Atleta

Teresa Errandonea: «Une oro minez egotea nekagarria da. Horregatik utzi dut»

Astebete igaro da erretiroa hartuko zuela iragarri zuenetik. «Lasaitua» hartu du, eta indarrez heldu diola eguneroko berriari. Nahiz eta inoiz hunkitu egiten den.

(ID_13624777) (Gorka Rubio/@FOKU) 2024-02-20, Donostia. Teresa Errandonea atleta
GORKA RUBIO / FOKU
ainara arratibel gascon
Donostia
2024ko otsailaren 22a
05:05
Entzun

Ordu mordoa igaro ditu Teresa Errandonea atletak (Irun, Gipuzkoa, 1994) bere kirol ibilbidean zehar Anoetako estadio txikian entrenatzen. Hantxe izan da elkarrizketa. Begietan eta hitz egitean nabari zaio gustura dagoela goi mailako kirola uzteko erabakiarekin.

Duela hiru urte hementxe bertan zinen, ilusioz beteta, Tokioko Olinpiar Jokoetara zindoazelako. Iragan astean, berriz, atletismoa uzten zenuela iragarri zenuen. Nola bizi izan dituzu hiru urte hauek?

Egia esan gauzak asko aldatu dira. Tokiora ere min hartuta joan nintzen, estresak eragindako lesio batekin. Baina handik helburuak betetzeko eta mugarriak ezartzen jarraitzeko ilusioarekin itzuli nintzen. Lesioek ez didate utzi. Horrek eragin du erabakia hartzea.

Abenduan egonaldia egin zenuen Hegoafrikan beste atleta batzuekin. Egonaldi hura erabakigarria izan zen, ezta?

Bai. Denboraldiaurrea ere ez nuen nahi bezala hasi. Orpazurdetako mina nuen artean ere. Ezin nintzen ondo entrenatu. Frustragarria zen. Ramonek [Cid entrenatzailea] berak esaten zidan entrenatzen desberdin ikusten ninduela. Hegoafrikara joan nintzen. Uste nuen bete-betean zeuden atletekin entrenatzen buelta emango niola egoerari, eta berriro ere dinamikan sartuko nintzela. Baina kontrakoa gertatu zen. Neure burua lekuz kanpo ikusi nuen. Aurretik ez nuen halakorik sentitu. Gainera, gaixotu egin nintzen. Pare bat infekzio izan nituen. Gorputza, eta batez ere burua, abisu bat ematen ari zitzaidan. Azkenean lehenago itzuli nintzen handik, eta erabakia ia hartuta.

Gabonetako oporren ostean argi esan nion Ramoni utzi egingo nuela. Berak esaten zidan pena handia ematen ziola, jarraitzeko moduan ikusten ninduela. Baina ezin zidala ezer aurpegiratu, eta ulertzen zuela. Izan ere, hark lasaiarazten ninduen entrenamenduetan, ni nekaezina bainintzen. Baina orain kontrakoa zen. Ez nuen indarrik aurrera jarraitzeko. Izan ere, minarekin bizitzen ikasi egiten da, baina une oro minarekin egotea nekagarria da. Horregatik utzi dut. Behin erabakia hartuta, barneratu, eta gertukoenei esan nien, eta iragan astean egin nuen gainerakoei jakinarazteko urratsa.

Nori esan zenion aurrena?

Gurasoei. Hegoafrikan nengoenean, haiekin hitz egiten nuenean; jabetzen ziren gaizki nengoela. Bueltatu bezain laster esan zidaten uzteko. Ez zuela merezi sufritzen jarraitzeak. Kirola zela, eta disfrutatzen ez banuen ez zuela merezi. Lasaitu handia hartu dute, erabakia hartu nuenetik gero eta hobeto ikusten nautelako, lasaiago. Azken batean, nire esku zegoen guztia egin dut hau hain goiz eta horrela ez amaitzeko, baita inguruan izan ditudanek ere. Oso ondo zaindu naute, baina ez da posible izan. 

«Nire esku zegoen guztia egin dut hau hain goiz eta horrela ez amaitzeko, baita ingurukoek ere. Baina ez da posible izan»

Oraindik goiz da. Baina nolakoa gertatzen ari zaizu aipatu duzun barneratze prozesua?

