Mugarriz mugarri

Oscar Pistoriusek historia egin du, 4x400 metroko finalean ariko baita gaur Munduko Txapelketan

Erredakzioa
Donostia
2011ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Mugak, markak haustea da kirol lehiaketaren funtsa. Eta horixe ari da egiten Oscar Pistorius aspaldi: lehenbizi, paralinpiarrak ez ziren atletekin lehiatzea lortu zuen; gero, lehen aldiz sailkatu zen Munduko Txapelketa baterako; jarraian, lehen aldiz gainditu zuen kanporaketa bat; eta azkenik, atzo, beste mugarri bat ezarri zuen, lehen aldiz final baterako sailkatuta. 4x400 metroko proban lortu zuen, Hegoafrikako laukoteko kide gisa.

Pistoriusek, baina, handiagoa egin dezake gaur, finalean dominen bat irabaziz gero (14:15). Eta badu aukerarik hori lortzeko, finalerdietako denborarik onenen artean hirugarren geratu baitzen Hegoafrika, AEBen eta Jamaikaren atzetik, eta Erresuma Batua, Alemania, Belgika, Errusia eta Kenyaren aurretik.

Pistoriusek lehen testigua eraman zuen, Nazioarteko Atletismo Federazioak (IAAF) hori egitera behartu baitu Hegoafrikako taldea, «arriskuak saiheste aldera». 4x400 metroko probari hasiera ematen dioten atletek euren kaletik egiten dute bide osoa, baina bigarren txandakariek kaleko marretatik oso gertu egin dezakete korrika, bihurguneetan denbora irabazteko. Hori egitean aukera dago bi atletek elkarrengandik oso gertu korritzeko, eta IAAFen arabera, Pistoriusek bere hanketan dituen karbonozko protesiak arriskutsuak izan daitezke egoera horretan. Horregatik egin zuen lehen txandakakoa atzo, eta horregatik ere egingo du gauza bera gaur finalean.

Kenya eta AEBen eguna

Pistoriusen balentriak bazter batean utzi zuen pixka bat eguneko finaletan gertatutakoa. Halere, egon zen zer nabarmendu. Batetik, Kenyak iritsezin segitzen duela iraupeneko probetan. Atzo laugarren urrezko domina irabazi zuen. Ezekiel Kemboik eskuratu zuen 3.000 metro hesidunean, orain bi urte Berlinen egin bezala. Brimin Kipruto herrikidea izan zuen Kemboik atzetik. Hirugarren sailkatua, berriz, Mahiedine Mekhissi-Benabbad frantziarra izan zen. Atzo lortutako bi dominekin, Kenyak hamar ditu jada: urrezko lau, eta zilarrezko eta brontzezko hiruna. Hirugarren da dominen sailkapenean, AEBen (hamabi domina, zazpi urrezkoak) eta Errusiaren atzetik (hamabi domina, lau urrezkoak).

AEBek ere uzta bikaina jaso zuten atzo, hiru urre, hain zuzen ere,Jesse Williamsek gorako jauzian, Jennifer Barringer-Simpsonek 1.500 metrokoan eta Lashinda Demusek 400 metro hesidunean lortutakoak. Hiru garaipen horiek asko dute historikotik: Barringer-Simpsonek 31 urte geroago eman zien urrea AEBei, Williamsek hogei geroago, eta Demusek hamasei geroago.

Jauzi hirukoitzean eta gizonezkoen 400 metro hesidunean, berriz, ezusteko irabazleak egon ziren, ez Olha Saladuha ukrainarra, ez David Green britainiarra ez baitzeuden faborito nagusien artean.

4x400 metroko finalerdiez gain, beste bost final jokatuko dituzte gaur: gizonezkoetan, pisu jaurtiketa eta luzerako jauzia; eta emakumezkoetan, xabalina jaurtiketa, 5.000 metrokoa eta 200 metrokoa. Aipatzekoa, 5.000 metrokoan Vivian Cheruiyotek bigarren urrea irabaz dezakeela Daegun, 10.000 metrokoan bera nagusitu baitzen.Bihar, 01:00etan Mikel Odriozolaren txanda izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.