Monumentua da gaur egun

100. Milan-San Remo klasiko handia jokatuko da gaur, eta, berez, esprinterrak dira irabazteko faboritoak

Igor Susaeta.
Donostia
2009ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
San Remo (Italia) kostaldeko hiri ederrean turismoa bultzatzeko asmoarekin, Milan eta San Remo bera lotuko zituen autoen arteko lasterketa bat antolatu zuen La Gazzetta dello Sport kirol egunkariak, 1906an. Ekimena ez zen ongi atera, ordea. Iturri batzuen esanetan, bi auto besterik ez ziren heldu helmugara; beste batzuen arabera, aldiz, bakar bat ere ez. Autoak beharrean, txirrindulariak lehiatu ziren hurrengo urtean, eta UdaberrikoClassicissima izena jarri zioten. Apirilaren 14a zen, igandea, eta Milandik 33 txirrindulari irten ziren, 05:18an. 14k bukatu zuten, eta Lucien Georges Mazan, Petit-Breton ezizenarekin ezagun egin zena, nagusitu zen. 11 ordu pasatxo behar izan zituen 282 kilometro betetzeko. Baina Liguriako kostaldeko (Italia) turismoa sustatzeko ekimen heroikoa zena monumentua da gaur egun, 100 urte geroago: txirrindularitzako bost monumentuetako bat, hain zuzen ere, Flandriako Tourrarekin, Paris-Roubaixekin, Lieja Bastogne Lieja eta Lonbardiako Giroarekin batera. 100. Classicissima, Udaberria, gaur jokatuko da, eta, berez, esprinterrak dira faboritoak, azken urteotako joera kontuan hartuta -Munduko Gerrak zirela eta, 1916an, 1944an eta 1945ean ez zen jokatu-. Partaidetza bikaina da, baina Fabian Cancellara (Team Saxo Bank) iazko garailea eta Alessandro Ballan (Lampre), esaterako, ez dira lehiatuko; aurrenekoa sasoiko ez dagoelako, eta errepideko munduko txapelduna, birus batek pot eginda utzi duelako. Frank Schleckek ere (Team Saxo Bank) ez du parte hartuko, erori egin delako aste honetan. Oscar Freirek (Rabobank), berriz, min hartuta jarraitzen du (ETB 1, 15:20).

Bjarne Riisek zuzentzen duen taldeak, beraz, muturrean ibiltzeko bi hautagai galdu ditu. Cancellarak esan du bere sasoia «hobetu» beharra daukala. Tirreno-Adriatikon erretiratu egin behar izan zuen. Dena dela, txirrindularitza zaleen gogoan betirako iltzatuta geratuko da, helmugarako bi kilometroren faltan iaz jo zuen eraso garailea. Ballan, berriz, hurrengo bi asteetan atseden hartzera aholkatu dute medikuek. Gainera, agian ez da osatuko Flandriako Tourra eta Paris-Roubaix korritzeko.

Handiak dira bi txirrindulari horiek, baina Milandik 09:45ean abiatuko diren beste asko ez zaizkie atzera gelditzen -200 guztira, 25 taldetan banatuta-. Eta, batik bat, esprinterrak hartu behar dira kontuan. Alessandro Petacchi (LPR), Heinrich Haussler (Cervelo), Daniele Bennati (Liquigas), Tom Boonen (Quick Step)... Lance Armstrong ere (Astana) arituko da, bere sasoia fintzeko. Baina Mark Cavendishen (Columbia) izena dabil denen ahotan. Azkarrena, bortitzena dela diote tropelkideek. Egia esan, ezda erraza aurten pronostikoak egitea.

Milan-San Remo berezia da esprinterrentzat. Bai, 1996an (Gabriele Colombo), 1999an (Andry Txmil), 2003an (Paolo Bettini) eta iaz izan ezik, volata jokatu da aspaldian, baina berezia da esprinterrentzat. Batetik, lasterketak 300 kilometro dauzka ia-ia; eta bestetik, azkeneko kilometroetako erritmoa itogarria denez, nekatuta heltzen dira. Hortaz, are bereziagoa da Cavendishentzat. Gainera, apenas daukan eskarmenturik klasiko handietan. Erne ibili beharko du, eta haren taldekideen lana ezinbesteko izango da.

Izan ere, Cipressa igotzen hasi aurretik ondo kokatzen dira faboritoak, eta Poggioren oinera arnasa ondo berotuta daukatela eta giharrak zeharo zigortuta dauzkatela iristen dira. Muinoan gora, bere bihurgune itxietan, gogotik saiatu ohi dira esprinta saihestu nahi dutenak; baita jaitsiera azkar bezain arriskutsuan. Halere, indar handia, hanketan berebiziko sua eduki behar da momentu horietan tropelaren zaintza atzean uzteko.

Badira horretarako gai diren txirrindulariak, eta ia urtero Poggiotik tropel nagusiari aurrea hartuta pasatzen dira bakanen batzuk, baina Lungomare Italo Calvinoko helmugara heldu aurretik harrapatzen dituzte normalean. Iñigo Landaluze (Euskaltel-Euskadi), adibidez, azken unean ahalegindu zen iaz. Aurten ere parte hartuko du, eta Andoni Lafuente, Josu Agirre, Iban Belasko, Egoi Martinez, Koldo Fernandez de Larrea, Aitor Galdos eta Pablo Urtasun izango dira bere taldekideak. Bingen Fernandez (Cofidis), Pedro Horrillo (Rabobank) eta Iker Camaño (Fuji) dira beste hiru euskal herritarrak.



Azken irabazleak

2008. Fabian Cancellara

2007. Oscar Freire

2006. Filippo Pozzato

2005. Alessandro Petacchi

2004. Oscar Freire



Izen propioak

L. L. Sanchez (Caisse)

Heinrich Haussler (Cervelo)

D. Rebellin (Diquigiovanni)

Daniele Bennati (Liquigas)

Danilo di Luca (LPR)

Alessandro Petacchi (LPR)

Tom Bonnen (Quick Step)

Mark Cavendish (Columbia)

Filippo Pozzato (Katusha)

Robbie McEwen (Katusha)

Stefano Garzelli (A. Sapone)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.