Ion Garrido eta Efren Vazquez moto gidariek asteburu honetan ez dute parte hartuko Kataluniako Sari Nagusian. Espainiako 125 cc-etako txapelketako lehen lasterketan, maiatzaren 8an, ez zuten lehen postuetan helmugaratzerik izan; ondorioz, ez dute gonbidapenik jaso orain Munduko Txapelketan korritzeko.
Denboraldi hasieran utzi zuten argi munduko txapelketako antolatzaileek Espainiako txapelketan parte hartzen ari diren gidariei mundukoan parte hartzeko aukera emango ziela, hain zuzen, Portugalen, Katalunian eta Valentzian. Estorilgo lasterketa korritu zenerako, ordea, Espainiako txapelketa hasi gabe zegoen, eta ez zen gonbitik banatu. Orain, Kataluniako karreratik kanpo geratu ostean, denboraldi amaierako Valentziako Sari Nagusira arte itxaron beharko dute Garridok eta Vazquezek munduko txapeketan debuta egiteko.«Garrantzitsuena ez da gonbita jasotzea. Horrek lasterketa baterako soilik balio du. Gu munduko txapelketan denboraldi oso bat korritzeko ari gara lanean», esan dio berriari Ion Garrido aiegiarrak. Espainiako txapelketako lehen lasterketan erori egin zen, eta haustura izan zuen sorbaldan. Baina osatu da, eta datorren astean, Espainiako txapelketako bigarren lasterketan, maila onean aritzea espero du. Efren Vazquez bilbotarra zazpigarren izan zen lehen lasterketan. «Espainiako txapelketan lehiakortasun handia dago. Gonbidapenek baino gehiago, aurrean aritzeko aukerak ez baliatzeak arduratzen nau», esan du.
MOTOZIKLISMOA . Itxaron egin behar
Ion Garrido eta Efren Vazquez ez dira oraingoz Munduko Txapelketan ariko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu