Unai Emery (Hondarribia, 1971) ez dago denbora galtzeko. Futbolean ez behintzat. Jokatzeko adinean egon arren, azken hiru denboraldiotan entrenatzaile lanetan dihardu. Sekulako arrakasta lortu du. Lorca eta Almeria taldeak inoiz baino gorago eraman ditu. Orain arte egindako lan bikainak etorkizunean hobetzeko aukera emango dio. Talde askok jo omen dute entrenatzaile gipuzkoarraren etxeko atea —Atletico Madrilek, Sevillak, Betisek eta Realak—. Oraindik ez omen du azken erabakia hartu, baina ez dirudi Almerian luzaroan jarraituko duenik. Gaur Athleticen aurka neurtuko ditu indarrak berak zuzentzen duen taldeak. Hiru puntuak eskuratu eta mailari eustea du xede. Baina, irabazten jarraituz gero, UEFArako txartelarekin ere egin dezakete amets. Almeria 2008. urteko bigarren taldea da onenetan.
Ahaztu duzu Racingen aurkako porrota?
Bai. Galdu egin genuen. Beraz, hobe dugu lehenbailehen ahaztea. Aurrera begiratu behar dugu.
Ez daukazue kezkatuta egoteko arrazoi handirik: 2008ko lehen porrota zen.
36 punturekin galtzeak ez dauka zerikusirik 26 punturekin galtzearekin. Oso ezberdina da. Huts bat edo beste egiteko aukera daukagu. Hala ere, salbatzeko behar dugun puntu kopurua daukagu jomuga. Beste bi partida irabazi behar ditugu. Horretarako, orain arte bezala jarraitu behar dugu. Eguneroko lanean asko eskatu behar diogu geure buruari, eta zelaian gaudenean intentsitate handiarekin jokatu behar dugu.
Almeria meritu handiko denboraldia egiten ari da. Hala ere, zu gustura zaude taldeari atera diozun etekinarekin?
Oso gustura nago. Jokalariak oso lan ona egiten ari dira. Bestalde, Almerian futbol giro bikaina dago. Guztion ekarpenari esker, klub gisa hazten ari da Almeria.
Almeriak orain arte erakutsi duen maila eman zezakeela uste zenuen denboraldia hasi zenean?
Esperantza eta ilusioa sekula ez dira galdu behar. Lehen Mailak asko eskatzen du, baina maila ona emateko gaitasuna bageneukala pentsatu dut hasieratik. Sasoi hasierako helburuak lortzen ari gara.
Matematika aldetik, sei edo zazpi puntu falta zaizkizue Lehen Mailan jarraitzeko. Praktikan, berriz, saria eskuan daukazuela esan daiteke.
Oraindik ez dugu salbazioa eskuan ikusten. Puntu gutxi falta zaizkigu, baina zailenak izango direla uste dut. Behar ditugun puntuak eskuratu arte ez gara lasaituko. Gainera, Almeria ahalik eta posturik onenean sailkatu gura dugu. Taldeak garaipen gosea izan behar du. Gauza asko ikasi behar ditugu.
Mailari eutsi edo ez ari gara berbetan, baina UEFAko postuak ere ez dituzue aparte. Europa alde batera utzi al duzue?
UEFArako txartela ematen duten postuak gertu ditugu, baina gauza asko hartu behar ditugu kontuan. Racing gure mailako taldea izan daiteke, baina Valentzia, Sevilla eta beherago dagoen bat, Zaragoza, Almeria baino talde indartsuagoak dira. Ikusiko dugu noraino ailegatzeko gai garen.
Zein da Almeriaren sekretua?
Klubean eta haren inguruan dagoen elkartasuna: zaleek, hedabideek, zuzendariek, jokalariek eta teknikariek helburu berbera dute.
Askorentzat zu zara sekretua. Jarraitzaile guztien ahotan zaude.
Nik ez dut modako entrenatzailea izan gura. Modak etorri diren bidetik joaten dira. Nik ez dut futbolean hilabete edo urtebete egon gura. Luzaroan izan gura dut entrenatzailea. Futbolaz gozatu eta egunetik egunera hobetu gura dut.
Denbora gutxi daramazu entrenatzaile lanetan. Orain arte arrakastarekin amaitu dituzu abian jarritako proiektu guztiak. Zuk entrenatu dituzun taldeak oso maila ona eman dute.
Duela hiru urtetik, entrenatzen hasi nintzenetik, emaitza onak eskuratu ditut. Hala ere, nik oreka lortu gura dut. Orain arte arrakasta izan dut, baina prest egon gura dut gauzak okertuz gero kritikei aurre egiteko.
Zein entrenatzaile izan dituzu eredu?
Nortasun propioa duen entrenatzailea izan gura dut. Entrenatzaile guztien lanetik ikasi dut, baina, era berean, entrenatzaile horiek txarto egindakoak ere hartu ditut kontuan. Gauza horiek hobetzen ahalegindu naiz. Horretaz gain, eguneroko beharrean nire esperientzia eta jakituria baliatu nahi ditut.
