Shanghaiko zirkuituak maila berean jarriko ditu bihar goizean Munduko Motoziklismo Txapelketako gidari guztiak. Iaz eraiki zuten zirkuitua eta 1 Formulako karrera bat jokatu zen; bihar goizean motoen estreinaldia izango da. Gidariak atzoko entrenamenduetan lehen aldiz aritu ziren han, eta karrerak bihar, baldintza berberetan gidari, moto eta talde onenak zeintzuk diren zehaztuko du.
Lasterketa beste zirkuitu batean jokatu balitz, Valentino Rossi (Yamaha) eta Sete Gibernauren (Honda) arteko norgehiagoka egongo zen berriz ere zaleen ahotan. Baina ez da horrela. Zirkuitu berri batek ikusmin handia pizten du beti, eta Shanghaikoak beste edozeinek baino handiagoa piztu du. Sepangekoaren (Malaysia) antza du (arkitekto berberek diseinatu dute), eta bere ezaugarri guztien artetik bigarren zuzengunea nabarmentzen da. 1.175 metro ditu (txapelketako luzeena da) eta motoak 350 km/h-ko abiaduratik gertu ibiliko dira.Bihurria izango da oso zuzengune hori gidarientzat. Aurreko bihurgunetik motoa 190 km/h-ra aterako dute, eta kilometro luze batean orain arte moto lasterketa batean inork hartu ez duen abiadura hartu ahal izango dute. Izugarriena ez da izango, ordea, gidariak babesik gabe moto gainean 350 km/h-an ikustea, baizik eta zuzengunearen azken 200 metroetan abiadura nola jaisten duen ikustea. Tarte horretan seigarren abiaduratik lehenengora igaro beharko dute, eta abiadura 300 km/h jaitsi. Zuzengunearen ondorengo bihurgunea oso itxia da, lehen abiaduran eta 50 km/h-an hartu beharrekoa.Zuzengune luze horretan (amaiezina dela esan zuten atzo gidariek entrenatu ondoren), kolokan egongo da Loris Capirossik (Ducati) iaz ezarri zuen abiadura marka. Denboraldi-aurrean, Bartzelonako entrenamenduetan, 348 km/h-an jarri zuen Desmosedici motoa. Abiaduraren ikuskizuna soilik euriak zapuztu dezake. Atzoko entrenamenduetan 125 cc.etako eta MotoGPko gidariak bustitako errepidean aritu ziren, eta gaurko eta biharko ekaitza dago iragarrita. Ugariak izan ziren atzo erorikoak eta pista irteerak. Edonola ere, asfaltoaren itsaspena bikaina omen da. Entrenamenduen ondoren, zirkuituak antzeko iritziak sortu ditu gidariengan: 1 Formularako egindako zirkuitua dela, bihurgune motelak dituela eta teknikoa dela. Aurretik zirkuituan entrenatu ezin izan dutenez (burokrazia arazoak egon omen dira), batzuk bideojoko batekin saiatu dira ibilbideari traza hartzen, sinesgarriak direlakoan. Ibilbidea alde batera utzita, gainerakoa oso ederra dela ere esan dute; 200.000 ikuslerentzako lekua du.Munduko Txapelketako sari nagusi bat jokatzen den 28. herrialdea izango da Txina. Azken bi zirkuitu berrietan, Hegoafrikakoan eta Qatarkoan, Sete Gibernauk irabazi zuen. Atzoko entrenamenduetan Rossiren aurretik geratu zen kataluniarra, italiarra laugarren izan baitzen.
MOTOZIKLISMOA. TXINAKO SARI NAGUSIA. Abiaduraren jostailua
Bihar goizean Txinako Sari Nagusia jokatuko da, Munduko Txapelketako zuzengune luzeena epaile
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu