Efren Vazquez. Pilotua

«Motor munduan egia bezain gezurra da dena»

Inoizko denboraldirik onena amaituta, gustura dago Vazquez 2015erako Honda etxeko moto ofizialetako bat lortuta. Atseden pixka bat hartuta, datorren astean hasiko da lanean.

unai zubeldia
Donostia
2014ko azaroaren 11
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Bi garaipenekin, Munduko Txapelketako podiumari begira amaitu du urtea Efren Vazquezek (Bilbo, 1986), laugarren postuan. Denboraldirik oparoena izan da 2007an debuta egin zuenetik, eta bilbotarrak azken lasterketa amaituta askatu du korapiloa: Kiefer Racing Alemaniako taldean ariko da hurrengo urtean, Moto3an, moto ofizialarekin.

Bigarren Japonian, laugarren Australian, irabazle Malaysian, eta seigarren Valentzian. Oso ona izan da denboraldi amaiera.

Garrantzitsuak izan dira urtea orokorrean eta denboraldi amaiera bereziki. Bizitza guztian aritu naiz borrokan moto lehiakor bat edukitzeko, eta horregatik nago hain pozik lortu dugunarekin.

Laugarren amaitu duzu Munduko Txapelketa. Podiumera igo ez izanaren pena daukazu?

Garrantzitsua zen podiumean amaitzea, baina laugarren edo bosgarren amaitzea zen lor genezakeen emaitzarik onena; onenak izan gara erabat ofizialak ez diren motoen artean. Marquez eta Rins Hondaren pilotu ofizialak dira, eta aurretik daude. Gainerakoek garapenak erosi behar genituenean, eurek lehenagotik zeuzkaten eskura, eta euren neurrira egindakoak ziren motoak. Kontratuz, gainerakoek baino lauzpabost lasterketa lehenago eduki dute materiala eskura. Miller zegoen gero, KTMren pilotu ofiziala, apustu handia. Eta Fenati gure atzetik, Valentino Rossiren pilotu kutuna. Lorpen handia izan da laugarren amaitzea.

Benetako lorpena 2015erako motoa lortzea izan da, hala ere. Kiefer Racing aukeratu duzue.

Larunbat gauean sortu zen aukera. Bestelako proiekturen bat eduki nuen nik buruan aste osoan, KTM etxeko moto bat aukeratzearena. Baina ezustean iritsi zen Hondaren aukera. Larunbat gauean eskaintza iritsi, eta igande goizean hartu nuen erabakia. Hondarentzat ez zen gustagarria nik Moto3an ez jarraitzea, baina are kaltegarriagoa zen KTMra joatea. Sailkapenean nire aurretik amaitu duten Hondako bi pilotuak badoaz, eta gauzak ondo egin ditugula ikusi dute. 2015erako arautegia aldatu egingo da, eta neguan motoa puntu-puntuan jartzeko esperientzia handiko pilotuak behar eta nahi dituzte. Laugarren amaitu dugu Munduko Txapelketa, eta lehen hirurek utzi egingo dute Moto3a. Bai, faboritoetako bat izango naiz, baina hori da gutxienekoa. Lan egitea dagokit, eta pilotu azkarra naizela berrestea.

Indianapolis eta Malaysia. Zein esanahi izan dute bi garaipenek zuretzat?

Indianapoliskoa mugarri izan zen niretzat; ezkondu ondoren ere abiadura bizian ibil zaitezkeela erakusteko modua izan zen. Eta serio diot, ezkondu aurreko asteetan denetik entzun behar izan nuelako. Beti da pozgarria Munduko Txapelketako lehen garaipena lortzea, baina, egiari zor, ez nengoen erabat pozik. Sentsazio gazi-gozoa neukan, banekielako zein ziren ondorioak. Jende garrantzitsu askori eragin genion minaren erruz, banekien, agian, ezinezkoa izango genuela berriz ere podiumeko borrokan sartzea. Lasterketa zailak izan ziren ondorengoak, interesak tarteko ez zigutelako utzi nahi genuen adina aurreratzen. Baina Munduko Txapelketa lehiatzeko ia aukerarik ez geneukanean, Malaysian, aurrerapausoa eman genuen. Garrantzitsua izan zen garaipena, markatuta neukalako lasterketa hura. Japonia edo Australiako proben aurretik emazteari esan nion Malaysiarako hegazkin txartela erosteko irabazi egingo nuelako. Garaipen gose handia neukan, oso ondo prestatu nuen eta beroak eta hezetasunak ere lagundu egin ziguten.

