Motzean, luzatzeko

Iñaki Goikoetxeak buruz buruko txapela 11. aldiz irabaz dezake gaur, Bilbon, Bizkaia pilotalekuan. Jean Olharan du aurkari finalean

ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
2016ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Berdin balio al du erreminta txapel batek pilotaleku motzean edo luzean? Zesta-puntan, aurten behintzat, bai, Iñaki Osa Goikoetxea-k (Zumaia, Gipuzkoa, 1980) eta Jean Olharanek (Paue, Okzitania, 1989) buruz buruko finala Bilboko Bizkaia pilotalekuan jokatuko baitute gaur (17:45). Munduko Pilota Batzarrak antolaturiko txapelketa da, eta, pilotaleku luzean beste bat jokatuko ez denez, hau da txapel ofiziala.

«Dena da zailagoa guretzat motzean», azaldu du Goikoetxeak. «Pilotaleku luzean badakizu nola jokatu, atzera jo, agindu, eta bukatu. Motzean, oso ezberdina da dena. Dena den, ez da aitzakia, biok jokatu behar dugu hor». Zenbatekoa da aldea? Hamabimetrotik gorakoa. Pilotaleku luzeek, erremintakoek, 50 metrotik gora dituzte; Bilbokoak, berriz, 38. Frontisa ere txikiagoa da. Halere, ohitura falta da traba handiena, profesionalek pilotaleku luzeetan jokatzen baitute ia beti.

«Dena aldatzen da», laburbildu du. «Frontisa ezberdina da, eta pilotak oso ezberdinak dira. Niri asko kostatzen zait piloteoan gozatzea». Puntistei ez zaie gustatu erabakia. Beste erreminta modalitate batzuetan, erremonte edo palan esaterako, pilotaleku luze eta motzek euren txapelketa propioak dituzte. Xisteran, baina, ez da luzean jokatuko. Kantxaren luzera ez da duela urte batzuetako txapelketekin alde bakarra. Orain dela ez askora arte, 30 tantoko partidak jokatzen ziren; egun, berriz, hamabi tantoko bi set irabazi behar dira.

Goikoetxea da faborito handia, zerbaitegatik jokatu du finala 11 aldiz, eta hamarretan jantzi txapela. Olharan, berriz, ezustekoa emanda iritsi da. Zumaiarra, halere, ez da harekin fio. «Asko arriskatzen du, eta ahal fisiko handikoa da. Eroso irabaz dezaket, edo galdu. Olharanekin edozer gauzak gerta daiteke». Biak dira aurrelariak, eta biak beste aurrelari batzuk kanporatuta sailkatu dira finalerako. Olharanek Egiguren II.a iazko txapeldunordeari irabazi zion finalerdietan (12-6 eta 12-9), eta Goikoetxeak Ormaetxeari (12-7 eta 12-11).

Olharanek buruz buruko lehen finala du; Goikoetxeak, berriz, hamabigarrena. Buruz buru ez du parekorik hark, ez kinieletan, ez partida luzetan. Final bakarra du galdua Goikoetxeak, Julen Bereikuaren aurka, 2004an. Gaur irabaziko balu, Julian Retegik esku-huska eta Koteto Ezkurrak erremontean dituzten buruz buruko txapel kopurua berdinduko luke. Palan, berriz, Oskar Insaustik ditu txapel gehien, zortzi, Pablo Fustok baino bat gehiago. Trinketean, Manu Martiarenak ditu buruz buruko txapel gehien, zortzi, Waltary Agustik baino bat gehiago.

Hamabi pilotari lau t'erdian

Lau t'erdiko txapelketak hamabi pilotari izango ditu aurten, Aspeko sei eta Asegarceko sei. Hala jakinarazi zuen atzo Euskadi Irratiak. Enpresek hamaseiko multzoa arazoak dituzte, eta, azken orduko aldaketarik ezean, kopurua murriztuko dute. Gauzak hala, litekeena da lehenbizi lau kanporaketa jokatzea, eta partida bakoitzeko irabazlea zerrendaburuekin batera ligaxkan sartzea. Txapelketa urrian hasiko da, eta azaroaren 27an bukatuko. Aurretik, dena den, sanmateoetako — bihar hasiko da— eta Soriako torneoak jokatu behar dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.