Gero eta hobeto doa. Psikologoarekin lan handia egin dut, eta neure burua ere gero eta hobeto ulertzen dut. Izan ere, Hegoafrikatik bueltatzean ez nuen argi zer sentitzen nuen. Hori aldatu da, eta gero eta askoz ere normalago daramat nire kirol ibilbidea bukatu dela. Oso urduri egon nintzen jakinarazi arte. Prentsaurrekoan ondo eutsi nion, baina nire aurpegian nabari da pasatuta nengoela. Baina jakinarazi ostean lasaitu handia hartu nuen. Nahiz eta momentuak ditudan. Adibidez, asteburuan Espainiako Txapelketak izan ziren. 60 metroko hesien proba jarri nuen telebistan, nirekin batera entrenatzen ziren atletak ikusi nahi nituelako. Beroketan, T hizkia irudikatu zuten kamerarantz, eta izugarri hunkitu nintzen. Gainera, Maria Vicentek irabazi zuen, eta hiruzpalau aldiz eskaini zidan garaipena. Momentu horietatik harago, ondo nago, eta eguneroko berrian murgilduta.

Hor aurrean atletak ari dira hesiak saltatzen. Inbidiarik ematen dizu?

Ez; oraintxe bertan, ez. Kirola egiten ari naiz, baina gogoaren arabera, gorputzak eskatzen didana: korrika pixka bat, tonifikazio zirkuituren bat, padela...  Zorionez, hori egiteko ez dut arazorik.

Erabakia hartu bitarte, Parisko Olinpiar Jokoetan egotea zenuen buruan.

Bai, baina hilabeteak ziren banekiela horrela ezinezkoa izango zela. Gainera, zera nuen buruan, mentalki ondo egotea. Batez ere, hori inporta zitzaidan. Psikologoak asko lagundu dit bide horretan. Asko dut eskertzeko.

Eta udan, Jokoak hasten direnean, non egongo zara?

Oporretan, Egipton. Bi asteko bidaia egingo dut. Nahiago dut ez ikusi, eta arreta hor ez eduki. Mariaren [Vicente] proba ikusiko dut bakarrik.

Tokioko Olinpiar Jokoez zein oroitzapen duzu?

Bizipen aldetik nire kirol ibilbideko onena izan da. 8 urte nituenetik neukan ametsa zen. Baina, kirol ikuspegitik, nahi beste ez nuen gozatu, oso urduri egon nintzelako.

«Tokioko Olinpiar Jokoak nire ibilbideko esperientziarik onena izan ziren bizipen aldetik. Baina kirol ikuspegitik ez nuen gozatu. Oso urduri egon nintzen»

Zerk eraman zintuen hesiak aukeratzera?

Asko gustatzen zitzaidan korrika egitea, eta eskolan atletismo talde bat sortu zuten. Berehala izena eman nuen. Modalitate guztiak probatu genituen, eta hau aukeratu nuen. Kateatu egin nauen kirola da, eta asko disfrutatu dut. Nik uste dut hori dela gakoa. Izan ere, bakarkako kirola da, eta ardura handia da. Hutsegiteak eta lorpenak zureak dira. Hori kudeatzen ikasi behar duzu.

Susana Ferreiro, Ibon Muñoz eta Ramon Cid izan dituzu entrenatzaile. Zer eman dizu bakoitzak?

Susana eskola garaikoa da. Harekin lehen urteak bizi izan nituen, eta kirol honetaz disfrutatzen erakutsi zidan. Horretarako garaiak ziren. Ibonekin, berriz, nerabezaroan egon nintzen. Denek dakigu zein zaila den adin hori. Hark lan handia egin zuen nik kirol honetan jarraitzeko. Oso garrantzitsua izan zen. Ramonekin hasi nintzenean 23 urte nituen, eta gauzak garbiago. Horri esker, eta berak duen ezagutza teknikoari esker, asko hobetu nuen. 2020ko pista itxiko eta 2021eko pista irekiko sasoietan goia jo nuen. Mugarri izan ziren.

Atzera begira, 8 eta 13 zenbakiek zer esaten dizute?

Segundotan jaitsi ezin izan ditudan langak izan dira. Hori izan da geratu zaidan arantza bakarra. Izan ere, entrenamenduetan jarraitutasuna izan banu, lortzeko moduan nengoela uste dut. Gertu ikusten nuen.

Eta hemendik aurrera zer?

Salto Systems enpresan egiten dut lan, eta horretan arreta osoa jarri nahi dut. Asko lagundu didate lana eta kirola uztartzeko garaian, eta nigan izan duten konfiantza eskertu nahi diet.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.