Malaysian irabazi, ikurrina atera, eta eztabaida sortu. Bere garaian Herri Torrontegiri dezenteko kaltea egin zion ikurrinaren kontuak. Presiorik jaso duzu?

Minik handiena ez dit eragiten ikurrina aipatzeak edo ez aipatzeak, edo euskaldun edo espainiar deitzeak. Baina 2014an gaude, eta batzuek ez dakit zein garaitan iltzatuta jarraitzen duten oraindik. Horrek ematen dit minik handiena, gauza guztiak politikarekin nahasteak. Uste dugun baino askoz ezjakinagoa da jendea, baina ez dut uste niri kalterik egingo didanik. Herrik 1989an atera zuen ikurrina, eta Espainiako hainbat enpresaren babesa jasotzen zuen orduan, Repsol eta Cervitransena tartean. Nik, ordea, eskertzekotan, Bilbori, Bizkaiko Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari daukat eskertu beharra, eta gure bandera erakustea da eskertzeko modurik onena. Zein bandera erakutsiko dut ba nik Euskaditik kanpo inork ez badit lagundu? Batzuei gustatuko zaie, eta beste batzuei ez, baina niri berdin zait jendeak zer pentsatzen duen.

Batzuei min eman die, ordea, Espainiako banderaren ordez ikurrina erakutsi izanak.

Den-denak errespetatzen ditut nik, eta ez naiz minduta sentitzen podiumera igo eta Espainiako bandera ikustean edo Espainiako ereserkia entzutean. Espainiatik kanpo espainiarra naiz ni, zerbaitegatik dauzkadalako nortasun agiri espainiarrak. Baina euskaldun sentitzen naiz [hitz hori erabili du gaztelaniaz ere], eta ikurrina da nire bandera. Lasterketa batera noanean, Espainiako bandera eta ereserkia jar ditzakete, noski; pilotu espainiarra naizela esan dezakete, noski; baina banderaren bat ateratzekotan, babesa eman didatenen bandera aterako dut nik beti. Ikurrina batekin minduta sentitzen denak argi uzten du zenbateko maila daukan.

«Motor mundua polita bezain zaila da, dirua dagoen lekuan interesak daudelako». Ados al zaude esan horrekin?

Motor munduan egia bezain gezurra da dena. 1 Formulan ere askotan hitz egiten da Fernando Alonsoren autoaren inguruan; piloturik onena dela, ez dela... Pilotua kritikatu edo idolo bihurtzen da askotan, baina jendeak ideiarik ere ez dauka benetan zer gertatzen den. Nire esperientziarekin esan dezaket kirol hauetan izar bihur zaitzaketela hain pilotu ona ez izanda, eta erdipurdiko pilotu ere bai moto edo talde onik gabe aurrerapausorik eman ezin duzunean. Zaila da mundu hau. Aurten aurreko urteetan baino askoz gehiago kontrolatu ahal izan ditugu mekanika kontuak, batzuen eta besteen interesak, diru kontuak, arlo fisikoa... eta zortea ere alde izan dugu gehienetan. Horren ondorioz egin dugu orain arteko denboraldirik osoena.

25 urte luze igaro dira Herri Torrontegik 1989an bi lasterketa irabazi zituenetik zuk 2014an beste bi irabazi dituzun arte. Zergatik?

25 urte igaro dira eta beste hainbeste igaroko dira egoera erabat aldatzen ez bada. Euskadin ez da egon motoziklismorako eta automobilismorako tradiziorik, eta, nire ustez, aukera ederra galdu dugu pilotu euskaldun bat 1 Formulan edukitzeko. Ander [Vilariño] erabat prestatuta zegoen 1 Formularako jauzia emateko, baina, interesik gabe, ezinezkoa da gora iristea. Gurasoen laguntzari esker Espainiako Txapelketa irabazi ondoren, nik etxean igaro behar izan ditut bi urte, eta, zorte handiarekin, Munduko Txapelketara iristea lortu dut, Bilboko Udalak eman zidan bultzadari esker. Baina babes handia falta da hemen.

Karlos Argiñanok badauka talde bat Moto2an, AGR Team. Inoiz ez al duzu eduki aukerarik egitura horretan sartzeko?

Ez... Karlosi asko gustatzen zaizkio lasterketak, eta talde bat badauka, egia da. Baina Alemaniako pilotu bat [Jonas Folger] eta Sito Ponsen semea [Alex Pons] dauzka egituran, Euskaditik kanpoko bi pilotu. Taldearen egoitza nagusia Bartzelonan dagoela uste dut, gainera. Nirekin batera, hor dago Alex Mariñelarena pilotu nafarra ere, baina hark zorte txarra eduki du istripu larriarekin. Talentu handia dauka, oso azkarra da, baina betikora goaz: babes ekonomikorik gabe ezinezkoa izango du Munduko Txapelketara itzultzea.

