Txapeldunen ligako azken kanporaketak berez dira interesgarriak, baina zozketak laguntzen badu are gatz gehiago gehitu daiteke norgehiagokei. Final-laurdenak atzo eratu ziren, UEFAk Nyonen (Suitza) duen egoitzan, eta perla pare bat utzi zituen. Aurrenekoa final-laurdenetan, Chelseak eta Manchester Unitedek, Ingalaterrako Ligako talde indartsuenetako bik 2008ko finaleko norgehiagoka errepikatuko dutelako. Bestea, berriz, epe ertainean iritsi daiteke, euren kanporaketak igarotzen badituzte Bartzelonak eta Real Madrilek, Europako bi talde indartsuenek, eta Espainiako Ligan lehia estuan dabiltzanak, finalerdietan elkarren aurka jokatuko dutelako.Final laurdenetako joaneko partidak apirilaren 5ean eta 6an jokatuko dira, eta itzulerakoak 12 eta 13an.
Ingalaterrako ligako oilarren arteko lehiak sortu du ikusmin gehien. Egun, ligan, Manchester dago lehen postuan, eta bederatzi puntuko aldea du Chelsearekiko. Londresko taldea laugarren postuan dago, eta liga titulua urrun ageri da, baina urdinezkoek irabazi zuten Uniteden aurka sasoi honetan jokaturiko partida bakarra (2-1). Dena den, Txapeldunen Liga beste lehia bat da, eta bi taldeen arteko aurrekari esanguratsuena 2008ko finala da. Unitedek irabazi zuen, penalti jaurtiketetan (6-5). Kanporaketako joaneko partida Londresen jokatuko da, eta itzulikoa Manchesterren.
Irabazten duenak irabazten duela faborito izango da finalerdietan, Milango Inter edo Schalke 04 izango baitu aurkari. Bi taldeek defentsa arazo larriegiak erakutsi dituzte titulurako hautagai sendo izateko. Joaneko partida Milanen jokatuko da, iazko txapeldunaren etxean.
Bi faborito garbi
Lehiaketa koadroko beste aldean bi faborito garbi ageri dira: Real Madril eta Bartzelona. Espainiako Ligako bi taldeek, baina, etxean jokatuko dituzte joaneko partidak, eta horrek pixka bat handitzen ditu Tottenhamen eta Xaktar Donetsken aukerak. Biek ustekabekoa eman dute txapelketan, eta talde onak dira, baina zaila dirudi joan etorriko kanporaketa bati eutsi ahal izatea.
Bartzelonak kontu handiz ibiliko beharko da Xaktarrekin.Ukrainiako taldea aurrenekoz sailkatu da final-laurdenetarako, baina talentu handiko jokalariak ditu, asko Brasilgo harrobi bukaezinetik fitxaturikoak. Izen baino joko gehiago du eta arazorik gabe kanporatu berri du Erroma (6-2). Talde indartsua da etxean eta neurria hartua dio Bartzelonari, elkarren aurka jokaturiko aldietanoso estu hartu baitu.
Real Madrilek ere ez du aurkari samurra izango Tottenhamengan. Sei urteren ondoren Madrilgo taldea final-laurdenetarako sailkatu da, eta Txapeldunen Liga helburu hartua du. Tottenhami dagokionez, fitxaketa handiak egin ditu jabe berri aberatsari esker.Egun bosgarren da Ingalaterrako ligan, eta Gareth Bale taldeko izarra sasoi betean egongo da kanporaketarako.
Morboa ziurtatuta dago
Chelsea-Manchester final-laurdenetan; Bartzelona eta Real Madril aurrez aurre egon daitezke finalerdietan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu