Igeriketa

Mundakatik Lapurdiko Getariaraino igerian: Txomin Datxariren azken erronka

Igerilari getariarrak 87 kilometroko igerialdia hasiko du bihar 14:00etan, 30 ordu geroago jaioterrira heltzeko asmoz.

Txomin Datxari, muturreko igerilaria. BERRIA
Edu Lartzanguren.
2023ko irailaren 12a
19:39
Entzun

Txomin Datxari suhiltzaile boluntarioa da, eta muturreko igerilaria. Bere burua ataka latzean jartzeko ohitura du, eta gaur bertan hasiko du hurrengo erronka: Mundakatik (Bizkaia) Getariara (Lapurdi) igerian egiteko asmoa du. 87 kilometroko igerialdia 30 orduan osatzea espero du.

Sare sozialetan eman du erronkaren berri. Maiatzean min hartu zuen, eta horrek sasoiaren zati handi bat zapuztu diola azaldu du, baina helburu argia duela orain buruan: «Historia txikia idaztea Getariako bidean».

Iragarri duenez, bihar, asteazkenean, atera nahi du Mundakatik, 14:00etan. Ostegunean da iristekoa, 20:00 aldera.

Getariakoa da Datxari, eta, azaldu duenez, «surfaren ikur» diren bi leku lotu nahi izan ditu erronkarekin.

Mundakako itsasbazterrari jarraituko dio hasieran, eta gero lerro zuzen bati jarraitzen saiatuko da, lehorretik 12 kilometroko tartean.

Segurtasun neurriak edukiko ditu, halere. Talde batek lagunduko du erronkan, eta laguntzaileok eramango dizkiote edatekoak eta jatekoak. Haien ontziaren atzeari loturiko ohol batek zabalduko dio bidea igerilariari, eta horretan argi bat jarriko diote, gauean ikus dezan, eta loak har ez dezan.

120 km, Suitzan

Suhiltzaile profesional bihurtzeko azterketak prestatzen dituen bitartean, lehen ere egin ditu halako balentriak. 2020ko irailaren 10ean, Donostiatik Capbretonerako (Okzitania) tartea egin zuen: 65 kilometro, 20 ordu eta 27 minutuan.

Handiagoa egin zuen 2021eko ekainaren 9an eta 10ean: Suitzako Leman lakuan 120 kilometro egin zituen igeri, 38 orduz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.