Ospreys. D. Jones (Bevington, 58. min.), Bennett (Hubbard, 48. min.), A. Jones (Jarvis, 64. min.); AW. Jones (kap.), Evans (R. Jones, 63. min.); Stomers, Tipuric (Bearman, 41. min.), Thomas; Fotuluali, Biggar; Williams, Beck, Bishop, Bowe; eta Fussell.
Miarritze. Barcella (Watremez, 76. min.), August (Hegi, 54. min.), Marconnet (Kodela, 62. mi.); Thion, E. Lund (Taele, 75. min.); Hariñorodki (kap.), Guyot, Lakafia; Yachvili, Peyrleongue (Baby, 51. min.); Balshaw, Traille, Bosch, Ngwenya; eta Haylett-Petty.
Markagailua. 0-3, 3-3, 6-3 (atsedenaldian); 9-3, 12-3, 12-6, 12-9, 15-9, 18-9, 18-14, 25-14, 28-14 eta 28-21.
Epailea. Andrew Small.
Asteak badoaz, eta denak antzera bukatzen dira Miarritzerentzat. Lapurdiko taldeak oxigeno ufaldi bat bezala hartu nahi zuen Heineken Kopa —Top 14ko azken postuan dago—. Baina lehen partida iragan eta gero, zorigaitzez, galtzaile atera da Miarritze. Zazpi punturen aldeaz galdu eta gero, hala ere, defentsako puntu gehigarriarekin konformatu beharko dute lapurtarrek.
Porrota porrot, lan egiteko oinarri ona utzi dio Galesen jokatutako partidak Patrice Lagisqueten taldeari. Munduko Kopan ziren jokalariek estreinako partida izan zuten atzokoa, eta hobekuntza nabaritu bazen ere, oraindik ere elkarrekin jokatzera ohitu beharko dute miarriztarrek.
Liga Zeltako liderraren etxean lanerako zeudela erakutsi zuten hasieratik Aguilerakoek. Aitzinean Barcella, Lund eta Hariñordoki itzuli izanak on egin zioten taldeari, eta eremu txikian lan ederra egin zuten. Traillek drop batekin saritu zuen bere aitzinekoen lana: 0-3. Baloia edukitzeko borrokan, «zaharren» itzulera ederki nabaritu zen, eta gazteen samurtasuna oroitzapen bihurtu zuten. Hainbeste astez taldekideengandik urrun egoteak arrastoak uzten ditu, baina. Erritmo gutxi izan zuen lehen zatiak. Miarriztarrei elkarren artean ulertzea falta izan zitzaien, eta zangoz ere Boschek ez zuen bere egunik onena izan.
Ospreysek hasierako ekaitza pasatzen utzi zuen, eta inteligentzia kolektibo handiz, partidaren agintea hartu zuen. Galesek beren jokoa plantan dute, eta jokaldi guztiak maisuki egin zituzten. Gogotsu baina automatismo faltan zegoen taldea sufriarazteko adina egin zuten. Biggarrek, gainera, ez zuen barkatu, eta zangoz oso uzta ederra bildu zuen. Minutuak aitzina joan ahala, pixkanaka Ospreyseko ostikatzaileak etxekoen abantaila 18-9ra eraman zuen.
Bigarren zatian Miarritzeren susperraldia etorri zen. Lapurtarrak garaipenaren bila joan ziren, Ospreysek zulorik ez zuela egin ikusirik. Erasoaldi ederrak egin zituzten, eta jokoa 60. minutura iritsi zenean, Iain Balshaw miarriztarren gibelekoak entsegua egin zuen. Entsegu horri esker, berriz ere partidan sartu zen Miarritze: 18-14.
Ospreys, baina, ez zegoen opariak egiteko. Jokaldi pragmatikoa egin zuen, eta erritmoa zalutu. Oso gora jotako ostikada Fotualiik jaso zuen. Lasterka joan zen uharteetako jokalaria, eta hegalean Tommy Bowe atzeman zuen: 25-14. Zuloa handia zen, eta Biggarrek ez zuen alferrik utzi bere parada hiru puntu gehiago sartzeko, lapurtarren beste falta baten ondotik: 28-14.
Partida bukatzeko hamar minutu falta zirela, Iain Balshawk bere bigarren entsegua sartu zuen. Galesek erasoan jarraitu zuten, eta Yachvilik bere abilezia guztia erakutsi, eta baloia lapurtu zuen. Uztartze erdiak Balshawi eman zion baloia, eta ingelesaren abiadurak entsegua eman zion Miarritzeri. Boschek lortu zuen bukaerako 28-21ekoa. Partida bukaeran Ospreys estu hartu arren, miarriztarrek ez zuten lortu partidari buelta ematea, eta, azkenean, defentsako puntuarekin konformatu behar izan zuten.
Baiona, aise garaile (10-43)
Europako Challengean, bestalde, Baionak aise irabazi zion Italiako Rovigo taldeari (10-43). Sei entsegurekin erasoko puntua lortu zuten baionarrek. Heymansek (bi entsegu) eta Rokocok (entsegu bat) beren estreinako entseguak egin zituzten xuri-urdin gisa.
Ospreys 28. Miarritze 21
Mirakulurik ez da izan
Selekzioetako jokalarien itzulera eta Balshawren bi entseguak ez dira aski izan Ospreysi irabazteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu