MOTOZIKLISMOA . Hondaren etxea defendituko dut

Etxe japoniarrak ez du bihar goizaldean Pazifikoko Sari Nagusiak ihes egiterik nahi. Daijiro Katoren heriotzak lasterketa bakarrarekin utzi du aurten Japonia, eta haren omenez korrituko da

jon ordonez garmendia
2004ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Munduko Motoziklismo Txapelketan Hondarentzat egokia den zirkuiturrik badago Motegikoa da hori. Pazifikoko Sari Nagusia jokatuko da bihar goizaldean (125 cc.-etako lasterketa 4:15ean hasiko da) Japonian, Hondaren etxean, eta Ferrarirentzat Italian irabaztea bezain garrantzitsua da Hondarentzat Motegin irabaztea. Aurten, bereziki. Alde batetik Valentino Rossiren abantaila, denboraldia amaitzeko bost karrera falta direla, hogeita bederatzi puntukoa delako. Bestetik Daijiro Katoren heriotzak lasterketa bakarrarekin utzi dituelako zale japoniarrak aurten. Suzukako zirkuituan jasan zuen istripua gidari japoniarrak iaz, eta aurten segurtasun neurriak berritzen ari zirelako ez da Japoniako Sari Nagusirik jokatu.

Pazifikoko Sari Nagusiarekin konformatu beharko dute zaleek aurten, baina ez da gutxi izango. Valentino Rossik geroz eta gertuago du txapelketa garaipena, eta Motegiko zirkuituak ikuskizuna bermatzen du. Max Biaggi 51 puntura du Rossik, eta dagoeneko Hondaren ohorea defendatu dezakeen gidari bakarra Sete Gibernau dela dirudi 29 puntura dago. Rossik akats gutxi egin ohi ditu, eta kataluniarrak garaia du liderrari presioa sartzen hasteko.Valentino Rossik Portugalen emaitza oso ona eman zion ihes-hodi sistema erabiliko du. Horrekin Yamahak 1992tik irabazten ez duen titulua berreskuratzeko asmoa du. Gibernau ere Honda RC211V motoan azken ukituak emanda lehiatuko da.

Gogoan izateko bi japoniar

Biharko lasterketak bi protagonista japoniar izango ditu. Lehenengoa zale guztien gogoan egongo da. Daijiro Katoren sendiak omenaldia antolatu du MotoGPko lasterketaren atarian. 74 zenbakidun plaka bat jasoko dute, Katoren zenbakiarena, eta aurrerantzean euren baimenik gabe inork ez du zenbaki hori berriz ere erabiltzerik izango. Bigarren protagonista Makoto Tamada izango da. Etxeko zaleen babesa izango du, eta antolatzaileei mendekua hartzen saiatuko da. Iaz hirugarren geratu zen baina erabaki eztabaidagarri batek lasterketatik kanpo utzi zuen.

Biharkoarekin Asian korrituko diren hiru lasterketari hasiera emango zaio. Pazifikoko Sari Nagusiaren ostean Qatarrekoa eta Malaisiakoa jokatuko dira, hurrenez hurren, urriaren 2an eta 10ean. Azken probak Australiakoa eta Valentziakoa izango dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.