Mugarri izan daiteke

Mailari eusteko borrokan derbi garrantzitsua jokatuko dute gaur Alavesek eta Eibarrek, Gasteizen. Aldarte ezberdinez iritsiko dira

Mugarri izan daiteke.
Eñaut Agirrebengoa Aitor Manterola
2017ko azaroaren 25a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Futbolean ezinezkoa da emozionalki egonkorra izatea. Taldeen umorea gauetik goizera aldatzen da. Partida on bat aski da nahigabea poztasun bihurtzeko, eta, kontrara, bekoki alaiak ilundu egiten dira arratsalde txar baten ondotik. Azken jardunaldira itxaropentsu heldu zen Alaves, Espanyolen kontrako garaipenak akuilatuta, baina jota utzi zuen Getafen jasotako jipoiak. Mailari eusteko lehian aurkari zuzen baten kontra 4-0 galdu ondoren, kolokan dago De Biasi efektua. Eibarrek, berriz, arnasa hartu zuen joan den astelehenean, Ipuruan Betisi 5-0 irabazita. Atzean utzi zuen azkenaldiko identitate krisia, Jose Luis Mendilibarren ereduari gorazarre eginez lortu baitzuen garaipena.

Horiek horrela, Alaves eta Eibar nor baino nor gehiago arituko dira gaur Mendizorrotza futbol zelaian. Bi taldeak jaitsiera saihesteko borrokan bete-betean daude murgilduta, beraz, hiru puntu baino gehiago egongo dira jokoan zelaian. Derbia mugarri izan daiteke arabar nahiz gipuzkoarrentzat, litekeena baita gaurko emaitzak bi taldeen geroa baldintzatzea. Alavesek final bat balitz bezala heldu beharko dio norgehiagokari. Ezin du hutsik egin: bost puntura ditu salbazio postuak, eta Eibar bera da zulotik kanpo dagoen azken taldea. Hortaz, porrot batek hondoratu egingo luke.

Haatik, aurrerapauso handia emango luke irabaziz gero. Bizkarrekoa emango lioke Eibarri, eta bi puntura gerturatuko litzaioke. Behar du mahai gainean halako kolpe gogor bat ematea. Horretarako, errotik aldatu beharko du Getaferen aurka emandako itxura, defentsan batik bat. Ordura arte nahiko sendo zebiltzan arabarrak, eta gaur irmotasun hori berreskuratzea izango da garrantzitsuena.

Hala uste du, bederen, Gianni De Biasik: «Atea hutsean utziz gero, aukera asko izango dugu emaitza on bat lortzeko. Guk sartuko dugu golen bat. Hobeto eutsi behar dugu, eta baloia estutu». Alta, baliteke italiarrak bosteko defentsa albo batera uztea, eta 4-2-3-1 marrazkiaren alde egitea.

Konfiantza berreskuratuta

Eibarrek arnasa sakon hartu zuen aurreko astelehenean, Betisi astindua eman eta gero. Ez da egunero 5-0 irabazten, eta Mendilibarren taldeak ez du sasoi honetan astelehenekoa bezain partida biribilik egin orain arte. Horrek esan nahi du konfiantza berreskuratu duela taldeak emaitza eta joko on horri esker, eta aldarte egoki horretan zelairatuko dela gaurko derbira.

Olatu onaren gainean, sasoi honetan lortu gabea dena lortzen saiatuko da: bi garaipen elkarren segidan batzen. Jauzia emateko balioko lioke sailkapenean, eta aurkari zuzena duen Alaves zortzi puntura utziko luke. Hori lortzeko, normalena litzateke Betisen aurkako hamaikako bera ateratzea Mendilibarrek, eta hala egingo duela dirudi, baldin eta Gonzalo Escalantek astelehenean izandako min arinak osatuta badaude. Onik dauzkan hemeretzi jokalariak eta Imanol Sarriegi bigarren taldekoa eraman ditu Gasteizera entrenatzaile zaldibartarrak.

Mendilibarrek lo ez hartzeko eskatu die jokalariei: «Partida bat egin dugu ona, eta asko eman digu astelehenekoak, baina jokalariek ezin dute pentsatu dena eginda dagoenik», esan zuen atzo. Bestalde, ez zaio iruditzen gaurko derbiak final kutsua duenik: «Irabazten duenak arnasa hartuko du, baina ez da finala. Partida asko falta dira oraindik liga bukatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.