Mirari eske daude Eibarren joandaneko hamabost egunetan. Ponferradan(Espainia), armaginek 3-0 galdu zutenetik, hain zuzen, Espainiako Kopako final hamaseirenetako joanekoan. Handiren bat beharko duelako Eibarko taldeak kanporaketa irauli eta final-zortzirenetarako sailkatzeko, nahiz eta aurkaria Bigarren Mailakoa izan. Gaur denak zerura begira egongo dira, zer azalduko emaitza txarrari astindua emateko. Baina jar dezatela arreta zelaian, joko onak ekarriko baitu miraria gauzatzeko aukera. Bestela, jai.
Garbi asko ikusi zen Ponferradan zer gertatu zen. Piperrik ere ez zuen jokatu Eibarrek. Aldiz, etxeko taldeak gauzak oso ondo egin zituen, eta 3-0eko emaitzak ez zuen inor harritu. Denboraldiko partida eskasena egin zuen Jose Luis Mendilibarren taldeak, eta aurkariak jipoitu egin zuen. Gaur, joko ona atera beharko du Eibarrek ezeren gainetik, eta oinarririk sendoena den horren gainean eraiki mirariaren kontu hori guztia.
Ikusteko dago zein jokalariren aldeko apustua egingo duen Zaldibarko entrenatzaileak. Normalean, ligan asko ari ez direnak zelairatuko lituzke, baina joaneko neurketan erakutsi zuten maila erakutsita, baliteke han atera zituen batzuk aulkian uztea gaur. Bigarren taldeko hiru jokalari deitu ditu gaurko, gainera: Barrenetxea, Etxaburu eta Thaylor. Agian, gazteei emango die aukera Ponferradinaren zelaian aritu ziren hainbati baino lehen. Garbi dagoena da min hartutako jokalari dezente dauzkala Mendilibarrek, eta aukeratzeko aukera handirik ere ez duela izango. Minez daudenak hauek dira: Jaime, Eddy, Ekiza, Saul, Capa, Junca eta Hajrovic. Beharrak bultzatuta, hamaikako ona atera beharko du, eta kanporaketa gainditu ahal izateko aukerei eusteko baliabide txarra ez da izango.
Ponferradinari dagokionez, hiru jokalari utzi ditu etxean Jose Manuel Diaz entrenatzaileak: Yuri, Santamaria eta Pavon. Hutsuneak hutsune, garbi geratu zen joaneko partidan taldea duela Ponferradinak, eta edozein dela gai maila ona emateko. Diazek argi adierazi du Kopako kanporaketa gainditu nahi dutela. Lo ez hartzeko ere eskatu die jokalariei, egun alde duten emaitzaren arriskuaz ohartaraziz: «Badakit Eibar kanporaketa gainditzera aterako dela, eta gu ez bagara ateratzen, adi, ziur egon beraiek jarriko gaituztela lanerako». Ez da fio armaginez Diaz entrenatzailea.
Eibar, golik ez jasotzera
Entrenatzaileen bezperako adierazpenen jirabira honetan, Mendilibarrek aldarri hau egin zuen atzo, gaurko asmoak agerian utziz: «Haien zelaian jokatu behar dugu hasieratik, presio handia eginez, eta ea noraino heltzen garen horrela». Beste aukerarik ez daukala, garbi esanda. Eta aukera horiek ia erabat gutxituko zaizkio Ponferradinak golen bat sartzen badio, kanpoko golek balio bikoitza baitute. Eibarren entrenatzaileak oso argi du: «Beraiek sartzen badigute, ia dena erabakita egongo da».
EIBAR-PONFERRADINA
Eibar. Xabi Irureta; Lillo, Pantic, Ramis, Antonio Luna; Adrian, Barrenetxea; Keko, Verdi, Inui; eta Arruabarrena.
Ponferradina. Dinu; Seoane, Alan, Miquel, Camille; Acoran,
Baxa, Jonathan, Khomtxenovski; Jebor eta Djordjevic.
Epailea. Clos Gomez.
Lekua. Ipurua (6.200 ikusle).
Ordua. 20:00 (Movistar + Multi. 4).
Miraria, jokoaren zain
Eibarrek joaneko 3-0eko emaitza txarra gainditu beharko du gaur Ponferradinaren aurka, Ipuruan, Kopan segitu ahal izateko

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu