aldaketa egin dugunok ezustekoa hartu dugu.

Sprinteko piraguismoan aldeak oso txikiak dira. Zerk markatu ditzake?

Goi mailan gauden guztiak denbora ia berean gabiltza. Motibatuta egoteak asko egiten du, baina baita lasai egoteak, ondo lo egiteak eta ondo jateak ere. Dena den, gerta daiteke gaizki lo egin eta gaizki janda ere, lasterketa irabaztea. Gauza batzuk ez daude zure kontrolpean, eta ez dakizu kasualitatea edo zortea den.

Londresen egotea zen zure helburua, eta oso gertu geratu zinen.

Iazko Munduko Txapelketan hamargarren izan nintzen, eta zortzi sailkatzen ziren arren, plaza lortu nuen azkenerako. Baina selekzioarentzat zen, eta hautaketa probetan lehiatu behar nuen. Saul Craviotto olinpiar txapeldunaren aurka galdu nuen bertan.

Amorrua ematen du zuk plaza lortu eta beste bat joateak?

Egia esanda, bai, amorrua ematen du. Gainera, Olinpiar Jokoak abuztuan izanda, selekzioaren probak hilabete batzuk lehenago izateak ez du laguntzen denboraldia planifikatzeko.

Olinpiar Jokoak jokatzen ari dira. Zer sentipen eragiten dizute?

Alde batetik, ilusioa egiten didate, zalea naizen aldetik, kirola asko jarraitzen baitut. Baina, bestetik, amorrua ematen dit bertan ez egoteak. Lau urtez gogor lan egin dut, helburua han egon eta gozatzea zen, baina ez da posible izan.

Horren aurretik, lesio larri bat izan zenuen.

2010eko abenduan izan zen. Motorrean nindoala erori eta peronea hautsi nuen bi lekutatik. Bazirudien nire olinpiar ametsa bertan amaituko zela, baina ez zen hala izan. Lesioa izan nuen sasoi berean lortu nuen jokoetarako plaza. Beraz, askotan ez dakizu gauzak nondik ateratzen diren. Dena amaitu dela pentsatzen duzu, inolako presiorik gabe entrenatu, eta ia ezinezkoa dena lortzen duzu.

Zer pentsatu zenuen min hartzean?

Lesioak asko mugatuko ninduela etorri zitzaidan burura hasieran, ez nintzela berriro piraguista izango. Olinpiar zikloa bertan amaituko zela uste nuen.

Eta, hala ere, berehala hartu zenuen piragua berriro.

Hiru aste baino ez ziren pasatu berriz piraguan ibiltzen hasi nintzenerako. Plastikozko piragua zabal bat zen, eta aita alboan nuen beti. Lehiatzekoa, berriz, hiru hilabetera hartu nuen, oraindik makuluekin nenbilela. Taldeko gazteek laguntzen zidaten piragua uretara sartzen, eta makuluak piragua barruan neramatzan.

Handik gutxira munduko txapeldun izan zinen, txandakako K1 200 metrokoan.

Bigarren aldia zen munduko txapeldun nintzela. Lehena, berezia izan zen, ez genuelako espero. Baina bigarrenak emozio asko zituen bere barnean. Istripuak dena zaildu zuen, eta garaipenak sentimendu asko azaleratu zituen. Sekulako poza hartu nuen.

Pekingo Olinpiar Jokoetan ere ez zinen izan. Zer gertatu zen orduan?

Bitxia izan zen. Hautaketa probetara ez nintzen sasoi onenean iritsi, eta ez nuen plaza lortu. Baina urte hartan, Munduko Kopan inoiz baino hobeto aritu nintzen.

Horrek eta lesioak indarra eman al zizuten etorkizunera begira?

Bai, kolpe horiek indartu egiten zaituzte, eta kirolari gisa helduagoa egiten zara.

Rio de Janeiro 2016 duzu buruan? Zure azken aukera izango al da?

Buruan dut, bai, baina patxada handiz. Eta baliteke azken aukera izatea, baina piraguismoan kirol bizitza asko luzatzen ari da. 48 urteko piraguista bat izango da Londresko Olinpiar Jokoetan.

Bizi al zaitezke piraguismotik?

Posible da, bai, baina oso gutxi bizi gara, eta oso bizimodu ezegonkorra da. Sasoi onetan, bizitzeko adina irabaz dezakezu, baina txarretan (lesioa izan nuenean, esaterako), diru laguntzak galdu eta aurrezkietatik bizi behar duzu, edo beste lanen bat egin. Ez da bizimodu erraza.

Espero al zenuen horraino heltzea?

Inola ere ez. Ondo pasatzen nuelako hasi nintzen, inongo lehia grinik gabe. Eta oraindik piraguaz disfrutatzen dut, baina gozatzeari uzten diodan egunean bertan utziko dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.