Futbolari profesionala izateak lagundu al dizu entrenatzaile lana egiteko?
Bai. Entrenatzaile izateko, oso baliagarria izan da futbolariak zer pentsatzen ote duen jakitea. Jokalariekin izan dudan hartu-emanean zein euren ekarpena baloratzeko orduan, ezinbestekoa izan da jakitea nola erreakzionatzen duen futbolari horrek kritiken aurrean, garaipenak eta porrotak daudenean eta partida garrantzitsuen aurrean. Gauza asko hartu behar dira kontuan.
Estrategia jokaldiak asko lantzen omen dituzu. Faltek eta kornerrek puntu asko ematen dituzte oraingo futbolean.
Entrenatzaile askok lantzen dituzte geldikako jokaldiak. Maila apalagoetan gorengo mailan baino gehiago lantzen dira. Guk etekin handia atera diogu estrategiari, eta horrek zeresan handia eman du.
Almeria hazten ari den taldea dela esan duzu. Zuk talde espainiarrarekin batera hazi gura duzu edo beste talde batean ikusten duzu zeure burua?
Ni oso gustura nago Almerian. Klubaren zein zaleen babes osoa daukat. Hala ere, nik badakit nola funtzionatzen duen futbolak. Entrenatzaileok emaitzen menpe gaude. Almerian jarraitzen badut taldearekin batera haziko naizela uste dut. Bestalde, beste talde batek baldintza hobeak eskaintzen badizkit, beste bide bati ekingo diot. Oraindik ez dut azken erabakia hartu.
Euskal taldeak erakargarriak al dira zuretzat gaur egun?
Oso erakargarriak dira. Nire bihotzaren erdia txuri-urdina da. Jokatu nuen gainerako taldeentzat ere badut bihotz zatitxo bat. Bestalde, Athletic, Osasuna eta Alaves ere kontuan hartu behar dira. Athletic erreferentzia da futbolean.
Euskal futbola ez dago sasoi onean. Zer gertatzen zaio?
Ziklo bat da. Futbola gorabeheratsua da. Euskal futbola behean dago egun. Dena dela, denbora kontua dela iritzi diot. Reala gorantz doa, Athleticek talde ona dauka eta Osasuna ere ondo dabil. Laster hobetuko da egoera.
Euskal futbolak etorkizun ona dauka?
Nik baietz uste dut. Beti izan du maila ona. Ligaren maila nabarmen igo arren, Athleticek sekula ez du maila galdu. Zuri-gorriek eutsi egin diote beren filosofiari. Zaleek ez dute aldatu gura eta errespetatu beharra dago. Ni ere bat nator filosofia mantentzearekin. Baina filosofia horrek mugak ditu.
Valverde, Mendilibar, Lotina, Irureta eta zu Lehen Mailan ari zarete. Entrenatzaileei dagokienez, ez dago krisirik.
Euskal futbola jokalari eta entrenatzaileen harrobi oparoa izan da. Osasun ona daukagu.
Espainiako txapelketari Izarren Liga deitzen zitzaion duela denboraldi gutxi. Maila jaitsi egin dela uste duzu?
Nik ez dut uste mailak behera egin duenik. Talde apalen artean parekotasun handiagoa dago, baina, oro har, maila oso ona da.
Bartzelonak ala Real Madrilek irabaziko du Liga?
Bartzelonak Real Madrilek zuen tartea murrizteko gaitasuna zuela esan nuen duela gutxi. Kiniela gaur egingo banu, Bartzelonaren aldeko apustua egingo nuke. Indar handiagoarekin ikusten dut.
Espainiako Liga indartsua dela esan duzu. Zure ustez, Europako onena da?
Onentsuena. Beharbada, Premier League izango da indartsuena. Aurrekontu handiko taldeak daude eta dirua dagoenean errazagoa da jokalari onenak fitxatzea.
Eta jokalarien artean zein da erabakigarriena?
Cristiano Ronaldo ikur bat da. Hura han aritzeak indar handia ematen dio Ingalaterrako txapelketari.
Athleticen aurka jokatuko duzue. Nolako partida espero duzu?
Ez dago aurkari samurrik. Partida gaitza izango da. Athletic ondo ari da jokatzen etxetik kanpo.
Zerk kezkatzen zaitu gehien talde zuri-gorritik?
Jokalari gazteak indartsu daude. Llorentek nabarmen hobetu du.
Eta Athleticek zein talde izango du aurrean?
Bere ideiak futbol zelaian gauzatu gura dituen taldea.
Unai Emery Almeriako entrenatzailea
«Modako entrenatzailea izatea ez, luzaroan entrenatzea dut xede»
Arrakastaren gailurrean, askok jo dute haren atea, eta euskal taldeei ere ez lieke aterik itxiko. Euskal futbolaren egoera laster hobetuko dela dio gipuzkoarrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu