Athleticeko kide eta jarraitzaileek interes handiarekin erreparatu zioten atzo Europako Ligako final-hamaseirenetako zozketari. Ohikoak ez diren kontuek arreta berezia pizten dute. Eta jakina da Athletic ez dela urtero lehiatzen Europan. Taldeen maila aintzat hartuta, hiru multzotan bana zitezkeen Athletici zozketan egokitu zekizkiokeen aurkariak. Lehen multzoa talde indartsuenek eta, era berean, erakargarrienek osatutakoa zen. Hau da, ikusmin handia sortzen zutenena. Kanporatuak izan arren jarraitzaileen futbol gosea asebete dezaketen taldeak. Porto, Lazio, Ajax nahiz Udineseren maila duten taldeak sar zitezkeen multzo horretan.
Bigarren multzoan, ustez apalak diren taldeak zeuden. Final-zortzirenetarako bidean oztopo txikia izan zitezkeenak. Legia Varsovia, Wisla Krakovia eta Viktoria Plzen ziren gehienentzat aurkari ahulenak. Eta hirugarren multzoa erdiko taldeek osatzen zutena zen. Izen handikoak izan ez arren talde zuri-gorria baino gutxiago ez diren taldeek osatutakoa. Bada, multzo horretako aurkari bat egokitu zaio Marcelo Bielsaren taldeari.
Athleticek Moskuko Lokomotiven kontra neurtu beharko ditu indarrak datorren otsailean —joanekoa Errusian jokatuko dute, otsailaren 16an, eta itzulikoa San Mamesen, 23an—. «Nik Georgian jokatzeko aukera izan nuen Txapeldunen Ligarako sailkatu ginenean. Niretzat kanporaketa erakargarria da. Eta, era berean, zaila», esan zuen Josu Urrutia Athleticeko presidenteak. «Baina pentsatzen dut eurek ere kanporaketa zaila dutela pentsatuko dutela».
Bi hilabete luze itxaron beharko du Athleticek Lokomotiven aurka jokatu aurretik. Beraz, denbora izango du kanporaketa behar den moduan prestatzeko. Kirol alderdiari erreparatuz gero, Errusiako Lehen Mailako goi-erdi mailako talde bat dela esan daiteke. Hamasei talde lehiatzen dira txapelketa horretan, eta bosgarrena da egun. Hortaz, liga irabazteko lehian egongo da martxotik aurrera. Izan ere, Errusian bi zatitan banatzen dute txapelketa: sasoiaren lehen zatian zortzi onenen artean sailkatzen direnek titulua irabazteko aukera izaten dute, eta beste zortzi taldeak maila ez galtzeko lehiatzen dira.
Lokomotiv bada zerbait, beraz. Azken urteotan asko hazi da Errusiako futbola. Talde indartsuenek diru asko dute, eta futbolari handiak ari dira fitxatzen. Besteak beste, Rubin Kazanen, Zenit San Petersburgoren, CSKA Moskuren nahiz Roberto Carlos eta Eto'oren Anzhi taldeekin ari da lehiatzen. Bistan da txapelketa ona dela. Hala ere, ez dirudi 2002. eta 2004. urteetan lortutako balentria errepikatzeko moduan egongo denik; Lokomotivek urte horietan eskuratu zituen orain arte irabazi dituen liga biak.
Zapater, Caicedo eta Oubinna
Errusiako taldean jokatzen duten futbolariei dagokienez, hiru dira ezagunak: Alberto Zapater erdilaria eta Felipe Caicedo eta Victor Oubinna aurrelariak. Espainiako Ligan aritutakoak dira hirurak. Lehen biek aho zapore gozoa utzi zuten Zaragozan eta Levanten, hurrenez hurren. Oubinnak, berriz, ez zion aparteko ekarpenik egin Malagari. Aipatutako jokalariez gain, beste makina bat herrialdetako futbolariak ditu taldeak. Errusiako egungo taldeek duela hamarkada batekoekin zerikusirik ez dutela erakusten duen beste datu bat da hori.
Bi taldeen kirol mailak ez ezik, kanporaketa otsailean jokatzeak ere izan dezake garrantzia. Batetik, klimak eragina izan dezakeelako. Pentsatzekoa da sasoi horretan ez dela samurra izango Errusian jokatzea. Bestetik, Errusiako liga etenda egongo delako. Martxora arte ez dira lehiatzen hasiko. Beraz, Athleticek sasoi gogor batek eragiten duen nekea gainditu beharko du, eta horrelako lehia bati aurre egiteko behar den erritmoarekin ailegatzen ahalegindu beharko dute errusiarrek. Erabakigarria izango da hori, itxura batean antzeko maila baitute bi taldeek.
Lokomotiven kontrako kanporaketa berez da erakargarria, baina aurrera eginez gero Old Trafford zelaian jokatzeko aukera egon daitekeela pentsatzea bera bada nahikoa motibazio. Athletic final-zortzirenetara pasatzen bada, Ajaxen eta Manchester Uniteden arteko kanporaketako irabazlearen kontra neurtuko ditu indarrak. Herbehereetako taldea egokituz gero, handia izango litzateke; Ingalaterrako txapeldunaren etxean jokatzea, berriz, historikoa litzateke.
Dena den, ez litzateke lehen aldia izango. Sei hamarkada atzera egin eta bi talde horiek jokatu zuten Europako Kopako kanporaketa historikoa gogoratzeko aukera emango luke, besteak beste: Gainza, San Mameseko elurra, hilabete batzuk geroago hegazkin istripu larrian hil ziren Manchesterreko talde mitikoko aurkariak… Amets egiten hasi eta ez amaitzeko moduko kanporaketa paregabea izango litzateke Athleticen eta Manchester Uniteden artekoa.
Moskura, amets bila
Athletici Lokomotiv egokitu zaio Europako Ligako final-hamaseirenetan; Errusian jokatuko dute joaneko partida, otsailaren 23anAurrera eginez gero, Manchester United edo Ajax izango dute zain zuri-gorriek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu