Ez du hutsik egin Valentino Rossik Hegoafrikako Sari Nagusiaren lehen entrenamendu saioetan, eta atzo azkarrena izan zen Phakisa Freeway zirkuituan. Denboraldi-aurrean ahoa bete hortz utzi zuen bat baino gehiago M1 moto berriarekin erakutsitakoarekin, eta atzo Honda guztien aurretik geratu zen. Zuhur gidatu zuen Rossik, apenas derrapatu zuen, soilik abiadura bat-batean moteltzerakoan atzeko gurpilak errepidearen kontra jo zuen batean izan ezik. Ondo kontrolatu zuen motoa italiarrak.
Ez da erraza. Hegoafrikan itsaspena da giltza. Txapelketako pista beroenetako bat da, eta horrek eragin handia du pneumatikoetan. Beste inon baino gehiago berotzen da goma. Beroarekin errepideak pneumatikoak urratzen ditu eta zikindu egiten da. Hala, bihurguneetan motoak ibilbidetik kanpora egiten du. 1.350 metroko altueran dago, eta horrek motorrei %20 eta 25 bitarteko indarra kentzen die. 2003an berriro asfaltatu zuten, baina errepideak koxkak ditu hala ere. Gainera, haizeak gogor jotzen du, eta inguruko basamortutik hondarra ekartzen du pistara.
Rossiren atzoko denborak badu garrantzia, Hegoafrikako lasterketa proba garrantzitsua baita Hondarentzat. Iaz Sete Gibernauk irabazi zuen, Rossiren aurretik. Iaz Rossik gidatu zuen RC211V motoa du hankartean aurten kataluniarrak, eta horrek beste gidari guztien aurretik jarri du italiarraren aurka. Atzokoan, ordea, ez zen Gibernau Honda motordun gidari azkarrena izan. Rossi baino 392 milesima geroago iritsi zen Max Biaggi, bigarren postuan. Aspalditik du Biaggik begiz jota Rossi. Biek moto berarekin korritzen zutenean ez ziren ondo konpontzen, eta orain motoen arteko lehia gehitu zaie.
Rossiri irabazi egin behar zaiola agindu du Hondak. Munduko Txapelketak telebistan 5,1 bilioi ikusle ditu mundu osoan, eta orain arte Rossiri esker irabazi duela onartzea iraingarria litzateke Hondarentzat. Oraingoz ez dute, ordea, larritu nahi. Jakin badakite entrenamendu itzuli batzuk korritzea eta hogeita zortzi korritzea ez dela gauza bera. Yamaharen benetako proba bihar iritsiko da, erresistentzia neurtzeko.Atzoko bigarren albiste nagusia Kenny Robertsek eman zuen. Suzukik ez zuen iaz urte ona izan. GSV-R motoa 2002an bederatzigarren izan zen, eta iaz hamazazpigarren postuan galdu zen. Mekanika eta elektronika arazoak izan zituen, eta hori erabakigarria izan zen neurri batean elektronikak gidatzen duen motoan. Gidariek motoaren esku utzi nahi izan zuten abiadura murrizketa, eta elektronikak egiten du lan hori. Sistema horrek ez zuen, ordea, ondo funtzionatu. Une honetan Suzukik lanean jarraitzen du hori konpontzeko, baina bitartean atzo urteko lehen albiste ona jaso zuen. Kenny Robertsen eskutik irabazi zuen azkenekoz Suzukik 2000. urtean 500 cc.-ko txapelketa. Irabazi oraindik ez du ezer irabazi, baina urte ilunen ondoren jada ari da sentsazio onak berreskuratzen. Denboraldi aurrean denbora onak egin ditu entrenamenduetan, eta atzo ere laugarren izan zen, Rossirengandik 0,783 segundora. «Agian ezingo dugu irabazi, baina lehiakorrak izan nahi dugu berriro», esan du txapelketa hasi aurretik Robertsek.
De Puniet, faborito 250ean
250 cc.-an Randy de Punietek (Aprilia) motoaren gidaritzan hazi egin dela erakutsi zuen atzo. Frantziarraren urtea izan beharko luke honek, eta berak txapelketa jarri du helburu. Denboraldi-aurrean entrenamendu guztietan nagusi izan da. Txapelketa irabazteko bere aurkarien artean Poggiali (Aprilia) eta Elias (Honda) izendatu ditu. Atzo, ordea, bere atzean Porto argentinarrak egin zuen denbora onena. Aprilia ofizial batekin ariko da aurten Porto. Iaz Hegoafrikan De Punietek lortu zuen pole-a baina garaipena gero Poggialirentzat izan zen.
125 cc.an txapelketa aurten berezia izango da. Azuma, Alzamora eta Cecchinello beteranoek utzi egin diote korritzeari, eta Pedrosa valentziarra 250 cc.-an ariko denez, lekukoa hartzeko hautagaiak nortzuk diren bihar ikusiko da.
MOTOZIKLISMOA. HEGOAFRIKAKO SARI NAGUSIA. Liburu berriaren lehen atala
Valentino Rossi M1 Yamaha motoarekin azkarrena izan zen atzo Hegoafrikako Motoziklismo Sari Nagusiaren lehen entrenamenduan. Denboraldi-aurrean iragarritako lehia abian jarri berri da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu