Errepide bustian gidari azkarrena zen orain gutxi arte Sete Gibernau (Honda). Aurreko bi denboraldietan euripean irabazi zituen lasterketetan bereganatu zuen koroa kataluniarrak. Aurten, ordea, uretan irabazitakoa uretan galtzen ari da. Valentino Rossiren (Yamaha) aurkari nagusia zen Gibernau sasoi hasieran, baina sailkapeneko bosgarren postuan da, italiarrarengandik 37 puntura. Ez da postu ona titulua irabazi nahi duen gidari batentzat, baina, hiru karreratik bi euripean jokatu direla aintzat hartuta, are txarragoa da Gibernaurentzat.
Euria ari zuen atzo Frantziako Sari Nagusiaren lehen entrenamendu saioetan. Bihar jokatuko da, eta lasterketarako ere euria iragarri dute. Sete Gibernau azkarrenetan bigarrena izan zen atzo, Alex Barrosen atzetik, baina denboraldi hasieran honetan Portugalen eta Txinan gertatutakoa ikusi ondoren, ez dio entrenamendukoak asko balioko. Bi lasterketa horietan euria egin zuen, eta bietan podiumetik kanpo geratu zen Gibernau, entrenamendu saioetan azkarrenen artean egon ondoren.Portugalen bigarren atera zen irteeran, baina lasterketan, euripean, lehen postuan zihoala erori egin zen eta karrera utzi zuen. Txinan lehen postutik atera zen, baina laugarren amaitu zuen.«Errepide bustian eta lehorrean lehiakorrak izan gara», esan zuen atzokoagatik Gibernauk. Orain arte, ordea, bustian Rossi izan da onena. Yamaha motoa ez dago puntu onenean, baina bustian gabeziak gutxiago nabari dira. Portugalen bigarrena izan zen Rossi, eta Txinan lehenengoa.
MOTOZIKLISMOA. Euripeko koroa kolokan
Portugalen eta Txinan bezala, Frantziako Sari Nagusiko lehen saioetan euria ari zuen atzo; bi horietan Gibernau podiumetik at geratu zen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu