Protestak protesta, iritsi da. Gaur iluntzean hasiko da Brasilen Munduko Kopa, eta, ziur aski, bigarren mailan utziko du azken egunetan Brasilen, futbolaren lurraldean, izandako tirabirak. Protestek hartu dute protagonismoa txapelketaren atarian, baina baloia bueltaka hastean, futbolak ostuko die protagonismoa gizarte aldarrikapenei.
22:00etan ekingo diote Brasilek eta Kroaziak Munduko Kopari. Etxean, bost aldiz txapeldun... Canarinha da faborito seigarren aldiz irabazteko, eta arantza ere ateratzeke du 1950az geroztik; hain justu, Uruguaik Rion, finalean, 2-1 irabazi zionetik. Aurrean izango du Kroazia; 1998an balentria egin zutenetik —hirugarren izan ziren Frantzian— ez dute emaitza txukunik lortu munduko kopetan, baina Brasilera eraman duen taldeak sorpresa ugari eman ditzake, Rakitic eta Modric buru dituela.
Uztailaren 13an jokatuko dute finala. Bide horretan, faboritoen multzoan izango dira, adibidez, Argentina edo Espainia. Hain justu, 2010eko txapeldunak eta Holandak —txapeldunordeak— bihar ariko dira aurrez aurre. Finean, izarrak dituzten taldeek zeresana ematea espero da; Ronaldoren Portugalek, Luis Suarezen Uruguaik edota Messiren Argentinak, besteak beste. Hainbat izar, ordea, ez dira zelaian izango; lesioak, deialdiak eta selekzioak sailkatu ez izana medio, Ibrahimovic, Bale, Vela edo Falcao falta dira, adibidez.
Kalean, protestaka
Rioko aireportuan eta hainbat hiritako autobus zerbitzuetan greba egiten ari direla hasiko da txapelketa. Hala ere, Sao Pauloko metroko langileek lan etenaldia bertan behera utzi dute gaurko egunez. Bertan, bost egunez izan dira greban.
Txapelketa antolatzeko eta estadio berriak eraikitzeko Brasilgo Gobernuak erabilitako dirua polemika iturri izan da herrialdean. "Herrialdean dena dago hobetzeko: mugikortasuna, azpiegiturak, osasuna, hezkuntza sistema eta segurtasuna, esaterako", azaldu zion BERRIAri Ana Paula Conceiçao gazteak.