MOTOZIKLISMOA. MOTOZIKLISMOA

Frantziako Sari Nagusia jokatuko da gaur Le Mansen. Lehia handia espero da: entrenamenduetan lehen sei sailkatuen artean ez da segundo erdiko alderik ere egon. Rossi ez da lehen lerroan izango

jon ordonez garmendia
2004ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
«Uretan errege izan nahi dut, baina nahiago dut lehorreko erregea izan». Sete Gibernau gidari kataluniarraren hitzak dira, Xerezen Espainiako Sari Nagusia irabazi ondoren esandakoak. Munduko Txapelketako lehen proban, Hegoafrikan, Rossik nola irabazi zuen ikusita, txapeldunari gailentzea nola ote zen posible galdetzen zuten zale askok. Euria. Hori zen erantzuna. Ur gainean ez zen lehorrean bezain ondo moldatu Rossi Yamaha M1 motoarekin, eta Gibernau jarri zen sailkapen nagusian lider.

Uretan izurdeak bezala mugitzen da Gibernau. «Abiadura kontrolatu behar da, bihurguneak modu gozoan hartu eta tentu handiz gidatu», esan zuen kataluniarrak Xerezen. Ez du, ordea, Neptunoren fama hartu nahi. Denboraldi hasieran Hondak ez zuen Rossiri aurre egiteko lider garbirik jarri nahi izan, batez ere presioa inorren bizkarrean ez jartzeko. Gibernauk iaz italiarrak erabili zuen motoa du, baina Max Biaggiren aukera ere hor dago, eta Hondak ez du baztertu nahi izan. Gaur, ordea, txapelketako hirugarren sari nagusia jokatuko da, eta orain arte ikusitakoaren arabera, Gibernau ari zaio Rossiri gailentzen. Orain arte bakoitzak lasterketa bana irabazi du, eta oreka hori gaur nork hautsiko duen ikusiko da. Edo Max Biaggiren aukera benetakoa den.Atzoko entrenamenduan urlehortarra dela erakutsi nahi izan zuen Gibernauk. Gaur lehen postuan aterako da gidari kataluniarra Frantziako Sari Nagusian, Le Mansen, eta une honetan Rossiren aurkari nagusia da. Italiarrak berak ere esan zuen denboraldiaren hasieran, eta Jeremy Burguess Rossiren teknikarien buruak arrazoia eman zion: «Gibernau da guk gainditu beharreko aurkaria. Iaz txapeldunorde izan zen, eta Rossi Yamahan egonik faboritoa izan behar du. Ez dio balio jada Valentinori jarraitzea. Erasotu egin behar du». Kataluniarrak gustura hartu zituen hitz horiek, baina burua galdu gabe entrenatu da. Denboraldi-aurrean mendiko bizikletan eta iraupen eskian arituz entrenatu zen, eta motoaren gainean pneumatikoak probatzen eta karreran egongo balitz bezala korritzen aritu zen. Gainera, besoak indartzeko enduro eta motokrosean aritu zen.31 urte ditu Gibernauk. Bartzelonan jaio zen, eta, gaur Le Mansen eta ekainaren 6ean Italian emaitza onak lortzen baditu, Kataluniako Sari Nagusira lider iristeko aukera paregabea du. «Rossik faboritoa ni naizela esan al du? Ondo dago hori. Gustukoa dut. Errespetua didala esan nahi du», esan zuen Rossiren hitzen berri jakin ondoren. Ez dio txapelketari izkin egiten. Atzo ere, denboraldiko bere lehen pole-a lortu ondoren, baikor zen: «Pozik egoteko moduan gaude. Irteera azkar bat egiten badugu aurrean egotea espero dut, nahiz eta zaila izango den gidarien denboren artean ezberdintasun gutxi baitaude».Sukarrak jota zegoela lehiatu da Gibernau entrenamenduetan, baina gaurko ondo egotea espero du. Rossik ere arazoak izan ditu. Ostiralean zazpigarren amaitu zituen entrenamenduak, eta gaur laugarren postuan aterako da. Atzeko gurpilarekin izan zituen arazoak ostiralean, balaztekin abiadura moteltzerakoan errepidearen kontra jotzen baitzuen. Hala ere, denbora ona egin zuen, eta podiumean egoteko edo garaipena lortzeko aukerak lehengoak dira. Entrenamenduetako denborak esanguratsuak dira: lehen sei sailkatuen artean ez da segundo erdiko alderik ere egon. Checa eta Biaggi izango dira Gibernaurekin gaur irteeraren lehen lerroan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.