Motibazioaren arnasa behar du Realak liga amaitu arte

Matematikei helduta jarraitu nahi du Realak, hainbat jokalari min hartuta eduki arren Salamancari irabazita

Xabier Lopetegi.
Donostia
2009ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Hainbatetan egin dioten galdera bera egin zioten Juanma Lillori ostegunean. Taldea fisikoki justu antzean dabilela, eta ea horrek prestakuntza ereduarekin zerikusirik ote duen. Une honetan bi gauza horiek lotzeak, ordea, ez dauka zentzu handirik. Egia da Reala arnasestuka iritsi dela denboraldiaren azken txanpara, baina horren atzean lesioak, jokoan dituen gabeziak eta sailkapenaren egoera daude. Liga amaitzeko bost jardunaldi falta badira ere, guztiek dakite ia ezinezkoa dela igotzea, entrenatzailearengandik hasita. Lillok berak aitortu du jada eskaintzak entzuten hasi dela. Begi bistakoa da benetako motibaziorik ez duena nekatuago dagoela edo itxura hori ematen duela.

Horrek ez du esan nahi jokalarien jarrera txarra denik edo aldez aurretik amore emango dutenik, baizik eta ezinezkoa dela zortzi puntu gehiago balituzte izango luketen tentsio berarekin jokatzea. Azken hamabi puntuetatik hamar bildu, eta etxetik kanpo emaitza apartak lortu dituzte. Baina ezer gutxirako balio izan die, goikoek erritmo bizian jarraitzen dutelako. Atzetik daukaten lehen taldea izango dute aurrean gaur: Salamanca. Berdinketa bientzat da oso txarra. Porrota bezain txarra ia. Garaipenak, ordea, matematikei helduta jarraitzeko balioko lieke biei. Joaneko partidan, Iñaki Badiolaren aroko azken partidan, Salamanca liderra zen, eta Reala igoera postuetatik oso gertu jarri zen, Ansotegik luzapenean sartutako golari esker. Geroztik, ordea, gauzek ez dute hobera egin.

Lehendik arazo gutxi ez, eta lesioek taldea astintzen jarraitzen dute. Lillok lehen taldeko hamalau jokalari baino ez dauzka jokatzeko moduan. Aldez aurretik zituen hutsuneei Carlos Martinez eta Mikel Gonzalezenak gehitu zaizkie. Eta azken orduan Abreuk eman du albiste txarra; faringitisa dauka. Hala, Agirretxek aspaldian ondo merezia zeukan aukera izango du gaur, hasieratik aritzekoa. Gustatu ala ez, harrobia da Realaren etorkizuna eta helduleku nagusia. Horren erakusle da deialdia bera, Ros, Sarasola eta Viguera baitaude zerrendan.

Albaceteren aurka egindako jokoarekin, oso zaila ematen du taldeak gaur hiru puntuak lortzea, Salamanca askoz ere talde hobea delako. Arazo ekonomiko asko izan arren, eta inor gutxik espero ez bazuen ere, denboraldia bikain hasi zuen. Gero txakalaldia izan zuen, baina gai izan zen buelta emateko. Hutsune asko dauzka. Jorge Alonso erdilariaren falta da garrantzitsuena; erdilariak jokarazten dio taldeari. Hala ere, bi hegal on dauzka, Isaac eta Dañobeitia, baita golak sartzen dituzten bi jokalari ere, Quique Martin beteranoa eta Miku aurrelaria. Ospea eman zion zelaira itzuliko da Lillo. Bi igoera lortu zituen Salamancarekin, eta hautsak harrotu, bere gaztetasunagatik eta futbolaz zuen ezohiko ikuspegiagatik.



SALAMANCA-REALA

Salamanca. Ribas; Gañan, Pelegrin, Catala, Pedro; Bustos, Salva Sevilla; Isaac, Quique Martin, Dañobeitia; eta Miku.

Reala. Bravo; Gerardo, Labaka, Ansotegi, Castillo; Markel, Rivas; Prieto, Moha, Marcos; eta Agirretxe.

Epailea. Perez Montero.

Lekua. El Helmantico (17.341 ikusle).

Ordua. 18:30ean (ETB1).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.