«Gehiegizko errespetua izan diogu CSKA Moskuri». Hala mintzatu zen Zan Tabak hirugarren partida jokatu bezperan. Eta arrazoi zuen Caja Laboral Baskoniako entrenatzaileak, Gasteizko taldea kikilduta, aurkaria baino askoz gutxiago zelakoan aritu baitzen Moskun, Euroligako final-laurdenetako lehen bi partidetan. Gehiegizko errespetu horrek, noski, izan zuen ondoriorik, zigorrik: astindua jaso zuen Baskoniak bi partidetan.
Tabakek mezu argia helarazi zien jokalariei: ezin zen horrelakorik berriro gertatu, are gutxiago etxekoen aurrean. Errespetua izan behar zioten CSKA Moskuri, baina beharrezkoa baino gehiago ez. Tabakek bazekien jokalariak oso haserre zeudela euren buruekin, eta haserre hori akuilu bilakatu nahi zuen. Hori gutxi balitz bezala, zaleekin «zorretan» zeudela gogorarazi zien. Amorratuta kantxara zitezen nahi zuen.
Eta Tabakek bete-betean asmatu zuen, amorratuta kantxaratu baitziren Baskoniako jokalariak, baloi bakoitza borrokatuz, eta jokaldi bakoitzean aurkaria baino gutxiago ez direla erakutsi nahiko balute bezala. Lehen bi partidetan izandako gehiegizko errespetua desagertu zen. Bai gehiegizkoa, bai beharrezkoa ere. Lotsagabe aritu baitziren gasteiztarrak, eta odolkian ordainetan eman zizkioten CSKA Moskuri: astindua, astindu latza (93-72).
«Errespetuaren zama kendu dugu gainetik. Baina bi taldeen arteko aldea ez da gaur ikusitakoa, ezta lehen bi partidetan ikusitakoa. Laugarren partida oso ezberdina izango da», esan zuen Tabakek asteazkeneko lehia amaituta. Pozik zegoen kroaziarra, eta haserre, oso haserre Ettore Messina. «Txikitu egin gaituzte. Ez dut beste ezer esateko. Gu baino hobeto jokatu dute. Kito».
Messinak aitortu zuen Baskonia «oldarkorrago» aritzea espero zuela etxean jokatuko zuela aintzat hartuta, baina ez zuena inondik inora espero zela bere jokalariek horren lan eskasa egitea. Eskasa izan baitzen errusiarren jarduna. Eta horretan funtsezkoa izan zen Baskoniak egindako defentsa bikaina. Datu batek ederki azaltzen du hori. Lehen bi partidetan CSKA Moskuk biko jaurtiketen %65,8 eta %72,1 gauzatu zituen, hurrenez hurren. Asteazkenean, ordea, %44,7. Hogei puntu pasatxoren aldea dago. Zergatik horrenbesteren aldea? Moskuko partidetan ez bezala, errusiarrek ez baitzuten batere erraztasunik izan erasoan, eta ia beti defendatzaile bat izan baitzuten haien jaurtiketa oztopatzen. Eta horrela askoz zailagoa da saskiratzea, eta askoz errazagoa huts egitea.
Baina Baskonia ez zen bakarrik defentsan ondo aritu. Erasoan ereeraginkortasun handia erakutsi zuen, 93 puntu sartzerainokoa. Biko jaurtiketetan estatistika txukuna lortu zuen, jaurtiketen erdiak saskiratu baitzituen. Bikoetan txukun, eta hirukoetan bikain. Saiatutako hirukoen erdia baino gehiago saskiratu zituen: %51,5. Estatistika baino deigarriagoa da, ordea, saskiratutako hirukoak. Hamazazpi aldiz asmatu zuten Baskoniako jokalariek hiruko marratik. Hirukoak, gainera, oso banatuta egon ziren, zazpi jokalarik saskiratu baitzuten gutxienez bat. Hala ere, Heurtel nabarmendu zen, bost saskiratuta. Alderik ez CSKAko jokalariek egindakoarekin: 25 aldiz ahalegindu ziren, eta zazpi bakarrik sartu zituzten (%28). Gaur hori errepikatzea izango da helburua. Zailagoa izango da, CSKAk ere barneratu baitu bete-betean aritu ezean astindua jaso dezakeela.
BASKONIA-CSKA MOSKU
Lehiaketa. Euroligako final-laurdenetako laugarren partida. 2-1 doa aurretik CSKA Mosku.
Caja Laboral Baskonia. Cook, Heurtel, Causeur, Jelinek, Nocioni, San Emeterio, Nemanja Bjelica, Milko Bjelica, Pleiss eta Lampe.
CSKA Mosku. Teodosic, Papalukas, Jackson, Weems, Gudumak, Micov, Khriapa, Voronsevitx, Sokolov, Erceg, Zozulin, Krstic, Kaun, Voronov eta Ponkraxov.
Lekua. Buesa Arena (15.504 ikusle).
Ordua. 20:30 (ETB1).
Moskura itzuli nahi du
Hirugarren partidako bera izan nahi du Baskoniak, CSKAri irabazi eta bosgarren partida behartzeko

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu