Miribilla, bolada baterako

Custom Sport-Giroak eta Bizkaiko Aldundiak bi urterako luzatu dute Bilboko pilotalekua kudeatzeko akordioa. Baldintzak aurreko berak dira: 1,7 milioi euro urtean eta hamazazpi esku-huskako jaialdi; tartean, final bat eta torneo bat gutxienez. Diru sarrerak enpresarentzat eta aldundiarentzat dira

Bizkaia pilotalekuko harmailetako ikusleak zoratzear, tanto bat ospatzen, bertan jokaturiko binakako finaletako batean. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
2015eko azaroaren 26a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Pilotazaleak Bilbora joaten segitu beharko du. Bi urtez gutxienez, esku-huskako partida handi asko Miribillako koskan jokatuko dira. Bizkaiko Aldundiak eta Custom Sport-Giroa enpresa elkarteak—Bizkaia pilotalekuaren eraikina kudeatzen dutenak— bi urterako luzatu dute 2011n sinaturiko akordioa. Luzatzeko modua zegoen, eta bi aldeek akordio bat lortu dute. Kirol baldintzak aurreko berak dira: 17 esku-huskako jaialdi antolatzea —tartean, final bat eta torneo bat—, eta pala profesionalari eustea. Custom Sport-Giroak, halaber, bere gain hartu behar du Kirol Etxearen —Bizkaiko kirol federazioak dauden eraikina— mantenua, eta parkinga ere kudeatzen du. Trukean, enpresak 1.694.915 euro jasotzen ditu urtean, eta irabaziak aldundiak ere jasotzen ditu.

Joserra Garai da eraikinaren kudeatzailea, eta pozik dago akordioarekin. «Pilotalekua Euskal Herriko errentagarriena izango da. Tira, errentagarria da. Aldiz, trinketa ez da errentagarria, eta Kirol Etxearen mantenua, garbiketa, segurtasuna eta abarere gastua da, baina kontratuaren barnean daude. Gero, Bizkaiko Pilota Federazioarekin akordio bat dugu, eta pilotaleku eta trinketa ordu asko uzten dizkiogu dohainik. Parkingak ere ematen du, eta, gero, palista profesionalen koadroa dugu. Oro har pozik gaude emaitzekin, pilotaren epizentroa Donostiatik Bilbora ekarri dugulako, besteak beste, eta berpiztu egin da eremu honetan». Bizkaiko Aldundiak ere akordioaren balorazio «oso positiboa» egin du ohar bidez: «Hasieran akordioari jarritako ia helburu guztiak bete dira».

Abuztuan luzatu zuten kontratua.Bere garaian, Asegarcek esan zuen jaialdi gehiegi zirela, eta kopurua murrizten saiatuko zela. Kontratua, baina, ez da hautsi, luzatu baizik, eta baldintzei eutsi behar zaie. Garaik pisua kendu dio eztabaidari. «Kontratuan 17 partida ageri dira, baina gehiago eman ditugu. Lau urtean 90 jaialdi egon dira, 86 guk hartu genuenetik. Ia 22 dira urtero. Zer pasatuko den bi urte barru kontratu berria negoziatzean? Gehiago? Gutxiago? Ez dakit, baina, oraingoz, eskatu baino gehiago antolatu ditugu». Partida handien balantzea harrigarria da behintzat: inauguratu zenetik, 2011ko martxoaren 19an, esku-huskako hamabi final —lau t'erdiko hiru, binakako bost eta buruz buruko lau—eta 11 finalerdi jokatu dira.

Eraikin publikoak kudeaketa pribatua du, baina irabaziak aldundiarentzat eta enpresarentzat dira. Zerbitzu orokorren irabaziak —pilotalekuarenak, aparkalekuarenak...—kopuru eta batez bestekoen taula baten arabera banatzen dira. Lehen 50.000 euroetatik, aldundiak %90 jasotzen du; 50.000-100.00 euro artekoetatik, %80; 100.000 eta 250.000 euro artekoetatik, %70; 250.000 eta 400.000 euro artekoetatik, %60; eta 400.000tik gorakoetatik, erdia. Diru sarrera osagarriak —tabernak, adibidez—, erdi bana doaz. Gero, bestelakoetarako ere erabiltzen da pilotalekua. «Eraikinaren erabilera dibertsifikatzen saiatu gara. Esaterako, pilotarekin zerikusia ez duten beste 64 kirol ekitaldi egon dira: gimnastika, boxeoa... Jarduera turistikoak ere antolatu ditugu. Beste iturri batzuk dira», azaldu du Garaik.

Pilota enpresek alokairu bat ordaintzen dute pilotalekua erabiltzeagatik, eta hortik lortzen du dirua Customek, partiden arabera adosturikoa. Sarreren dirua, aldiz, enpresena da. Zenbatekoa da alokairu hori? Ez du argitu. «Hori barne kudeaketaren alde bat da; guk gure kontuak urtero aurkezten dizkiogu Azpiegiturak-i —Bizkaiko Aldundiak ezpiegiturak kudeatzeko duen enpresa publikoari—. Alokairua, gainera, beti ez da berdina». Bere garaian, zeresana eman zuen Custom Sportek pilotalekua kudeatzeko lehiaketa publikoa irabazi izanak. Izan ere, enpresako zuzendaritzan Iñaki Burutxaga dago, Baineteko zuzendari nagusia ere badena, eta Asegarceko buruetako bat. Erabakiak hautsa harrotu zuen, pilotalekuaren kudeaketa bermatzeko betekizunetan Enpresen Ligarekin akordio bat lortu beharra zegoelako, final bat eta beste jaialdiak jokatuko zirela ziurtatzeko.

1.400 ikusle batez beste

Lau urte eta erdiko balantzea motzean egitea ez da erraza, baina Garai ausartu da. «2011n ondo hasi zen martxa; 2012an, aldiz, asko igarri genuen krisia. 2013-2014ko tarte horretan berriz ere gora egin zuen, eta 2014an mantendu egin da. Kontua da partiden arabera jende gorabehera handiak daudela, eta, agian, hortik etor zitekeen partida gutxiago egoteko eskaera». Datua ez da erabat zehatza, baina, 90 jaialdiak kontuan hartuta, 1.400 ikusle inguru bildu dira partidako. «Tira, hamabi finaletatik hamaikatan bete egin da, baina egon dira seiehun ikusleko jaialdiak ere. Seiehun ikusle ohikoa da Labriten, eta Eibarren, hortik beherakoak».

Finalen pilotalekuaren titulua hartu du Bilbok, handiena delako. 3.015 eserleku ditu, Anoetak halako bi ia (1.800), eta Ogetak baino dezente gehiago (2.200). «Aldea dago», zehaztu du Garaik. Mehatxua Iruñeko pilotaleku berria izan daiteke, Nafarroa Arenakoa, han ere 3.000 eserleku baitaude, baina irekitzeke dago oraindik. «Bilboko pilotalekua berria da, ondo dago... Beste bat egiten dutenean hau geldituko da atzeratuta. Baina egia da pilotaleku honek piztualdia ekarri duela». Gainera, aparkalekua du, 150 tokikoa. «Txiki gelditu da. Orain betea dugu. Igandekoaren moduko egunetan, beste hainbeste plaza beharko genituzke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.