Yulema Corres. Athleticeko jokalaria

«Multzo indartsua gara psikologikoki: gora egingo dugu»

Bi aldiz min hartuta egon ostean, «konfiantza eta erritmoa» berreskuratzen ari da Corres. Azken bi partidetan, hasieratik jokatu du. Taldean eskarmenturik handiena dutenetako bat da.

ATHLETIC.
ainara arratibel gascon
Lezama
2023ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Entrenamendua amaituta, ordu erdi falta zaie bazkaltzera joateko Athleticeko jokalariei. Eguzkiak bete-betean jotzen du Lezamako kafetegian. Eseri, eta patxadaz aztertu du taldearen egoera Yulema Corresek (Gasteiz, 1992). Atletico Madrilen kontra jokatuko dute igandean. «Haiek ere, espero ez zituzten puntuak galdu dituzte, eta ohi baino irregularrago ari dira. Hori aprobetxatu behar dugu», dio. Onartu du taldearen egoera ez dela nahiko luketen bezalakoa.

Urtea bi garaipenekin hasi zenuten, eta, Madrilen aurkakoari esker, Espainiako Kopako final-laurdenetarako sailkatu zineten. Azken lau partidak, ordea, galdu egin dituzue. Zer moduz zaudete?

Urteko lehen bi norgehiagokak irabazi arren, bagenekien neurketa gogorrak zetozela: Real Madril, Levante... Alhamaren kontrakoa irabazteko modukoa zela pentsatuko dute askok. Baina txapelketa aurrera joan ahala, gero eta zailagoa da partidak irabaztea, talde guztiok dugulako asko jokoan. Intentsitatean, erritmoan... antzematenda hori. Jaitsieran dauden taldeen artean, are gehiago. Talde oso arriskutsuak dira.

Bost puntura dituzue jaitsiera postuak. Puntu asko edo gutxi direla uste duzue?

Garai batean errazagoa zen azterketa hori egitea, taldeen arteko aldea handiagoa zelako. Baina, orain, parekotasuna handia da. Bi partida irabazi, eta salto handia egiten duzu gora sailkapenean; galduz gero, berriz, kontrakoa gertatzen da. Hori dela eta, ez diogu horri erreparatu behar. Hurrengo partidetan, ondo jokatzeaz gain, puntuak batzea izango da funtsezkoena.

Talde gaztea zarete. Baina esaten da esperientzia funtsezkoa dela halako egoeratan. Zer iritzi duzu zuk?

Ditugun jokalari gazteek sekulako kalitatea dute, eta agerian geratu da. Partidaz partida, gero eta gehiago erakusten ari dira, eta ziur nago horrek asko lagunduko digula. Eskarmentu handiagoa dugun jokalarioi dagokigu multzoari esperientzia ematea; adibidez, partidetako tarte zailak kudeatzeko orduan.

Taldea indartsu al dago psikologikoki?

Bai. Psikologikoki multzo indartsua dugu, eta gora egingo dugulako uste osoa dut. Gazteek zelaian erakutsitako ausardia, freskotasuna eta alaitasuna ekarri diote multzoari, eta horrek beti laguntzen du. Gainera, entrenatzaile multzoanpsikologo bat daukagu. Asko laguntzen digu.

Zuk nola daramazu? Nola lortzen duzu Lezamatik irtetean egoera alde batera uztea?

Gehien kostatzen dena da egoeraz ahaztu eta hurrengo egunean berriro Lezamara etortzea, hutsetik hasita. Baina denek egiten dugu. Egunero ikusten dira irribarreak aldagelan. Kezkak alde batera uzteko, musika jarrita ibiltzera joatea gustatzen zait, eta lagunekin eta etxekoekin egotea; baina, batez ere, irakurtzea.

Zer-nolako liburuak irakurtzen dituzu?

Orain, El cuarto mono trilogia irakurtzen ari naiz. Misteriozkoa da, eta batez ere halakoak irakurtzea gustatzen zait. Liburuetan murgildu, eta, orduan, dena ahazten dut.

Pixkanaka joan diren jokalariak kontuan hartuta, espero zitekeen halako denboraldi bat?

Agian, hau da askotan aipatu den trantsizio eta aldaketa denboraldi hori. Baina uste dut ez diogula horri erreparatu behar. Esan bezala, sekulako kalitatea duten gazteak ditugu, eta baikor izan behar dugu etorkizunari dagokionez.

Gazte horietako batzuek zure postuan jokatzen dute: Jone Amezagak eta Sara Ortegak,adibidez. Nola ikusten dituzu?

Haien jarrera nabarmenduko nuke. Oso langileak dira, eta oinak lurrean dituzte. Hori funtsezkoa da. Haiengandik asko ikasten dugu denbora gehiago daramagunok ere. Nik beti esaten dut asko ikasten dudala taldekide guztiengandik. Aurrelaria izanda, atezainarengandik ere ikasten dut. Adibidez, aginduak ematen. Baita jokatzen ez dutenengandik ere, egoera horiek kudeatzen ere ikasi behar baita, egokitzen zaizkizunerako.

Amezaga da denen ahotan dagoena? Zer indargune ikusten dizkiozu?

Abiadura, eta jaurtitzeko orduan dituen indarra eta ausardia.

Zer falta izan zaizue azken lau partida horietan gutxienez punturen bat batzeko?

Uste dut ez garela fin aritu jokaldiak amaitzeko orduan. Azken pase horretan asmatzea falta izan zaigu batez ere.

Zer aldatu behar duzue egoera iraultzeko?

Bi areetan eraginkorrago eta sendoago aritu behar dugu.

Lezaman irabaztea kostatzen zaizue. Zergatik?

Aurreko denboraldietan asko kostatu zitzaigun etxetik urrun puntuak batzea, eta, denboraldi honetan, hori aldatu nahi izan dugu. Beharbada hor arreta handia jarri dugu, eta ez ditugu egin etxean egiten genituen hainbat gauza.

Nola ikusten duzu Iraia Iturregi entrenatzailea?

Ondo. Iraia oso langilea da, eta mentalki indartsua. Jokalari moduan ere halakoa zen. Ez du sekula etsitzen, eta, egunerokoan ere, hori helarazten digu guri. Asko sinesten du egiten ari garen lanean.Gainera, ondo ezagutzen gaitu.

Osasunaren kontrako Espainiako Kopako kanporaketari begiratzen diozue?

Argi dago lehentasuna Ligan dela, are gehiago ikusita nola gauden. Baina Kopak ere ilusioa pizten digu. Bartzelona, Levante eta Reala, besteak beste, kanpoan daude jada, eta horrek asko zabaltzen ditu aukerak lauko finalean egoteko. Baina, Bigarren Mailan jokatu arren, Osasunak ez dizkigu gauzak erraz jarriko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.