Italiako Giroa

Miresmena sortu du Gorka Izagirre txirrindulariaren eskapadak

Passo Giaura heldu aurreko jaitsiera arriskutsuan, bide bazterrean zegoen auto bat jo du ia. Bideoa, albistearen barruan.

Ia jo du Izagirrek bide bazterrean zegoen auto baten aurka. Irudian, unea.
Edu Lartzanguren.
2021eko maiatzaren 25a
09:27
Entzun

«Ondo eutsi dio!». Miresmen hitzok egin zituzten atzo Global Cycling Network kateko esatariek Gorka Izagirre txirrindulariaren eskapada ikusita.

Izan ere, gutxigatik ez du istripua eduki Ormaiztegiko txirrindulariak (Gipuzkoa). Passo Giauri ekin aurreko azken jaitsieran, azkar zihoan txirrindularia aldapan behera, Antonio Pedreroren atzetik. Eskuinerako bihurgune batean, bazterrean zeuden hainbat autotatik oso gertu joan da txirrindularia. Ilarako azken autoak atzealdea apur bat kanporago zeukan, nahiz eta ondo aparkaturik egon, eta ia jo egin du. Hanka bat lurrera jaitsi behar izan du, kolpea ez hartzeko.

Ondoren, atzean geratu da, eta Davide Formolo eta Pedrerok jarraitu zuten ihesaldiarekin. Azkenean, zazpigarren sailkatu zen Izagirre. 2009tik da profesionala.

«Urteko eskapada» izan dela esan dute hainbatek sare sozialetan, baina beste batzuek hamarkadako eskapadatzat ere har daitekeela erantzun diete, eta baten batek Izagirrerentzat «bizialdi bateko eskapada» izan dela esan du.

Edonola ere, Izagirreren trebetasuna goraipatu dute, eta txirrindulariak hori ziklokrosean eginiko lanari zor diola nabarmendu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.