Mugelloko zirkuitua berea du Rossik

Italiako Sari Nagusia jokatuko da bihar, eta txapelduna nagusi dela erakusten hasi da etxean

jon ordonez garmendia
2006ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Atzoko entrenamendu libreak egin aurretik ere jakina zen Mugello Valentino Rossiren (Yamaha) zirkuitua dela. Denboraldi hau ez da aurrekoak bezalakoa izaten ari txapeldunarentzat, eta bere kirol ibilbideko une zailenetako bat pasatzen ari da. Ez dago lehen hiru postuetatik kanpo egotera ohituta. Zortzigarren postuan dago, liderrarengandik 43 puntura, eta dagoeneko ez dauka hutsegite gehiago egiteko aukerarik. Ezin izan ditu azken bi probak amaitu, eta puntuak gehitzen hasi behar du. 1 Formulan aritzeko ametsa horretan geratu zaio, amets batean, eta Yamaharekin kontratua 2007ra arte luzatu badu, zerbaitegatik luzatu duela erakusten hasi behar du.

Horregatik guztiagatik, Italiako Sari Nagusia une ezin hobean iritsi zaio Rossiri: bihar da. Atzokoak entrenamendu libreak baziren ere, aise nagusitu zen Mugelloko zirkuituan gidariek egin zituzten bi saioetan. Berea du zirkuitua. Azken lau denboraldietan berak irabazi du proba motoziklismo maila nagusian, eta Munduko Txapelketa korritzen hasi zenetik, sei garaipen lortu ditu guztira.



EGURALDI KASKARRA. Euria izan daiteke bihar Rossiren abantaila nagusia. Zirkuitua oso azkarra da, eta dena eman behar izaten dute gidariek. Gustura egiten dute, gainera; gozatzeko moduko zirkuitua dute Mugello. Baina errepidea bustita badago, arriskutsua izan daiteke, eta horrek mesede egin diezaioke Rossiri. Zuzengune nagusiaren ondorengo lehen bihurgunea itxia da.Nicky Hayden (Honda) liderrak atzo, horregatik, nahiago izan zuen indarra gaurko gorde.Baita Dani Pedrosa taldekideak ere.

Rossi ez da, ordea, atzean geratuko. Inork baino hobeto ezagutzen ditu Mugellok dituen zirrikituak, non azkartu abiadura eta noiz eragin balaztei, eta Loris Capirossirekin (Ducati) lehiatu beharko du irabazteko. Italiako jarraitzaileen babesa izango dute. Bi horiekin batera Sete Gibernau (Ducati) izan zen atzo lehen hiru postuetan. Abiaduraren erresuman moto azkarrena dute Capirossik eta Gibernauk, eta Rossirekin batera beteranoa izateak Mugellon zenbaterako balio duen erakutsi beharko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.