ZIZIZTU BIZIAN. ESPAINIAKO VUELTA

Morroiak nagusi

Xabier Usabiaga.
2003ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Itzuli handiak liderren lehia izaten dira normalean. Aldian behin, zortearen graziaz edo patuaren desgraziaz, bestelakorik ere ikusi izan da, baina salbuespen izan ohi dira. Vuelta honen azken emaitza iragartzerik ez dago iragartzea bai, baina asmatzea da ezinezkoa baina, oraingoz, liderrik ezean, morrontza lanean aritzen diren txirrindularien Vuelta da.

Ohiko legeetatik kanpo dabil tropela, logikarik gabe. Denak dabiltza nahasturik, txirrindulariak, zuzendariak eta zaleak. Liderrak morroi bihurtu dira, morroiak lider, eta zuzendariak erotu egin dira, ezeri antzematen ez diotela. Zaleak ez du deus ulertzen. Igor Galdeano ikusi beharko luketen lekuan, Nozal ikusten dute. Herasen erasoaren aldean, errentagarria izan zen Beltranena. Sevilla eskalatzailearen ordez, Valverde gaztea ageri da Kelmekoen buru. Inoiz karrerarik irabazi gabekoak (Luis Perez Cangas de Onisen estreinatu zen, eta Rasmussenek atzokoa hirugarren garaipena baino ez du) gailentzen dira etaparik gogorrenetetanÉ Baina zer da hau?

Zuzendari aitzindari, ausart, burutsu eta aztitzat dut Manolo Saiz, baina atzo ez dut uste ondo jokatu zuenik. Aurretik doa neuk ere, Nozal ez, Galdeano jotzen nuela taldeko lider. Izatez, eskarmentuz eta izaeraz ez daude parean jartzerik, Nozal ez da oraindik Igorren zapata zolara heltzen. Baina nire usteak ustelak izan ziren, bistan denez, eta Saizen erabakiak okerrak. Egindako lana eginda ere, Nozalek lidergoari eutsi egin zion nola, gainera!!. Zer gertatuko zen lan hura guztia egin izan ez balu? Orain, kritika hori egitea erraza da, badakit, baina Saizek esku artean duen altxorraren ezagutza urria duela bistan gelditu zen. Berriro konfiantza ukatu zion Nozali.

Nolanahi ere, lidergoari eutsi egin ziola esango zait, baina ez dakit anabasa honetan galerak garaipen ez ote diren bihurtu, eta garaipenak galera. Esan nahi baitut, ONCE-Eroski taldeak atzo izan zituen komeriak kontuan harturik, lidergoa galtzea komeni zitzaiola, hartara gaur kontrol lana US Postalek egiteko. Orain, ordea, atzoko pitzadura haustura bihurtu nahiko dute igotzaileek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.