Multzoa osatu gabe, Ligari ekingo diote

Alavesek eta Realak taldea ixteko dute oraindik, baina Ligako lehen partida jokatuko dute: Franciscoren estreinakoan, Realak kanpoan jokatuko du, Valentziaren aurka, eta gasteiztarrek Levante hartuko dute etxean.

Alaveseko jokalari batzuk, lehen entrenamenduan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Alaveseko jokalari batzuk, lehen entrenamenduan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2025eko abuztuaren 16a
05:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Taldea guztiz osatu gabe ekingo diote ligari Alavesek eta Realak. Bata zein bestea merkatuari begira ari dira, taldea osatzeko falta zaizkien piezen bila. Eduardo Coudet Cacho-ren taldea erdiko atzelari baten beharrean da, eta halaxe adierazi zuen herenegungo prentsaurrekoan argentinarrak: «Erdiko atzelari batek etorri behar du, baina baditugu jokalariak postu horretan joka dezaketenak». Sasoiaurrean Tenaglia eta Paredes erdilariak aritu dira atzeko lerroan jokatzen.

Realak, berriz, etorriko diren jokalariekin baino gehiago, joango direnekin du arazorik handiena. Oraingoz, Sadiq, Odriozola, Javi Lopez, Becquer eta Carlos Fernandez dortsalik gabe geratu dira, eta haien etorkizuna zehazteko dago. Talde txuri-urdinak atzo eman zuen dortsalen izen-ematearen berri, eta bi jokalarirentzat bakarrik dago tokia. Gainera, Sergio Francisco Realeko entrenatzaileak erdiko lerroa sendotu nahi du. Hala eskatu zuen Japoniako egonaldian.

Bulegoko lanak amaitzeko dituzten arren, baloia mugitzear da, eta ligari ekingo diote gaur. Gasteizko taldeak Mendizorrotzan hartuko du Levante; Donostiakoak, berriz, kanpoan jokatuko du Valentziaren aurka. Biek ere 21:30ean jokatuko dute.

«Erdiko atzelari batek etorri behar du, baina baditugu jokalariak postu horretan joka dezaketenak»

EDUARDO COUDET Alaveseko entrenatzailea

Eduardo Coudet Cacho argentinarraren taldeak gorabehera handiak izan ditu denboraldiaurrean. Jokatu dituen bost partidetatik bi irabazi ditu, beste bi galdu, eta bat berdindu. Emaitzez harago, hauxe da kezkagarriena: azken bi partidetan ez dute irabazi maila bat beherago dauden taldeen aurka, eta azken hiru partidetan ez dute golik sartu. Hutsean berdindu zuten gasteiztarrek Eibarren aurka, eta 0-1 galdu Huescaren kontra. Horren inguruan, Coudetek adierazi zuen denboraldiaurrean probak egiteko garaia dela, eta ez duela «kezka askorik», orain hasiko baita «benetako lehia».

Aurrean Alaves ez dago suziriak botatzeko moduan. Kike Garcia aurrelaria Espaynolera joan da, eta haren ordez, Mariano etorri da, azken denboraldian talderik gabe egon ostean. Real Madrileko jokalari ohiarekin batera, Toni Martinez da taldeko aurrelari bakarra. Panichelli izan zitekeen fitxaketa ona, Mirandesen utzita jokatu baitzuen joan den denboraldian, baina Estrasgurbora joan da.

Marianoz gain, Alavesek beste zazpi jokalari fitxatu ditu: Carlos Aleña —aurreko sasoian utzita aritu zen Alavesen—, Pablo Ibañez eta Calebe erdilariak, Jonny Otto ezker hegaleko atzelaria, Yusi Enriquez ezker hegaleko atzelaria, Raul Fernandez atezaina eta Gustavo Albarracin erdilaria. Argentinako jokalari gaztea izan da azken fitxaketa. Printzipioz bigarren talderako etorri da, baina lehen taldearekin entrenatuko da. Aurreko lerroa ez ezik, atzekoa ere sendotu beharrean da Arabako taldea, Mouriño eta Aqbar jokalariek utzitako hutsunea betetzeko —Atletico Madrilera joan da Mouriño, eta Getafera Aqbar—. 

«Aurkariaren areatik gertu egon gara lagunartekoetan. Beraz, hori da garrantzitsuena, gola gertu edukitzea»

SERGIO FRANCISCO Realeko entrenatzailea

Partidaren inguruan, Levante aurkari zuzena da gasteiztarrentzat, joan den denboraldian lortu baitzuten igotzea. Aurkariaren inguruan, Coudetek esan zuen kontraerasoan abilak direla, eta baloia edukitzen saiatuko direla: «Badakizue nire taldeek erritmo bizian jokatzen dutela, eta eztabaidaezina dela aurkaria estu hartzea». Partidaren inguruan, Levante aurkari zuzena da gasteiztarrentzat, joan den denboraldian lortu baitzuten igotzea. Moussa Diarra deialdian sartu da azkenean; Hugo Novoa, aldiz, ez, astean zehar arazoak izan ditu eta.

Gorrotxategi, deialditik kanpo

Ibaian joan-etorri asko egon diren bezala, Zubietan ez da mugimendu askorik egon etorri diren jokalariei dagokienez. Gonçalo Guedes aurrelaria Wolwes taldetik etorri da hiru denboraldirako, eta Caleta Car erdiko atzelaria Olympique Lyon taldetik utzita etorri da, Aguerden lekua hartzera. Portugaldarra ezker hegalean hobeto moldatzen den arren, aurreko edozein postutan joka dezake. Talde txuri-urdinak erdiko lerroan sumatuko du hutsunerik handiena, Zubimendi gabe. Urko Gonzalez de Zarate, Turrientes eta Gorrotxategi harrobiko jokalariak daude postu horren borrokan. Denboraldiaurrean haztegiko erdilari eibartarrak egin du distirarik handiena, baina gaur ez da Valentzian arituko; orkatilan dituen arazoak tarteko, Franciscok ez du deialdian sartu. Bai, ordea, Caleta Car eta Guedes etorri berriak.

Erdilariak badauden arren, entrenatzaile irundarrak jokalari «bizi» bat nahi du postu horretarako, baina, ikusita herenegun Jokin Aperribai Realeko presidenteak zer adierazi zuen babesle nagusia aurkezteko prentsaurrekoan, badirudi oraingoz klubarentzat ez dela premiazkoa erdilari bat ekartzea, nahiz eta aukera dagoen horretarako. Realak atzo eman zuen dortsalen zerrendaren berri, eta, zalantzak zeuden arren, Karrikaburu eta Traore barruan dira azkenerako. Bestalde, aste honetan jakinarazi du klubak Mikel Goti erdilaria lehen taldeko jokalaria izango dela.

Aurretik Franciscok ez du batere lan makala, zaila izango baita Imanol Alguacilek utzitako arrastoa ezabatzea. Oriotarrarekin Europan aritu da talde txuri-urdina azken bost denboraldietan. Datorren honetan, baina, Realak arreta osoa ligan izango du, ez baitu Europan jokatuko. Denboraldiaurrean hiru partida irabazi dituzte donostiarrek, beste hainbeste berdindu, eta bakarra galdu. Albisterik onena da Oskarsson izan dela taldeko golegile nagusia, hiru gol sartu baititu. Denboraldiari begira, Franciscok adierazi du estreinatzeko «gogoz» dagoela, eta «konfiantza osoa» duela taldearengan: «Aurkariaren areatik gertu egon gara lagunartekoetan. Beraz, hori da garrantzitsuena, gola gertu edukitzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.