Esaten duzuen bezain zaila al da babesleak aurkitzea?

Nire esperientziaren berri eman dezaket nik: laugarren amaitu dut Munduko Txapelketa, eta azken hiru urteotan 380 enpresa baino gehiagoren atea jo dugu; Euskadikoak ziren horietatik 300 bat. Banaka-banaka joan gara guztietara, eta ez dugu lortu euro bakar bat ere. Herri Torrontegiren ondoren lehen aldiz bi lasterketa irabazi ondoren nik ez badut lortzen babesik, zein etorkizun dauka familiaren babesa besterik ez daukan pilotu batek?

2007an Torrontegiren ondoan Munduko Txapelketari ekin, 250 cc-ko mailan hasi, 2008an koska bat behera egin, 2010ean lehen podiuma lortu... Gorabehera askoko urteak izan ziren.

Diskotekaren atzeko atetik iritsi nintzen Munduko Txapelketara, ordurako atea erdi itxita zegoenean. Neukanarekin, ahalik eta lanik onena egiten saiatu nintzen. Hurrengo urtean, 125 cc-ra jaitsita, penagatik uste dut eman zigutela motoa. Espainiako Txapelketan lehiatu, ez dakit nork utzitako motoa baliatu... Modu horretan ibili ginen lehen urte haietan, baina babes handia eman ziguten emaitzek. Orain oso harro nago moto ofizial batekin Moto3an lehian nabilelako.

Denboraldia hasi berritan aurkezpenean aitortu zenuen lehen aldiz zaindu zaituela talde batek behar den moduan. Zer falta izan zaizu orain arte?

Nire kirol ibilbidean lehen aldiz izan naiz talde bateko pilotu nagusia. Taldeak bazekien zer egiteko gai ginen, bazekien oso pilotu lehiakorra izan nintekeela, eta bete-betean lan egin dute ahalik eta ondoen ibil nendin. Aldaketa hori izan dugu aurten.

Kritika dezente entzun behar izan zenuen emaitzak iristen ez zirenean. Ahoren bat ixteko gogoa zeneukan?

Tira... Niregatik eta nire ingurukoengatik irabazi nahi nuen. Ez dit askorik eragiten jendeak esaten duenak, askok ideiarik ere ez daukatelako motoziklismoaz eta lasterketez. Kritikatzeagatik kritikatzen dute. Denek hitz egiten dute futbolari buruz, baina zenbatek dakite aldagela barruan zer gertatzen ari den? Baina, tira, horixe da kirolari batek ordaindu beharreko prezioa.

Talde askotan ibili zarela eta emaitza onegirik ez duzula lortu esango dute batzuek. Autokritika egin zalea zara?

Bai, bai, oso kritikoa naiz neure buruarekin. Baina talde askotan ibili naizela diotenei esango nieke denboraldi guztian lapurtzeaz eta adarra jotzeaz nekatzen zarenean ezinezkoa dela egitura horretan beste urtebetez jarraitzea. Talde honetan jarraitu nahi nuen, baina orain geratzeko eskatu izan balidate ere ez nintzen geratuko, min handia egin digutelako amaieran. Horregatik aldatu nahi genuen egituraz. Taldeek ez gaituzte nahi urtebete baino gehiago, emaitza onak lortuz gero hurrengo urtean gastu handiagoa izango dutelako; lan txarra eginez gero, berriz, beste baten bila hasiko dira. Proiektu handi baten mende dauden pilotuek soilik jarraitzen dute talde berean, atzean diru asko daukatenek. Aurrekontu txikia daukagu guk, 700.000 eurokoa, eta ahalik eta etekinik handiena atera behar izaten diogu egoera horri. Den-dena eman didazu? Ados, nik ere den-dena emango diot taldeari. Baina euren hitza betetzen ez badute, kontratuetan jartzen duena errespetatzen ez badute, gustatzen ez zaizkizun gauzak egiten badituzte...

Kirol kontuak ahaztuta, gogoan izango duzu, ziurrenik, baina ezkon bidaia egiteko daukazu oraindik...

Badakit, badakit... Baina ea gehienez ere Kanarietara-edo joaten garen, azkenean. Etxean egotea gustatzen zait niri, eta Angelak [Angela Vilariño, emaztea] urrutira joan nahi duen arren, bidaiatzea ez dut oso gustuko. Etxean, familiaren ondoan egon nahiko nuke; oso etxekoia naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.