Irabaztea ez zaiola ahaztu dio berak, baina gertuko oroitzapena ezin du izan. Urriaren 2an irabazi zuen Sete Gibernauk (Katalunia, 1972) lasterketa bat azken aldiz, Qatarko Sari Nagusia, eta harrezkero burua altxatu ezinik dabil. Azken bi urteetan txapeldunorde izan da Valentino Rossiren (Yamaha) atzean, baina aurreko asteko Erresuma Batuko Sari Nagusiaren ondoren, une honetan bosgarren da Munduko Motoziklismo Txapelketan.
Jada txapelketa erdia egin dute aurten gidariek. Bederatzi lasterketa jokatu dira, eta Gibernauk ez du oraindik garaipen bakar bat lortu. 2003an hamargarren karrera korritzerako lau garaipen zituen bizkarrean, eta 2004an, bi. Datuak txarrak dira kataluniarrarentzat. Hondak moto ofiziala jarri dio hankartean, baina arazo asko izan ditu. «Denboraldi honetan ezin dugu ezbehar gehiago eduki». Aurreko bi urteetan bezainbeste karrera utzi ditu aurten amaitu gabe hiru, eta lasterketaz lasterketa bere izarra itzaltzen ari dela dirudi.Berak ez du itxaropena galdu, ordea. Bere ibilbideko garaipen gogoangarrienetako bat orain dela bi urte lortu zuen Sete Gibernauk, Alemaniako Sari Nagusian, Sachsenringo zirkuituan. Rossirekin lehia estua izan ondoren, azken itzulian italiarrari aurrea hartu eta segundo-milaren batzuen aldearekin irabazi zuen. Oroitzapen horri heldu beharko dio Gibernauk igande honetan Alemanian, lehen lerrora salto egin nahi badu. Rossik ez du asko maite Sachsenringo zirkuitua. Motela eta bihurria da; zirkuitua, noski.
MOTOZIKLISMOA. ALEMANIAKO SARI NAGUSIA. Oroitzapena helduleku
Alemaniako Sari Nagusian, bihar, aukera du Sete Gibernauk aurtengo lehen garaipena lortu eta sartu den zulotik pixkanaka irteten saiatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu